Atzo Bai Euskarari Elkartearen zuzendaritza taldea bildu zen (argazkian, elkarteko lan-taldea) eta urteko ohiko batzar nagusia ere egin genuen. Bertan, aurtengorako ildoak berresteaz gain, arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko proiektuak zehaztu genituen. Azpimarratu behar da, aurten bi proiektu barneratuko direla gure Kudeaketa Planean: Euskaragileak Enpresa Batzordea eta diseinu-fasean dagoen Zureskura, enpresa, profesional eta kontsumitzaileen sarea.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean eta lagungarria izaten ari da alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko. Erronkak ez zaizkigu falta eta urtetik urtera alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarak leku handiagoa irabazteko estrategia gainbegiratu eta egokitzen ari gara.
Euskarari Elkartearen norabidea finkatu da, alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteari begira. Horri begirako ildoak berretsi dira: Bai Euskarari Ziurtagiriaren komunitatea indartzea, ziurtagiria bera tresna modura sendotzea, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko eragile izatea, eta egiteko moduari, lidergoari eta komunikazioari dagokienez, elkartea eraldatzea.
Azken urteotan bezala, gure estrategia eraikitzeko “pentsatu-egin-pentsatu-egin” zikloa osatuko da, inguruko egoera-aldaketei malgutasunez eta arin erantzuteko.
Euskara eremu sozioekonomikoan txertatzea eta erabiltzea funtsezkoa da egunerokoan normaltasunez aritzeko eta hizkuntzaren biziberritzerako eta, horretarako, baliabideak sortu eta garatu behar dira, ezinbesteko baldintza baita, pertsonak eta espazioak euskararekin betetzeaz gain, baliabideak eta tresnak ere euskaraz egotea eta horiek baliatzea.
Gaur egun, Bai Euskarari, ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gure komunitatea sendotzeko ari gara lanean, baliabideak etengabe sortzen eta eguneratzen saiatzen gara... Eta ez hori bakarrik; gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko.
Baina ez gaitezen horrekin konformatu, birpentsatu behar baitugu zer egin eta nola eragin nahi dugun alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarak leku handiagoa irabazteko. Aurrera begira, erronka handia dugu lan munduan, merkataritzan eta baita kontsumoan ere… Administrazioaren eta enpresa handien lidergoa eta eredugarritasuna baliatuta, Euskal Herri osoko era guztietako enpresetan euskara sustatzeko eta kudeatzeko, sentsibilizazioan eragin behar dugu, komunikazioa landuz, ereduak, baliabideak eta aukerak eskainiz, zubiak eraikiz - Hezkuntza eta enpresen artean, esate baterako -, metatutako esperientzia baliatuz, denok norabide berean, elkarlanean eta ilusioz.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin