Euskara ardatz hartuko duen etorkizun berdinzalearen alde, ‘Geroa euskaratik’ kanpaina

GeroaEuskaratik.jpg

Gizarte berdinzale eta demokratikoagoa eraikitzeko, euskarak ere erdigunean egon behar duela eskatuko du Kontseiluaren Geroa euskaratik kanpainak. Bai Euskarari Elkarteak ere kanpainan parte hartuko du, euskalgintzako hainbat erakunderekin batera.

Covid-19ak sortutako krisiak agerian utzi ditu gizarte honen hainbat hutsune, euskalgintzan nahiz bestelako gizarte esparruetan. Hizkuntza eskubideen etengabeko urraketek agerian utzi dute hori, esaterako. Horregatik, normalitate berri baterantz jotzeko abagunea dugu orain, elkartasunetik eta gizarteko talde desberdinen begirunetik. Baita hizkuntza auziei dagokionez ere. Egoera horri erantzuteko, Kontseiluak martxan jarri du Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz kanpaina. Euskararen normalizazioak bestelako gizarte normalizazio bat bultzatu dezakeela ziur da: eskubide guztiekiko begirunea, gizarte kohesioa, gertutasuna eta konpromiso kolektiboa oinarri duena.

Bost argudio geroa euskaratik eraikitzeko

  • Euskarak herritarrak elkartzen eta saretzen ditu.
  • Euskalduna nola, gutxituta dauden talde eta herritarrekiko begirunea lantzeko tresna da euskara…
  • … eta begirunea landuz, elkar errespetatzeko eta zaintzeko bidea irekitzen du, gertutasunetik eta elkartasunetik.
  • Horregatik, herritarren eskubide guztiak bermatzeko oinarria da euskara.
  • Eta ondorioz, gizarte berdizale eta demokratiko baterako zutarria da.

Zergatik geroa euskaratik?

Herritarren eta eragileen ahotsa entzutea inoiz baino garrantzitsuagoa dela diote eta ahots denei leku egin nahi die kanpainak. Herritar, eragile nahiz bestelako norbanako zein taldeei galdera honi erantzuteko gonbita luzatu die: Zergatik geroa euskaratik?

Kontseiluko bazkideak izango dira galderari erantzuten lehenak. Era berean, gizarteko aurpegi ezagunek ere parte hartuko dute kanpainan.

Bai Euskarari Elkarteko Rober Gutiérrezek ere erantzungo dio galderari laster argitaratuko den bideo batean.

Herritarrek eta bestelako erakundeek -euskalgintzakoak nahiz bestelakoek- beste hainbeste egin dezaten nahi du Kontseiluak. Hau da, Zergatik geroa euskaratik? galderari erantzun eta bideo bidez nahiz idatziz sare sozialetan partekatzeko gonbita luzatu die Kontseiluak. Mezu horietan #geroaeuskaratik traola agertzea eta Kontseilua etiketatzea eskatu dute.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin