Ramon Mendiguren (Cikautxo): "Beste batzuen bizipenak bakoitzak dituenekin bateratuz gero asko aurreratu daiteke"

RamonMendigurenweb.jpg

Euskaragiletu programan parte hartzen duten enpresetako bat da Berriatuako (Bizkaia) Cikautxo. Beren hizkuntza politika eta euskara plana gertutik ezagutzeko aukera dute euskararen arloan urratsak eman nahi dituzten enpresetako ordezkariek.

Zein da Euskaragiletu programaren helburua?

Helburu moduan, entitate ezberdinetan jasotako esperientzia onak edo ikasitakoak elkarbanatzea litzateke. Asmoa da euskara bultzatzeko lanean denbora gehiago daramaten entitateetan ikasitakoak atzetik datozenekin elkartrukatzea, denbora motzagoan antzerako toki batetara hel daitezen.

Zer eskaintzen zaie programan parte hartzen duten enpresei?

Ideiak, hobetzeko bideak, ikasitakoak eta abar eskaintzen zaizkie beste enpresei Euskaragiletu programaren bidez. Beraien entitateetan martxan jar ditzaketen esperientziak, azken finean.

Beste enpresa batzuen bizipenak eta egindako lanak ezagutzeak motibatuko du euskara enpresan txertatzeko, ezta?

Bai. Beste adibide batzuk izatea eta gauzak aurrera eraman eta hobetu daitezkeela ikustea ona da. Izan ere, beti bilatu daitezke hobetzeko aukerak, egunero ikasten da zerbait berria, eta asko aurreratu daiteke beste batzuen bizipenak bakoitzak dituenekin bateratuz gero.

Cikautxoren kasuan, Euskara Plana duzue. Zer lortu duzue Euskara Planarekin? Zer gainbalio eman dio zuen enpresari euskara lanean txertatzeak?

Cikautxoren kasuan, Euskara Plana baino harantzago egin genuen salto. Hizkuntza politika bat sortu genuen eta bertan hizkuntza gehigarri bat bezala euskara ere sartu genuen. Horrela, hizkuntzak osotasunean kudeatzen ditugu eta tokian tokikoari, euskara Berriatuako egoitzan, indar gehiago emanda. Cikautxo Berriatuan kokatuta dago eta eskualde euskalduna gara. Egun guztian zehar euskara erabiltzeko aukera eman digu Planak. Izan ere, lanetik kanpo gehienok erabiltzen dugun hizkuntza euskara da eta lanera gatozenean ere euskara erabili ahal izatea ahalbidetu digu. Azkenik, euskara normalizatzeko bidea ere jorratu izan dugu eta hiztegi tekniko bat sortu dugu barne erabilpenerako.

Bidea ez zen erraza izango. Zein oztopo izan dituzue? Nola egin diezue aurre?

Edozein proiektu martxan jartzeko bidea egitea ez da erraza izaten, ezta hizkuntzaren kasuan ere. Guk zirimiria bezala jardun dugu, hizkuntza politikari lotutako guztiak apurka-apurka jendeari zabalduz eta barneratuz. Bide horretan, kolektiboa eta zuzendaritza ere gehitu dira eta azkenean barneko prozesuetan eta sistemetan gauza asko txertatu ditugu. Orokorrean oztopo handirik ez da izan eta egon direnak konpondu ditugu. Baina egon da beldur bat, batez ere euskara bultzatzearen kontua ez dadin geratu pertsona konkretu batzuen eraginpean. Horregatik txertatu dugu euskara gure sisteman.

Zer esango zenioke Euskara Plana txertatu nahi duen enpresa bati?

Bidea luzea dela, batzuetan asko aurreratzen dela eta hurrengoan ez garela mugitzen dirudiela, baina bidea egin egiten dela. Kanpotik, inor ez da etorriko bidea egitera; bakoitzak hasi eta egin behar du bidea.


Euskaragiletu programaren inguruko informazio gehiago duzue atal honetan eta beheko infografian:

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin