Geroa Elkarrekin Eraikiz, euskaratik

geroa-elkarrekin-youtube.png

Nola irudikatzen duzue Euskal Herriaren etorkizuna? Bai Euskarari Elkartean euskaratik eraikitako herria irudikatzen dugu. Euskal Herrian euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, sortzea, berritzea, ekitea, saltzea eta erostea, egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posible egiten badugu, herritarron ongizatea eta lurraldearen garapena handiagoak izango dira. Eta bide hori elkarrekin eraiki behar dugu, Bai Euskarari Komunitatearekin batera; elkar zaintzeko eta babesteko garaia da. Aurrera egiteko eta babesteko beharrezkoa dugu elkarrekin egotea, elkarrekin lan egitea, elkar zaintzea eta elkarrekin saretzea. Gure geroaren parte zarete. 

 

Bai Euskarari Komunitateari aitorpena egin nahi izan diogu bideo honekin. Eskerrik asko parte hartu duzuen entitateoi! Segi dezagun #GeroaElkarrekinEraikiz , euskaratik eta euskaraz.

Euskara ongizaterako giltzarri

Geroa euskaratik eraikitzeko, aldaketak egiteko eta eragiteko baliatu behar dugu egoera hau. Asko ari gara hitz egiten etorkizunerako baldintza sozial, politiko, juridiko eta ekonomiko egokiagoak eraikitzeaz. Halaber, tokikoari garrantzia emateaz, bertatik eraikitzeaz, elkarrekin eraikitzeaz… Gure ongizatea, eta lurraldearena, hizkuntzekin ere lotu behar da, eta gure kasuan, euskara da gure ongizaterako giltzarrietako bat. 

Elkarrekin

Elkarlanean aritu behar dugu, elkarri aitortuz alor sozioekonomikoan bakoitzak duen garrantzia, elkar babesten. Izan ere, euskararen sustapena denon inplikazioa behar duen prozesu kolektiboa da, prozesu honek konpartitua izan behar du eta eragile guztiek egin behar dute bere ekarpena. 

Bai Euskarari Elkartea ari da ekarpena egiten, alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragiten, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz. Guk argi dugu, #GeroaElkarrekinEraikiz izango du euskarak presentzia handiagoa. 

Euskarak egiten gaitu bertako, gertuko, konfiantzazko, erakargarri, kalitatezko, profesional, lehiakor, motibatu, komunitate... Segi dezagun #GeroaElkarrekinEraikiz , euskaratik eta euskaraz.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin