Euskaragileen Batzordean enpresek ikastetxeekin duten harremanari garrantzia berezia eman zaio. Batetik, bi erakundeen arteko hizkuntza-harremanen ikuspegitik, baina batez ere, lan-mundura jauzia ematera doazen ikasle eta langile berriengan eragitearen ikuspegitik. Gakoa da langile berri horien euskararekiko jarrera, bai eta garatu dezaketen praktika ere. Horren inguruan Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuko irakasle eta hizkuntza normalizaziorako teknikari den Xabier Malmasororekin hitz egin dugu.
Zer lortu nahi duzue enpresa eta ikastetxeen arteko hitzarmenarekin? [Hemen deskarga dezakezue hitzarmen-eredua]
Ezer baino lehen, gustatuko litzaidake hastapenak gogoraraztea. Hasieran Elay enpresa jarri zen gurekin harremanetan. Euskara Plana aurreratua dute bertan eta eskatu ziguten euren eta gure arteko harremana euskaraz izatea; idatziz zein ahoz, gurekin beti euskaraz jardun nahi zutela esan ziguten.
Hala, bide horretatik guk eskaera berdina egin genion DanobatGroup-i. Haiek ere Euskara Plan garatua dute eta proposatu genien haien eta gure arteko harremana euskaraz izatea etorkizunean. Formazioan, praktiketan, harreman administratiboan... Azken finean, hitzarmena sinatu dugu arlo guztietan euskararen presentzia areagotzeko.
Akordioa eta enpresa-ikastetxe harremanak behin eta berriro aipatu dituzu. Zein arlotan eragiten du aipatu hitzarmenak?
Askotariko harremanez ari gara. Gure ikasleak lan-praktikak egitera joaten dira enpresa askotara eta euskaraz egiteko aukera ezinbestekoa da. Dual formazioan ere, gure ikasleek euren lana euskaraz egiteko aukera izan behar dute. Eta langile zein langabetuen kasuan ere, ikastaroen eskaintza euskaraz izatea oso inportantea da, nahiz eta arlo hau oraindik orain zailagoa den. Izan ere, ez dago euskaraz ikastaroak emateko baliabiderik; literatura gaztelaniaz dago, ikasleek askotan ez dakite euskaraz...
Zein konpromiso biltzen ditu hitzarmenak?
Konpromisoak honako hauek dira: ahozko eta idatzizko harremanak euskaraz izatea; edozein gairen inguruko txostenak euskaraz izatea; Danobatek IMHrentzat prestatzen dituen formazio saioak euskaraz izatea; eta Danobat enpresara praktiketara edo Dual formatuan doazen ikasleen formazioa eta harremana euskaraz izatea ziurtatzea. Lan munduan euskararen erabilera sustatzea ezinbestekoa da.
Industria arloan, makina-erreminta arloan, bai seinale-paisaia aldetik, euskaraz irakurtzeko eta lan egiteko aukera egon behar da eta aurrerapausoak ematen ari gara arlo horretan. IMHrentzat eta Danobatgroup-entzat euskaraz lan egitea balio erantsia da. Haientzat, Euskara Plan eraginkorra dutenez, inportantea da euren langileak euskaldunak izatea. Eta gurekin lortutako hitzarmenari esker, ziurtatzen dute, nolabait, euren langileak euskaldunak izango direla.
IMHk hasieratik izan du euskara sustatzeko konpromisoa, ezta?
Egiari so, makina-erremintaren arloan, hastapenetan euskarak ez zuen presentzia handirik. Milurteko berriarekin batera, 2002 urtetik aurrera, berriz, Euskara Plana martxan jarri genuen gure eskolan. Nahi genuen lanbide heziketako ikasleek euskaraz ikas zezaten, ondoren lana euskaraz egiteko.
Etorkizunari begira, zer?
Euskararen presentzia sendotzen bada, eragileak daudelako izango da. Enpresetan eta ikastetxeetan eragileak behar ditugu mehatxuei aurre egiteko. Bereziki ikastaroen eskaintzan egin beharko dugu lan. Urtean hiru soilik eskain ditzakegu euskaraz, eta etorkizunean eskaintza handitu beharko dugu. Proaktiboagoak izan beharko dugu guztiok 2019-2020 Ikasturtean horri heltzeko.
Hemen deskarga dezakezue Euskaragileak batzordean landu den hezkuntza zentroen eta enpresen arteko hitzarmen-eredua:
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin