Lansarean.eus webgunea lana bilatu edo profesional egokiak aurkitzen laguntzeko euskarazko lan-atari bakarra dugu. 2015ean sortu zuen Bai Euskarari Elkarteak eta urtez urte webgunearen erabiltzaileen kopurua handituz doa. Iaz, erabiltzaileen iritziak kontuan hartuta, hainbat atal gehitu eta funtzionalitate berriak erantsi zitzaizkion. Gaurkoan, lan-ataria erabiltzeko gidak ere berritu ditugu.
Lansarean.eus-eko NOLA ERABILI? atalean dituzue gida berriak: lan bila ari direnentzat eta profesionalak aurkitu nahi dituzten enpresentzat gida bana egin dugu, lan-ataria erabiltzeko jarraibideekin.
Maddi Iregi lankideak emango dizue Lansarean.eus-en berri bideo honetan:
Lansarean euskarazko lan-atariak aurretik eskaintzen zituen zerbitzuekin batera, beste funtzionalitate hauek ere nabarmendu nahi ditugu:
Lan bila ari diren hautagaietako askok lan bilaketa konbinatua egiten dute, hau da, enpresen eskaintzen bitartez lana bilatzeaz gain, enplegu publikoko deialdietara ere jotzen dute. Hala, lan-atarian eskaintza publikoen atal berezi bat sortu da. Taula batean, era oso bisualean, indarrean dauden lan eskaintza publikoak ageri dira, une horretan horietako zeinetan eman daitekeen izena zehazten da, bai eta noiz izango diren hurrengo azterketak eta lan eskaintzak ere. Horrela bada, oso grafikoki, erabiltzaileak ikusi ahal izango du noiz eman dezakeen izena lan eskaintza publiko batean.
Atal berezi horrez gain, lan eskaintza publikoetara aurkeztu nahi dutenentzako baliagarri izan daitezkeen beste bi atal ere sortu dira: materiala euskaraz biltzen duen atala eta lan eskaintzetarako galdera poltsen atala.
Era berean, lan-atarian Solasgunea ere baliatuko da hautagaien arteko harremanak errazteko eta dokumentazio-trukea ahalbidetzeko.
Bestalde, lan bila ari direnak aktibatu nahian eta proaktiboak izan daitezen, galdera-poltsa bat osatzeko aukera sortu da lan-atarian. Lan eskaintza bakoitzeko, hautagaiek test desberdinak sortzeko eta partekatzeko aukera izango dute, eta hauetan galderak pilatzen joango dira.
Lan bila ari direnek, geroz eta gehiago, bere burua bideo bidez aurkezten dute. Bideocurriculumak txertatzeko aukera eskaintzen du orain Lansarean lan-atariak. Hautagai bezala sartu eta idatzizko curriculumarekin batera agertuko da bideozkoa igotzeko aukera.
Lansareanen hautagai edo enpresa bezala beraien kontuan sartu nahi dutenendako sarrera errazagoa jarri da orain: webgunearen azalean sartutakoan agertzen dira orain lehen baino argiago bakoitzaren kontura sartzeko atalak.
Beste berrikuntza bat ere bada eskaintzetan izena eman dutenen kopurua agertzen dela. Hala, enpresek bakarrik ez, hautagaiek ere jakingo dute lan eskaintza jakin batean zenbat lagunek eman duten izena.
Hauek eta beste funtzionalitate berri batzuk eman dizkiogu Lansarean lan-atariari. Denak ikusi nahi badituzu, sartu Lansarean.eus webgunean.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin