Etxean konfinatuta egon garen aste hauetan, inoiz baino argiago ikusi dugu zein garrantzitsuak diren pertsonen arteko harremanak. Bat-batean bizitza goitik behera aldatu zaigu askori, eta jabetu gara zein beharrezkoa dugun elkarrekin egotea, elkarrekin lan egitea, elkar zaintzea eta elkarrekin saretzea. Ezin dugu aurrera egin bakarrik. Beharrezkoak ditugu harremanak, eta harreman horietarako tresna ditugu hizkuntzak. Izan aurrez aurre edo Internet bidez, hizkuntza dugu saretzeko tresna.
Euskara dugu lanabes askok eta askok; eta gero eta gehiago gara aukera hori egiten dugun norbanako eta era guztietako enpresak eta erakundeak. Jakin badakigulako euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, sortzea, berritzea, ekitea, saltzea eta erostea, egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posiblea bada, gure ongizatea eta bertako garapena handiagoak direla.
Bai Euskarari Elkartean alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragiten ari gara, harreman horiek euskaraz izan daitezen, euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dutenei tresna, bitarteko zein proiektu baliagarriak eskainiz (ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean, Euskaragileak, etab.). Euskaratik eta euskaraz. Komunitatea sustatuz. Eta krisi garai honetan ere, gertuko komunitateari ekarpena egitea garrantzitsua dela uste dugu, eta horretan ari gara lanean azken asteetan ere, baliabide berriak sortuz eta partekatuz, guztien eskura jarriz.
Geroaz ari gara, baina orain ari gara zehazten nolakoa izan behar duen. Orain da unea lan munduaren geroan eragingo duen benetako jauzia erraztuko duen akordioa finkatzeko eta gauzatzeko. Agente guztion arteko osagarritasuna bilatuz. Denok norabide berean, elkartasunez eta begirunez. Guk erronkari heldu nahi diogu, argi dugulako gure esperientzia eta ikaspenak lagungarriak izaten ari direla Euskal Herriko alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzen joateko.
Horregatik, geroa euskaratik pentsatu eta eraiki behar dugu, elkar hartuz eta elkar zainduz.
#GeroaEuskaratik #GeroaElkarrekinEraikiz
Rober Gutiérrez
Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin