Inteligentzia artifiziala, pertsonak, lehiakortasuna. Nola dator etorkizuna?

Euskal profesionalek erronka berriak irudikatu dituzte

Enpresareanazoka.jpg

Pertsonak eta horien ongizatea izan ziren protagonistak urrian ospaturiko Enpresarean Azokan, digitalizazioa eta transformazioaren etorkizuneko erronkaren aurrean. Bai Euskarari Elkarteak solasaldirako eta elkarlanerako bilgunea eskaini zien profesionalei eta enpresei, euskaraz, Enpresarean Azokaren laugarren edizioan; gaur egungo paradigma aztertzeko, askotariko iritziak partekatzeko eta etorkizunera begira jartzeko aukera izan zuten goi mailako adituek, euskaratik eta euskaraz.

Lehiakortasuna, teknologia, pertsonak, eraldaketa digitala, lana eta talentua. Erronkez, kezkez eta aukeraz beteriko etorkizuna irudikatu zuten, elkarrekin, eskarmentu handiko enpresen ordezkariek eta etorkizunetik datozen ekintzaileek; administrazioko ordezkariak ere bertan izan ziren, euskal profesionalen ondoan, etorkizun sozioekonomikoan elkar eragiteko asmoz.

Hona hemen Enpresarean Azokako bideo-laburpena:

Profesional euskaldunek erronka berriak eta etorkizuna irudikatu zituzten Enpresarean Azokan. Gainera, hausnarketan eta ekitaldian egindako ekarpenetan sakontzeko helburuarekin, parte-hartzaileekin hitz egiteko aukera izan genuen. Hona hemen profesional bakoitzaren saioa eta Enpresarean bidez egindako elkarrizketa.

GORKA JULIO - “Zerbait gertatuko da”

Teknologiaren horizonteak deskubritu nahian, etorkizunari begira jarri gara Talaios kooperatibako Gorka Juliorekin. Gure ezustekorako, gizarte haustura bat egongo dela iragarri digu, baina ez digu informazio gehiagorik eman. Biharkoak baino gehiago, gaurko herriaren ongizateak kezkatzen du eta elkarrizketa esaldi “ziberpunk” batekin abiatu du: “Etorkizuna orain da, baina ez dago ongi banatua”.

MARI JOSE ARANGUREN - "Lehiatzen ez den lehiakortasuna: gure gaitasuna"

Ikerketaren esparrua goitik behera ezagutzen du Mari Jose Arangurenek, Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren zuzendariak. Deustuko Unibertsitatean dute egoitza, lurraldearen lehiakortasunera eta garapenera bideraturiko ikerketa eraldatzaileen fabrika berezia.

Ana Isabel Vitórica - IKANOS, enpresen digitalizaziorako aukera

“Informazioaz eta komunikazioaz elikatzen bagara, handiago egingo gara, profesional, erakunde eta gizarte gisa”. Ideia finko horrekin atera gara Ana Isabel Vitóricarekin egon ondoren, Eusko Jaurlaritzaren barruan informazioaren gizartearen estrategia marrazten diharduen ekonomialariarekin. Agenda Digitalaren koordinatzailea da eta IKANOS egitasmoa aurkeztu digu.

Ibon Zugasti - “Inteligentzia artifiziala gizakiarenaren mailara iritsiko da”

Nolakoa izango da 2050ean Euskal Herria? Nolakoak izango dira Europa eta mundua? Makinek euren kabuz erabakiak hartzeko gaitasuna izango ote dute? Nolakoa izango da lana eta zenbat garatuko da teknologia? Inteligentzia artifizialak aginduko du? Milenium proiektua galdera horiei guztiei erantzunak eman nahian ari da 1996 urteaz geroztik, eta proiektu horretan ari da lanean Ibon Zugasti donostiarra. Analista eta aditua da Ibon, eta arlo horretan Euskal Herrian ezagutza gehien duenetarikoa.

Iñigo Larrea - “Proiektu ezberdina eta autentikoa eskaini dezakegu”

Talentua kooperatibetara erakartzea dute helburuetako bat MONDRAGON Taldean eta horretan dihardu Iñigo Larreak.  Talentua erakartzeko dituzten estrategiak eta langile profil berriek dituzten beharrak eta eskakizunak definitu dizkigu Larreak.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin