Aurten Gasteizen antolatzen diren hainbat ekitaldiren hizkuntza-praktikaren behaketa egingo da. Gasteizko Udalaren Euskara Elkarguneak proposatu du Udalak diruz laguntzen dituen edo-eta, kontratu zein hitzarmenen bidez, babesten dituen ekitaldien hizkuntza-praktika aztertzea. Lanaren ardura Bai Euskarari Elkartearena da. Lehenengo behaketa Gasteizko triathloian egin zen, Jazzaldian bigarrena eta hirugarrena egingo da orain, Ardoaraban.
Behaketa burutzeko Ardoarabara joango diren herritarren laguntza ezinbestekoa da. Horretarako, abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo den azokara joatekoak diren herritarrei deialdia egin zaie, hizkuntza erabileraren behaketa egin eta honako formularioa bete dezaten:
Gune ezberdinetan egingo diren ekintzetan erabiltzen diren hizkuntzei erreparatuko zaie: informazio bulegoetan, azokan zehar egingo diren ekitaldietan, komunikabideen aurreko aurkezpenetan, banatuko diren euskarrietan, kale-ekintzetan, besteak beste.
Froga dokumentalak (hizkuntza paisaiaren eta bestelako euskarrien argazkiak, bideoak, etab.) jasotzeko aukera izanez gero, eskertuko genizueke info@baieuskarari.eus helbidera bidaltzea.
Ekitaldian bertan formularioa betetzeko aukera izango da, mugikorraren bidez, eta jasotako datuekin ondorio txostena argitaratuko da, aholku eta gomendio sorta batekin batera, Gasteizko Udalaren Euskara Elkargunean aurkezteko. Halaber, baliagarria izango da aurrerantzean ekimenaren antolatzaileek eta Gasteizko Udalak euskara hobeto kudeatu dezaten.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin