Prest?

Rober Gutiérrez

RoberGutiérrez-baieuskarari-iritzia.png

Rober Gutiérrez - Bai Euskarari Aldizkariaren editoriala 

 

Urrats handiak egin ditugu 2018an zehar: 100 entitate batu dira Bai Euskarariren komunitatera; jarraipenerako aplikazioa osatu eta eguneratu da, baliabideen atala etengabe elikatu da, Bai Euskarari sarien ekitaldian Talleres Mitxelena, Fideslan, Jon Garaño eta Aitor Arregi saritu ditugu; Lansarean lan-atariaren aplikazioa aurkeztu dugu; enpresen eta profesionalen sareko Enpresarean.eus plataforma eguneratu dugu eta, horrekin batera, Enpresarean Telebista sortu da; gainera, digitalizazioa eta transformazioaren etorkizuneko erronken inguruko azoka antolatu dugu. Araban, bestalde, pilotajeak, Lazarraga Sariak eta “Araban euskara lanabes” jardunaldia antolatu dugu bertako enpresekin...

Bistan denez, Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean. Bai Euskarari, ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko.

Euskararen presentzia sustatzeko helburuarekin ari gara Euskal Herri osoan. Euskaraz balioa eransten ari gatzaizkio eremu sozioekonomikoari. Euskaraldiaren ariketarekin esperimentatu ahal izan dugun bezala, gure Lurraldearen eraldaketaz ari gara. Enpresetan hizkuntzak - eta horien artean euskara ere - egoki kudeatzea eraldaketa bat da, enpresarentzat eta baita transformazio-prozesu horietan parte hartzen duten pertsonentzat ere.

Berrikuntza aberasgarria da. Beste hainbat berrikuntzarekin gertatzen den bezala, garapena ahalbidetuko duen jarrera aktiboa landu behar da. Euskara sustatzen duenak, berrikuntzaren, aniztasunaren, bizikidetzaren, kohesioaren eta gure komunitatearen garapenaren alde egiten baitu. 

Gure ekarpena lagungarria izaten ari da alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko. Lorpenak nabariak dira eta aurrera jarraitzeko adorea ematen digute. Bereziki nabarmendu behar dugu Bai Euskarari Ziurtagiria duten Euskal Herri osoko ia 1.400 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate baino gehiago egiten ari diren lana, haien konpromisoa, eredua eta eragina. Aitortza esplizitoki egitea garrantzitsua da. Behar dute. Behar dugu.

Bai Euskarari ziurtagiria duten entitate hauei aitortu, baloratu eta aintzat hartu behar zaie egiten ari diren lana, gure hornitzaileak kontratatzeko garaian, administrazioen deialdietan eta abarretan.

Guztion artean, balioa eman behar diogu egiten ari garen lanari. Baina ez gaitezen horrekin konformatu, birpentsatu behar baitugu zer egin eta nola eragin nahi dugun alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarak leku handiagoa irabazteko. Aurrera begira, erronka handia dugu lan munduan, merkataritzan eta baita kontsumoan ere…

Administrazioaren eta enpresa handien lidergoa eta eredugarritasuna baliatuta, Euskal Herri osoko era guztietako enpresetan euskara sustatzeko eta kudeatzeko, sentsibilizazioan eragin behar dugu, komunikazioa landuz, ereduak, baliabideak eta aukerak eskainiz, zubiak eraikiz - Hezkuntza eta enpresen artean, esate baterako -, metatutako esperientzia baliatuz, denok norabide berean, elkarlanean eta ilusioz. Ez da erronka makala…

Prest al zaude 2019an pauso berriak emateko?

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin