Elay izan zen 1991 urtean Euskara Plana martxan jarri zuen lehen lantegia. Sektore erabat erdaldunean euskara txertatzen hasi ziren eta gaur egun euskaraz lan egiten dute bertan. Helburuak beteta dituzten arren, Elayko Euskara Taldeak lanean jarraitzen du eta bertako arduraduna da Ketxus Amasorrain. Euskaragileak Batzordean sortutako harrera-plan ereduaren abiapuntua Elayko Harrera-Plana izan zen eta langileekin egindako hasierako harreman horrek duen garrantziaz hitz egin dugu berarekin.
Zein helbururekin landu duzue harrera-plan eredua Euskaragileen batzordean?
Enpresa batean, bizitzako beste eremu gehienetan bezala, lehenengo pausoak zuzenak eta ondo bideratuak izateak duen garrantzia jakinda, euskararen erabilera hasieratik sustatzea da lan-ildo honen helburu nagusia. Enpresan langileak egingo dituen lehen urratsetan harrera-planak duen garrantzia ikusita, eredua edukiz gero, enpresa bakoitzak bere funtzionamendura egokitu dezake.
Zein garrantzia du langile berriei enpresaren hizkuntza kudeaketaren berri emateak?
Harrera-plana da langileak enpresarekin duen lehenengo hartu-emana. Harrera-planean langileak sekulako informazio bonbardaketa jasotzen du. Garrantzitsua da langileari Kalitate Politika azaltzea, edo Ingurumen edo Prebentzio Politikak, horrela enpresaren irudi bat eraikiko du gai horien inguruan, eta kontatzen diogunaren arabera jokatuko du. Hizkuntzarekin beste horrenbeste gertatuko zaio, hasiera-hasieratik zer eta nola azaltzen dugunaren arabera, bere jarrera modu batekoa edo bestekoa izango da hizkuntzari dagokionean.
Harrera egitean ez ezik, kontrataziorako orduan ere garrantzitsua izango da, ezta?
Langile batek enpresa batean izango duen ibilbidea kontratazioan hasten da. Hor egindako apustuek erabat baldintzatu dezakete enpresa baten bizi-iraupena, bai eta enpresak hurrengo urteetan edukiko duen morfologia ere. Beti egoten da kontratatzeko orduan antzemandako ahuleziak zuzentzeko aukera, formazio planekin batik bat, baina zenbat eta finago aritu kontratazioan, ondorengo lanak errazago bideratuko dira. Hau teknologiei, jarrerei eta abarrei aplikatzen diedan moduan, hizkuntzei ere aplikatuko nieke 0ean. Kontratazioko arduradunek hizkuntza politika barneratu gabe edukitzeak oso inpaktu negatiboa izan dezake, eta hori ez du harrera-planak zuzenduko.
Gaur egun erraza da langile euskaldunak aurkitzea?
Nire ustez zerbait erraza edo zaila izateak norberak egoera horren aurrean duen jarrera eta motibazioaren araberakoa da. Zer jarrera dauka enpresak kontratazio baten aurrean? Zenbaterainoko motibazioa dauka kontratatzen ari denak langile euskaldun bat kontratatzeko? Aurkitzeko lehenengo bilatu egin behar da eta, askotan, zailtasuna aurkitzean baino bilatzean egoten da.
Zerbitzua eta Lana ziurtagiria eskuratzen lehen enpresa industriala izan zineten, aitzindari bihurtuz, eta gaur egun, helburuak beteta, Euskara Planik ez duzue. Zein oztopo izan dituzue bidean eta nola egin diezue aurre?
Nik Elayn 20 urte daramatzat lanean, Euskara arduradun moduan bi urte besterik ez, euskararen bueltan beti ibili izan naizen arren. Oztopo nagusiak? Hornitzaileak konbentzitu behar izatea, langileen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzea, dokumentazioa bi hizkuntzatan eduki behar izatea, kanpoan zerbaiten bila hastean euskarazko eskaintza oso baxua dela ikustea... asko daude.
Baina benetako oztopoa gainditu zuten ni Elayn lanera sartu aurretik zeuden guztiek: jabegoak, zuzendaritzak, langile kolektiboak eta pertsona katalizatzaile batzuek. Haiek apurtzaileak izan ziren, oztopoen gainetik bisioa eta konbentzimendua izan zituztelako. Bide berri bati ekin zioten; mendian elurte baten ondoren bidezidorra zabaltzeari ekiten dion mendizalea bezala, nondik nora joateko biderik ikusten ez zutela, elurraren sakontasuna zenbatekoa zen eta nahiko indar edukiko ote zuten ez zekitela ekin zioten.
Hasierako garai haietan, Elayko euskaldun kopurua ez zen %65era iristen. Batzuena eskolekin konpondu zitekeen, baina beste batzuek ez zuten horretarako gogorik edo denborarik izan. Zenbaitzuk erasotuak sentitu ziren. Denetariko jarrerak jasan behar izan ziren eta saiatu ginen guztiei errespetuzko erantzuna ematen, beti ere jakinda kontrako jarrera batzuk denborak leunduko zituela, beste jarrera batzuk adinarekin jubilatuko zirela, eta kontratazio berrietan lan eginda panorama aldatzeko aukera zegoela.
Harrera-plan eredua deskargatu:
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin