Bai Euskarari Elkarteko lantaldeak barruko gogoeta-prozesu bat egin du, Elkartearen inguruko gai desberdinetan arreta jarriz. Kanpo-barne begiradak uztartu dituen gogoeta-prozesua izan da. Honela, batetik, Bai Euskarari Elkartearen zentzua eta funtsa landu dira. Lantaldearen begiradatik, Elkartearen orain arteko ibilbidea aitortu da eta gaur egungo xedea eta baloreak definitu dira. Bestetik, Elkartearen lantaldean jarri dugu arreta; aurrera begirako erronkek eskatzen duten barruko talde-lana eta kohesioa indartzeko, indarguneak eta hobetzeko aukerak arakatzeko saiakera egin da.
Bai Euskarari Elkartearen xedea zehaztu da: Alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragitea, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz. Xede horretarantz urratsak ematerakoan balore hauei garrantzia berezia eman zaie: nortasun propioa, independentea, aitzindaritza, inplikazioa, lankidetza, entzutea, erantzutea, gertutasuna, malgutasuna, dotorea, ezagutza, berrikuntza eta ekintzailetza.
Elkartearen gaur egungo xedea eta baloreak azaleratuta, etorkizunari begirako foku edo aukera nagusiak identifikatu dira:
Iparraldearekiko zubiak eraikitzea (Euskal Herri osoan ari gara lanean eta lurralde guztien berezitasunak aintzat hartu behar dira).
Arlo sozioekonomikoaren behaketa.
Elkartearen posizionamendua lantzea eta zehaztea aldakorra den testuinguruan, bereizgarriak diren elementuen lanketaren bidez (Bai Euskarari ziurtagiria, konexioak...).
Alor sozioekonomikoaren aktibazioa proiektuen bidez.
Harremanak eta lankidetzak bilatzea.
Lantaldea erdian kokatzea, bere ezagutza balioan jarriz.
Bai Euskarari Elkartearen elementu bereizgarriena Bai Euskarari ziurtagiria da eta elkartearen zentroan egongo da aurrera begira ere. Horrekin batera, orain arte elkarteak erakutsi du beharrak identifikatuta proiektu berriak sortzeko, esperimentatzeko eta garatzeko gaitasuna duela, bai eta eragile desberdinen arteko loturak lantzekoa ere. Aurrera begira, aukera bat identifikatu da hor, alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragile bezala. Horretarako lokarri, erraztatzaile edo konektatzaile rola landu eta garatu nahi da, Elkartearen posizionamenduan maila bat igotzeko.
Aurrerantzean ere guztion artean, elkarlanean, euskararen bidea argitzen jarraituko dugu.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin