Ipar Euskal Herria energia berriztagarriz hornitzeko jaio da Enargia. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu berri dute, ‘Bidean’ maila, eta entitatea hobeto ezagutzeko elkarrizketa egin diogu Patxi Bergara Enargiako zuzendari nagusiari.
Zergatik sortu zenuten Enargia?
Enargia sortu genuen Ipar Euskal Herriko biztanleak 0ean berriztagarria den argindarrarekin hornitzeko. Herritar dinamikaren bigarren urratsa izan da. 2014an egin genuen lehen urratsa I-Ener sortuz, energia berriztagarrien ekoizpena bultzatzen duen sozietate herritarra.
Ohartu ginen energiaren problematika estatuek kudeatzen zuten problematika zela. Herritarrak urrundu ziren problematika horretaz eta, Frantziaren kasuan, energiaren sorkuntza hiper nuklearra da. Galdetu bagenien biztanleei zer nahi zuten ez zuten bide hori hartuko. Europa mailan dinamika asko sortu dira energia berriztagarriak bultzatzeko. Energiaren berrapropiazioa egiten ari dira herritarrak.
Gaur egun, Enargiako bezeroentzako energia guztia ez du I-Enerrek sortzen, baina helburua da 20 urte barru behar dugun energia hori guztia I-Enerrek ekoiztea. Hala, energiaren zirkuitu laburra sortuko genuke.
Bestalde, aldioro galdetuko diegu Ipar Euskal Herriko biztanleei parte har dezatela ekoizpen unitatean. Herritarrak izan daitezke energiaren ekoizle, hornitzaile edo bezero. Horrela sortuko genuke tokiko zirkuitu laburra, herritarren jabe dena.
Zein dira proiektuaren baloreak?
Alde batetik, lurraldetasuna: Ipar Euskal Herria. Hornitzaile bezala baimena dugu Frantzia guztian zerbitzua eskaintzeko, baina Ipar Euskal Herrian bakarrik egitea erabaki dugu.
Bestetik, kooperatiba. Bazkideak herritarrak izatea nahi dugu. Argindarra ezinbestekoa da gure bizitzan eta hain estrategikoa denez herritarrena izan behar da.
Azkenik, berriztagarria: saltzen dugun energia berriztagarria da.
Zer eskaintzen duzue? Nola bat egin daiteke zuen proiektuarekin?
Argindarren kontratuak proposatzen dizkiegu partikularrei, profesionalei eta herri-kolektibitate ezberdinei. Iparraldean kokatuta dauden pertsona guztiek argindar kontratua dute eta gurekin pasatzen ahal dute gure webgunearen bidez, formulario sinple bat betez.
Gure nahia da ahal diren guztiak kooperatibako kide izatea herritar dinamika sortzeko, baina ez da behartua kooperatibako kide izatea bezero izateko.
Profesionalen artean Ipar Euskal Herriko lantegi garrantzitsuak ageri dira. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Bazkide gisa gure aktibitatea hasten lagundu dute Herrikoak, Sokoak, kooperatiba ezerdinek (Loreki, Alki) eta beste lantegi batzuk. Gure aktibitatea hasi dugunean profesional anitzek bat egin dute gurekin. Gaur egun 100 bat ditugu: komertzioak, ostatuak (Martxuka eta Maiteina, adibidez), ikastolak, AEK. Industriak ere arrimatu dira. Batzuek badituzte urte askoko kontratuak eta itxoin behar dute.
Hiri Elkargoak bultzatu duen eskaintza deia irabazi dugu eta Miarritzeko hiria dugu bezeroen artean, adibidez, 130 kontraturekin. Hiri Elkargoa ere bai, 50 bat punturekin. Baionako hirian 17 puntu eta beste entitate batzuk Angelun eta Bidarten.
600 bazkide eta 1.300 kontratu ditugu gaur egun.
Interes kolektiboko kooperatiba da zuena. Zer esan nahi du horrek?
Interes ezberdinak batzen dituen kooperatiba bat da. Alde batetik, ekoizleak, nahi dutenak ahal bezain garesti saldu. Bestetik, bezeroak, ahal bezain merke erosi nahi dutenak. Langileak ere badaude, nahi dutenak baldintza onean lan egin. Kolektibitateak daude. Eta, azkenik, lurraldean lantegi bat garatu nahi duten herritarrak.
Interes bakoitza sei kolegio ezberdinetan dago banatuta; bakoitzak du bozka eskubidea biltzar nagusietan.
Hego Euskal Herrian bada zuen antzeko beste kooperatiba bat, Goiener. Baduzue harremanik?
Biziki ongi ezagutzen ditugu eta elkarrekin ari gara elkarlanean. Martxo hasieran Goienerrekoekin bildu gara eta aztertzen ari gara ea sinergiak atxematen diren, mugaz gaindiko dinamika bat sortu ahal den.
Nola uztartzen da euskara zuen baloreekin? Zein gainbalio ematen dio Bai Euskarari Ziurtagiriak zuen proiektuari?
Gure lehen gauza zen herri bati edo toki bati finkatua izatea: Ipar Euskal Herriari. Hemen hizkuntza euskara bada, euskararen erabilera bultzatu nahi dugu gaur egun erabilia ez den aktibitate batean. Ipar Euskal Herrian orain arte zegoen energia hornitzaileak frantses hutsez egiten zuen. Gure lantegiaren bitartez euskara aktibitate berri batetara ekartzea da gure nahia. Guretzat garrantzitsua da hori.
Ziurtagiriak erakusten du euskara erabiltzen dugula. Manera da jakinarazteko euskaldunei argindarra euskaraz galdetzen ahal dutela, beraz euskara biziarazteko eta jakinarazteko manera bat dela.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin