Bai Euskarari Elkarteak Enpresarean proiektua sortzeko lehendabiziko urratsa egin zuen 2010ean. Proiektu esperimentala da, euskaraz lan egiten duten edo-eta produktuak zein zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresak eta profesionalen sarea ehuntzeko, ikustarazteko eta hauen arteko lankidetza sustatzeko helburuekin sortua. Enpresarean alor sozioekonomikoan euskaraz normaltasunez aritzeko baliabide bat da, enpresei eta profesionalei proiektuak ezagutzera emateko bidea eskaintzen diena, solasaldirako, eztabaidatzeko eta elkarlana sustatzeko espazio bat partekatzeko aukera errazten diena, enpresen eta profesionalen interesekoak diren gaiak jorratu nahi dituena eta tresna eta bitarteko berriak lantzen eta sortzen lagundu nahi duena. Euskarak balioa ematen dio lurralde honetako alor sozioekonomikoari eta horregatik, euskaraz eta euskaratik ekarpena egin nahi dugu.
Enpresarean Azokaren laugarren edizio honetan, hainbat solasaldi, erakustaldi eta mahai-inguru antolatu dira, enpresa eta profesionalen arteko elkarlana sustatu eta esperientziak trukatzeko. Industria 4.0, industria iraultza berria, digitalizazioa, transformazio digitala eta lanaren automatizazioa dira, besteak beste, zuzenean edo zeharka eragiten diguten hito esanguratsu batzuk. Etorkizunerako joera globalak ere aurreikusten ari dira: errobotizazioa, hilezkortasuna, bloke-kateak, gauzen eta pertsonen Internet, bizitza osorako lanposturik eza...
Enpresa, ekonomia eta lanaren etorkizuna galderez beterik dator, aukera eta mehatxuekin, iritzi eta proposamen oso ezberdinekin, eta horiei erantzuteko saiakera izango da Enpresarean azokaren laugarren edizioa. Transformazioa errealitate bat da, onartuta dago, baina erronkari aurre egiteko ikuspegien arteko talka dago. Nolakoa izango da etorkizuneko gizartea? Lehiakortasunak gizartearen ongizatean eragingo al du? Zer gertatuko da sistema sozioekonomikoarekin eta horren bitartekariekin? Nolakoa izango da komunitatea eta administrazio publikoaren arteko harremana? Botere harremanak aldatuko dira? Eragina izango du errobotizazio-prozesuak lanpostuetan? Zeintzuk dira automatizazioaren eragina gehien jasango duten profil profesionalak? Zein lan aukera ekarriko ditu eraldaketa teknologikoak? Nolako lanpostuak izango ditugu? Askatasuna eta segurtasuna uztartzeko gai izango gara?...
Pertsonez, digitalizazioaz eta transformazioaren etorkizuneko erronkaz arituko gara urriaren 25ean, Orona-Ideon. Elkarrekin, konektaturik, eragiteko aukera berriekin.
Etorriko zara? www.enpresarean.eus webgunean aurkituko duzu jardunaldiari buruzko informazioa, egitaraua, parte-hartzaile guztiak eta izen emateko formularioa.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin