Zein aurpegi jarri zenuen “Bai Euskarari Saria zuena da” entzun zenuenean? Espero zenuten?
Sorpresa, poza eta ardura nahasten dituen aurpegi bat. Sorpresa, ez genuelako inondik-inora espero; askotan pentsatu ohi dugu horrelako sariak enpresa handientzat izaten direla. Poza, sariak jasotzea beti delako pozgarria; eta ardura, alde batetik, enpresa txiki bat izanik, hainbeste entitateren artean aukeratuak izateak esan nahi duenarengatik, eta beste alde batetik, enpresa barruan euskararekiko konpromisoa hartzeak bere lana eta ahalegina behar dituelako.
FIDESLAN. Enpresa arloko aholkularitza familiarra?
Familia-enpresa txikia da gurea, enpresei eta autonomoei aholkularitza osoa ematen diena: hainbat arlotako aholkularitza (lan harremanetakoa, fiskala eta kontabilitatea), finantza eta kudeaketa estrategikoko kontsultoria eta aholkularitza juridikoa eta merkantila ere. 1999an hasi ginen Donostiako bulegoan eta hiru urte beranduago, Ondarroako bulegoa zabaldu genuen.
Enpresa-kudeaketan esperientzia zabaleko profesionalak zarete. Izenak dioen bezala: fidagarriak eta langileak.
Gure bezeroenganako orientazioa daukagu. Ahal dugun heinean haien emaitzak hobetzen saiatzen gara. Fideslatinetik datorren hitz bat da eta konfiantza, fedea, fidagarritasuna esan nahi du. Gure izenak dioen bezela, bezeroarentzat fidagarriak izateko lan egiten dugu.
Krisia izan da Euskal Herriko entitate askoren amesgaiztoa. Aholkulari gisa, kasu asko eta asko entzun eta bideratu behar izan dituzue.
Gure bezero gehienak autonomoak eta enpresa txiki zein ertainak dira. Krisiaren garai gogorrenetan askok kolokan ikusi zuten haien biziraupena eta kezka nagusia gastua murriztea izan zen. Enpresen kasuan, garairik emankorrenetan ere, kaudimen sendoa izateko ardura hartu dutenak izan dira egoera txarrenetan irauteko gaitasuna izan edo krisia hobeto jasan dutenak. Krisi garaian aholkuak emateko tarte txikia dago. Diru-sarrera berriak bilatzea, gastuak murriztea eta bezeroen kudeaketa egokia egitea izan dira gure gomendioak.
Enpresa handiak,enpresa txiki eta ertainak, ekintzaileak. Zein da Euskal Herrian behar dugun eredua?
Euskal Herrian enpresa txikiek eta ertainek betidanik izan dute indar eta pisu handia. Atzerrira esportatzen duen industria sendo bat behar dugu eta arlo teknologikoan berritzaileak izan behar dugu. Horretarako, beharrezkoak dira hezkuntza eta formazio sistema egokia edukitzea eta ikerketa, garapena eta berrikuntza indartzea.
“Gure nahia da, ahal dugun neurrian, lan munduan euskara indartzen joatea eta egunerokotasunean hizkuntza erabiltzea”.
Euskara txertatu. Zertarako?
Zertarako galderari erantzun aurretik, zergatik galderari erantzungo nioke. Gu euskaldunak gara, euskaraz bizi gara, euskaraz ikasi dugu. Unibertsitatetik lan mundura jauzi egin genuenean, egokitu behar izan genuen. Gure nahia da, ahal dugun neurrian, lan munduan euskara indartzen joatea eta egunerokotasunean hizkuntza erabileran normaltasun batera gerturatzea. Eta zertarako? Fideslanen bi bulego dauzkagu, bata Donostian eta, bestea, Ondarroan. Biak gune linguistiko euskaldunak dira eta nahi duenari zerbitzuak euskaraz jasotzeko aukera eskaintzen diogu.
Euskalduntze prozesua hasi gabe duten horiei, zer esango zeniekete?
Aholkularitza sektorean gaztelania erabili izan da betidanik eta askok uste dute oso zaila dela egoera horri buelta ematea. Beste alor guztietan bezala, aldaketak pixkanaka gertatzen dira eta euskararekiko sentsibilitatea dugun guztiok ekarpena egin dezakegu. Zenbat eta gehiago izan, euskara gertuago izango dugu lan munduan eta bizitzako alor guztietan; eta era normalizatu batean erabiltzeko aukera gehiago izango dugu.
“Zenbat eta gehiago izan, are gertuago edukiko dugu euskara lan munduan eta bizitzako alor guztietan”.
2012an Bai Euskarari ziurtagiria lortu zuen FIDESLAN-ek. Zergatik erabaki zenuten ziurtagiria eskuratzea?
Lehenik eta behin, gure sektorean ere posible dela erakusteko; bestalde, Bai Euskararik euskara lan munduan txertatzeko duen esperientzia eta ezagutzaren abantailak gureganatzeko; eta, azkenik, zerbitzua euskaraz jaso nahi duten enpresentzako erakusleiho bat edukitzeko.
Nola deskribatuko zenuke Bai Euskarari komunitatearen parte izatea?
Eskaintzen duen abantaila nagusia da euskararekiko ardura dugun enpresa guztion arteko harremanak bideratzea eta erraztea. Lan munduan eduki ditzakegun behar guztiak euskaraz asetzen dituzten enpresak denontzako eskuragarri jartzen ditu Bai Euskarari Elkarteak.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin