Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak koordinatuta eta Arabako Foru Aldundiaren eta 16 eragileren laguntzarekin abian jarriko den Euskaraz, 1+1… Hamaika! programaren aurkezpena izan da gaur goizean Oihaneder Euskararen Etxean. Urteko azken hiruhileko jarduerak biltzen ditu programak, gaur bertan hasi eta abenduaren 3ra bitartean, hots, Euskararen Nazioarteko Egunera bitartean izango direnak. Hiriko hainbat lekutan egingo dira, eta helburu argia dute: herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko lan egiten jarraitzea eta euskararen erabilera bultzatzea, bizitzaren arlo guztietan.
Euskararen Eguna du jatorri programak; izan ere, egun bateko ospakizuna izatetik Euskararen Astea izatera pasatu baitzen lehenik, eta orain, berriz, denbora-tarte are handiagoa hartzera. Eragile hauek gauzatuko dituzte jarduerak: Bai Euskarari Elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, euskaltegiak, ZET Zabalganako Euskara Taldea, Sarburu Kultur Elkartea, Bost Urki Auzo Elkartea, GEU Elkartea, Goiena, Arabagara-Topagunea, Oihaneder Euskararen Etxea, Leocadia Zabalte Elkartea, ALEA, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala. Arlo askotako jarduerak izango dira: kultura, kirola, merkataritza, musika… Haurrentzat, gazteentzat, nagusientzat, elkarteentzat, erakundeentzat… Era askotakoak eta ugari. Hemen duzue programa.
Gasteizen merkataritza eta ostalaritzan euskaraz kontsumitzen dutenen artean zozketa jarri genuen martxan urriaren hasieran, Euskaraz 1+1... Hamaika! jarduera-programaren barruan. Gasteizko denda eta tabernetan euskaraz egitea du helburu zozketak. Gaur da boletoak eskuratzeko azken eguna. Datorren astean, azaroak 5, egingo da zozketa.
Eskuratu dituzu zure boletoak? Eman izena zozketan: https://baieuskarari.eus/eu/komunitatea/lehen-hitza-eus/zozketa
Programazio berezi horren barruan #GasteizenBaiEuskarari mintzodromoa ere antolatuko du Bai Euskarari Elkarteak. Azaroaren 28an izango da eta, urtero bezala, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleek euskaraz aritzeko aukera izango dute.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin