Iturria: DV - Nerea Azurmendi / Argazkia: AYGÜÉS
Lan munduaren euskalduntzean eragiteko sortu zen 2007an Bai Euskarari Elkartea. Hasieran, izen bereko ziurtagiriaren proiektua indartzea izan zuen xede. Denborarekin, Enpresarean edo Lansarean bezalako egitasmoei esker, euskaraz lan egiten duten edo lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen elkargune bilakatu da. Behatoki aparta du hortaz Rober Gutiérrez Elkarteko zuzendariak euskarak alor soziekonomikoan zenbat, eta nola, aurreratu duen ikusteko.
Enpresarean Azokaren laugarren edizioa egin da oraindik orain, profesional eta enpresei etorkizuneko erronkei buruz hitz egiteko aukera eskainiz. Euskara izan zen saioko hizkuntza, baina ez hizpide.
Horixe izan da, hain zuzen, Bai Euskarari Elkarteak Foru Aldundiarekin batera antolatu duen Azokaren xedea. Aurreko hiru edizioena ere bai. Enpresarean Azokaren egiteko nagusia parte-hartzaileei kezkak, ekarpenak eta egitasmoak partekatzeko bidea ematea da, eta hori euskaraz egin ahal izatea, normaltasunez. Euskaraz eta euskaratik egiten dira ekarpenak, baina gaiek ez dute zerikusi zuzenik euskararekin. Parte-hartzaile gehienen maila eta agenda ikusita, ez dute izena ematen saioak euskaraz egiten direlako, hizlariak, edukiak eta solaskideak interesgarriak iruditzen zaizkielako baizik.
«Historiak erakutsi du kanpainak ez direla nahikoa enpresak mugitzen hasteko»
«Euskaraldia bezalako dinamika bat alor sozioekonomikora eramatea ez da erraza»
Azokaren aurreneko edizioa 2012 urtean egin zen. Igarri duzue aldaketarik harrezkeroztik?
Bai, jakina, edizio batetik bestera joan gara aldaketak antzematen. Gero eta errazagoa da aukeratutako gaiei buruz ariko diren maila handiko hizlari euskaldunak aurkitzea, jendea erakartzea... Euskararen mundutik gertu ez zeuden profesionalak ere joan dira hurbiltzen. Hasieran, harridura ere eragiten zuen ohikoak ez ziren profilak ikusteak... Dena den, nik esango nuke 2016ko ediziotik aurrera egin dela jauzi handia.
Izan daiteke enpresetan ere hasi delako nabaritzen euskaraz hezitako belaunaldiaren eragina?
Tamalez, alor horretan ari gara ikusten, beste batzuetan bezala, eskola ez dela nahikoa gizartea euskalduntzeko. Hezkuntzan ahalegin izugarria egin da, baina puntu batetik aurrera eten egiten da ikaslearen euskarazko ibilbidea. Hori oso argia da, esate baterako, Lanbide Heziketan, edo praktikak egin behar dituztenean. Hezkuntzan egin den inbertsio itzelari etekina ateratzeko, zubi gehiago behar dira irakaskuntzaren eta lan munduaren artean.
Lan mundua, bere aldetik, ari zaio egokitzen gizartea euskara biziberritzeko egiten ari den esfortzuari?
Alor guztietan bezala, sozioekonomikoan ere aldatu dira gauzak, baina mundu horretan errealitate oso desberdinak daude, eta enpresen jarrera eta motibazioak ere diferenteak dira euskarari dagokionez. Guk oso argi daukagu, dena den, kasurik gehienetan gai bakarra, edo gai nagusia, ez dela euskararena. Enpresaren batzuk, nagusiki merkataritzakoak, bezeroen ohitura eta eskakizunetara egokitzen dira. Ikusten badute bezeroak euskaraz edo frantsesez joaten zaizkiela, moldatuko dira horretara. Gero badaude beste enpresa handi batzuk, enpresa industrialak, gurean ugariak eta oso garrantzitsuak direnak, atzerrira begira ez ezik atzerrian ere lan egiten dutenak. Horien motibazioak oso bestelakoak dira, baina guztiz barneratuta dute hizkuntzak ere kudeatu egin behar direla. Bat baino gehiago kudeatu behar izaten dute, gainera, eta oso argi daukate horren garrantzia. Enpresa guztiek egin beharko lukete hori, ongi eginez gero onurak bueltan etortzen zaizkielako.
Nola?
Lehiakorra izan nahi duen enpresak hizkuntza aniztasunari ere erantzun behar dio, hori delako gaurko errealitatea. Bezeroak aipatu ditugu, baina langileei ere aukera eman behar zaie euskaraz lan egiteko, euskaraz aritzeko euren lan-prozedura eta zirkuituetan. Frogatuta dago horrek langileen asebetzean eta ongizatean eragiten duela, eta, zuzenean edo zeharka, produktibitatean ere bai.
Enpresa gehiagok bide horretan urratsak egin ditzaten, lagungarriak gerta daitezke euskararen inguruko giro sozial berria eta Euskaraldia bezalako aktibazio dinamikak?
Giroak laguntzen du, baina ez da nahikoa. Lehendik ere egin izan dira kanpaina erraldoiak -Bai Euskarari kanpaina, esaterako- norbanakoak aktibatze aldera eta euskaren aldeko mezuak zabaltzeari begira, eta ikusi dugu horregatik bakarrik enpresak ez direla mugitu. Baten batzuk mugituko ziren, baina ez da orokorra, ez dira joaten aholkularitza enpresetara edo administrazioetara galdetzera ea zer behar den euskararen inguruan urratsak emateko.
Zerk mugiarazi ditzake, zure ustez? Laguntzak handitzeak?
Galdetzen badidazu, esango dizut handitu egin beharko liratekela laguntzak, baina dena ezin da utzi administrazioek egiten dutenaren eta ematen dituzten laguntzen menpe. Enpresak ikusi behar du onurak etorriko zaizkiola hortik, eta baduela bere erantzukizuna, egin behar dituela bere lanak, bere inbertsioak... Alor sozioekonomikoan aktore asko daude, eta gakoa da jostea administrazioen, enpresen, kontsumitzaileen, sindikatuen, euskalgintzaren, enpresa eta kooperatiba elkarteen ahalegina; ikustea, mahai baten bueltan, zer egingo duen bakoitzak bere eremuan euskara sustatzeko alor sozioekonomikoan.
Hala ere, aurreikusten diozu nolabaiteko eragina Euskaraldiari eremu horretan?
Aurtengo Euskaraldiak norbanakoen aktibazioa duenez helburu, maila pertsonalean izango du eragina, baina horrelako dinamika bat alor sozioekonomikora eramatea ez da erraza, ahozkotasunaz haragoko prozesu konplexu asko hartu behar direlako kontuan.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin