"Gustatuko litzaidake hurrengo argazkia helduen alfabetatzea normalizatzeko hitzarmenarena izatea"

MertxeMugika2-web.jpg

Mertxe Mugikak AEK-ko koordinatzaile nagusiaren postua utzi zuen irailaren 30ean, 13 urte egin ostean. Urte horietan guztietan egin duen lana eskertu eta aitortzeko eman diogu aurten Bai Euskarari Saria. Helduen euskalduntzeaz, euskalgintzaz, zubigintzaz eta lan arloaz jardun dugu berarekin, besteak beste.  

 

Bai Euskarari Saria jaso duzu. Nola hartu duzu sariaren jakinarazpena? Zer suposatzen du horrek zuretzat?

Ezusteko handi moduan hartu nuen; ez nuen inondik inora espero sari hau. Nik uste dut saria nik jasoko dudala baina badela errekonozimendu bat AEKri eta AEK-k egiten duen lanari. Hasieran sorpresa izan zen, baina pozik hartu dut. 13 urtetan egindako lanari ginda da. Gainera, sari batzuek norbait jubilatzen denean ematen dira; baina sari honek badu balio erantsi bat, desberdina da.

13 urte egin dituzu AEK-ko koordinatzaile nagusi postuan. Zergatik erabaki duzu uztea?

Uztearen arrazoi bakarra da uste dudala horrelako postuak ezin direla betirako izan, hasiera eta bukaera izan behar dutela. Eta, gainera, AEK 500 kidek baino gehiagok osatzen dugun erakunde bat izanda, uste dut garrantzitsua dela beste aurpegi batzuk ere erakustea.

Zein izan da sektorearen bilakaera urte hauetan? Zein izan dira erronka nagusiak? Irakasleen prestakuntzan, modulazioan, teknologia berriak ere hor daude…

Bilakaera positiboa da zalantzarik gabe. Hasi nintzenean oso atomizatuta geunden. Beno, bazeuden bilgune batzuk, Kontseilua hor zegoen… eta Kontseiluak kristoren lana egin du bilgune horiek bultzatzen. Hala ere, uste dut oso atomizatuta geundela bakoitza bere lekuan. Eta gaur egun euskalgintza elkarlanean ari da arlo asko eta askotan; eta baita administrazioarekin eta beste esparru batzuetan ere. Hala, bilakaera ona izan da, foro askotan batera parte hartzen dugu, hainbat diagnostiko konpartituak dira… eta esango nuke beste aro batean sartuko garela, eta ni oso itxaropentsua naiz.

Gurera etorrita, fase desberdinak egon dira: garai batean esan zen euskalduntze-alfabetatzeak eman zuela berea. Baina, adibidez, egon zen orain dela 6-7 urte beherakada antzekoren bat, baina azken urteotan helduen euskalduntze-alfabetatzea ikasle kopuruan gora egiten dabil. Nahiko nuke egunen batean gure euskaltegietan kartel bat jartzea itxita dagoela, esanez ez dagoela ikaslerik, dagoeneko ez dagoela beharrik. Baina oraindik hau behar-beharrezkoa da. Erabileraren aroan sartu gara, baina erabiltzeko lehenengo premisa da euskara jakitea edo behintzat ulertzea. Eta oraindik Euskal Herriko biztanleen erdiak edo ez dakite edo ez dute ulertzen. Beraz, lan izugarria daukagu egiteko.

Joan gara aldatzen, egokitzen beharren arabera. Orain 13 urte eta gaur egun beharrak ez dira berdinak, baina ezagutzan beharrak itzelak dira eta kartel horrek itxaron beharko du.

Eta aurrera begirako erronkak?

Alde batetik jarraitu behar dugu etortzen diren beharrei erantzuten. Baina baita pentsatzen dut etorri aurretik gauza batzuei aurre egin beharko geniela. Nahiz eta horrek dirua eta denbora eskatzen duen. Beste erronka bat da euskara ikasteak denbora eta dedikazioa eskatzen duela. Eta gaur egun ikasle asko etortzen dira denbora mugatuarekin, beste mila gauza egiteko gogoa izaten dutelako. Ikas-prozesua azkartzeko erronka dugu; ea beste tresna batzuk eskaini ditzakegun denbora falta dutenentzako.

Teknologia berriez ari zara?

Bai. Teknologia berriak eta tresna guztiak erabili ahal izatea. Lotura zuzena dauka erabilerarekin. Teknologia horiek aprobetxatzen ditugu, baina oraindik ere euskara ikasteko aurrez aurreko taldeak dira eraginkorrenak.

Helduen alfabetatze eta euskalduntzean, urte hauetan guztietan, zein izan da bizi izan dituzun unerik goxoenak? eta zailtasunik handienak?

Asko pozten naiz kaletik noanean –eta hori sarritan gertatu zait- eta euskaltegiko karpeta daraman norbait ikusi eta beste batekin euskaraz ari dela entzutea. Ni horrelako momentu askorekin gelditzen naiz. Edo ikasturte bukaeran balantzeak egiten ditugunean, eta ikusten dudanean aurten ere langa gainditu dugula. Momentu asko dira, zorionez.

Zaila egin zaidana, batez ere EAEn, azken urteotan asko lotu garela egiaztagintzarekin, diru laguntzekin… Eta horrek kezkatu egin nau. Baina hemendik gutxira albiste on batzuk emateko moduan egongo da helduen euskalduntze-alfabetatzea. Horri buelta emateko gai izan garelako administrazioa eta gu.
 
Niretzat titulu bat izatea garrantzitsua da, hori bitarteko bat izan behar da. Baina une batzuetan bitartekoa helburu bihurtzeko arriskua egon da. Ados nago baldintzak egon behar izatearekin, baina norberaren hizkuntza ikasteko batzuetan halako dirutzak ordaindu behar izatea kosta egiten zait ulertzea.

AEKn urtero milaka heldu euskalduntzen diharduzue. Norbanakoon ardura bihurtu da euskalduntzea? Euskalduntzeko proiektu orokorrik ikusten duzu?

Hori helduen euskalduntzearekin eta beste hainbat sektorerekin gertatzen da. Plan sektorial asko egiten dira, denak dira beharrezkoak, baina hizkuntza politika integrala beharko litzateke. Azken finean, helduak euskalduntzeak eragina dauka umeetan, ohituretan, euskal kultura kontsumitzean, egunkarietan… Asko jo dugu arloko lanak egitera, baina behar dena da bestea. Eta norbanako kontuan esango nuke gaur egun gutxiago uzten dela, baina oraindik badagoela joera bat. Hori aldatzeko, Maialen Lujanbiok eman zuen klabe garrantzitsu bat: hemen norbanakook egin behar dugu eragin eta administrazioak eginarazi. Elkarri entzunez, elkarrekin gauzak landuta eta, gainera, gehituko nuke bikoiztasunak saihestuz. Herri honetan bikoiztasun asko egon dira eta daude euskararen berritzearekin. Horrekin sinergiak aprobetxatu nahi baditugu bikoiztasunak eta halakoak bukatu beharko dira.

Bai Euskarari Elkartean aspalditik ari gara esaten euskarak eremu sozioekonomikoan aurrera egin dezan, euskalgintzaz gain, enpresa, langile, bezero eta administrazioaren bultzada ezinbestekoak direla. Zubiak eraikitzen izan duzu zuk esperientzia AEKn. Nola ikusten duzu eragile ezberdinen arteko elkarlana?

Bai, lan handia egin dugu alor horretan. Eta nik uste zubi horiek badoazela egiten. Argazki batetik ekintza batzuetara pasatzen ari gara. Adibidez, Santiagoko zubiaren adibidea hartuta, azkenaldian argazkia utzi eta ekintzetara pasatzen ari garela ikusten ari naiz. Esate baterako, Jaurlaritzak eta Berria-k sinatutako hitzarmena edukiz beteta dago. Horrez gain, UEMAk, hiru Aldundiek eta Jaurlaritzak arnasguneak babesteko egitasmoa ere aurkeztu dute. Testuinguru honetan gustatuko litzaidake hurrengo argazkia helduen alfabetatzea normalizatzeko hitzarmenaren argazkia izatea, nolabait urte batzuetako programak bermatuko dituena; edo Bai Euskarari eta Bikain ziurtagiriek bat egitearen argazkia... Une honetan horretarako oinarriak badaudela iruditzen zait baina horrek eskatzen du bakoitzaren lana eta funtzioa aitortzea eta elkarrekin adostea zein puntutan gauden ados, nolabait euskararen biziberritzean dauden hutsune eta zuloak tapatzen joateko elkarrekin.

Nire aldetik prest izango naiz, lehen lerroan ez bada ere, bide horretan laguntzeko esperientziatik abiatuta.

Lankidetza esparru sakonak bideratzen ari dira Helduen Euskalduntzean edo komunikabideen alorrean, berriki ikusi izan dugun bezala. Alor sozioekonomikorako antzeko eszenatoki bat irudikatzen duzu, sektorea eta administrazioaren artekoa?

Lehen aipatu bezala esperientzia asko dagoela ikusten dut, beraz, zubia nahitaez eraiki beharko da. Esate baterako, orain dela hamahiru urte ezinezkoa zen gaur egun ematen ari diren hainbat gauza irudikatzea, baina aurre lanketa egon da horren guztiaren atzean. Bide beretik, hurrengo urteotan beste hainbat aspektu garatuko direla uste dut. Zentzu horretan, denborak ematen didan perspektibatik begiratuta, baikorra naiz! Euskaraldiak berak ere lana egiteko modua ezarri du eta, nahiz eta zer hobetu badagoen, hutsune horietatik abiatuta bigarren edizioa prestatzeko lanean ari gara. Horrek ez du atzera bueltarik!

Euskal Herriko kooperatiba handienetako bateko buru izan zara 13 urtetan. Zure burua enpresari moduan ere ikusten duzu?

Enpresa bat garen heinean eta Euskal Herriko kooperatiba handienetarikoa gainera, langile kopuruari begiratuz gero, nire burua bai ikusi dut, bertigo handiarekin, gerentzia kontuekin lotuta. Baina, goraipatu nahi dut atzean dudan ekipo oso sendoa, proiektuan sinisten duena, balore propioak partekatzen dituena. Kooperatiba bezala, gure sentitzen dugu enpresa eta lan egiteko modu berezia konpartitzen dugu. Dena den, enpresa bezala bereziak gara, ez baitugu beste enpresa batzuk dituzten globalizazio edo espantsio erronkarik.

Sarritan aipatzen da euskalgintzan ari zareten enpresetako prekarietatea, egoera eskasa... Militantzia beharrezkoa da?

Egia da prekarietatea egon badagoela, sarritan ez delako kontsideratzen euskalgintzako mugimendua enpresa balitz bezala eta horri buelta eman behar zaio. Jende asko gaude arlo honetan lanean, aberastasuna sortzen eta gizarteari ekarpena egiten. Beraz, aintzat hartu behar da, industria gara nahiz eta mugitzen ditugun kopuruak talde batzuenak baino txikiagoak izan. Automobilgintzako 5 urtetako planak egiten diren bezala, zergatik ez dira euskararen industria sustatzeko egiten? Sarritan nahastu egiten dira enpresa, kultura, euskara... hortxe dago kontua. Planak eginez gero, prestigioa lortuko genuke eta ibilbide profesionalean euskalgintza aukera bat izatea lortuko litzateke.

Alizia Iribarrenek hartu du zure lekua. Zein gomendio eman diozu?

Nik asko lantzen dudan aspektua enpatia da, bestearen lekuan jartzeak asko laguntzen baitu. Horrez gain, lan taldeak ematen duen indarrean sinestea ere funtsezkoa da. Eta pentsatzea AEK Euskal Herri osoan dagoen erakundea dela eta osotasun horretaz kontziente izatea. Gainera, koherentziaz jokatzea garrantzitsua da, hau da, esan eta egiten dena bat etortzea. Horixe gomendatuko nioke, niri ere asko lagundu dit eta!

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin