Bai Euskarari Elkarteak hizkuntza kudeaketarekin kezka duten Arabako enpresen arteko foro bat gidatuko du

EjjwpaBWAAAKCam.jpg

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin bat egin dute Lanabes - Araban Euskara Lanean programari bultzada emateko. Akordio horri esker, hiru erakundeek lurraldeko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko giltzarri izan nahi duten bi proiektu abiatuko dituzte laster: aholkularitza-zerbitzu tekniko bat eta praktika-komunitate bat. Azken hori, praktika-komunitatea, Bai Euskarari Elkarteak kudeatuko du.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Electra-Vitoriaren lantegian egin dute akordioaren aurkezpena.

"Zerbitzu horren jatorria 2019an Arabako Foru Aldundiak 50 langiletik gorako enpresei bidali zien galdetegian dago, hizkuntza-kudeaketari buruzko datuak biltzeko asmoz", azaldu du Lexuri Ugarte Aretxaga Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak. "Horietako 59k erantzun zuten galdetegia, eta eskerrak eman nahi dizkiet haien jarrera eta parte-hartze paregabeagatik".

Erantzun horien bidez, txosten bat egin zen emaitza orokorrekin, eta enpresen beharrak ondorioztatu ziren; gaur iragarritako neurriekin erantzutea espero dute.

Aholkularitza-zerbitzu teknikoa

Alde batetik, Lanabes zerbitzu teknikoa urrian zehar jarriko da martxan, eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak kudeatuko du. Aholkularitza eta laguntza teknikoak eta ekonomikoak eskainiko dizkie hizkuntza-kudeaketa hobetu nahi duten lurraldeko enpresei.

Arabako enpresen foroa

Eta, bestetik, Arabako enpresen arteko foroa eratuko da, praktika komunitate bezala. Arabako Lurralde Historikoan kokatuta dauden eta hizkuntza kudeaketarekin kezka duten enpresen arteko foro bat da, besteak beste, ardura hauek izango dituena: euren jardunaz duten jakintza, gogoetak eta kezkak partekatzea; elkarrengandik ikastea; jakintza berria sortzea eta Arabako Lurralde Historikoaren alor sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen laguntzea.

Proiektua hiru administrazioen arteko lankidetzaren emaitza izango da, eta Lanabes talde eragileko partaide den Bai Euskarari Elkarteak kudeatuko du.

Erakundeen arteko lankidetza

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, prentsaurrekoan, azpimarratu du hizkuntza normalizaziorako politiketan erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza. Dobaranek esan duenez, Lanabes programa elkarlan horren emaitza da eta Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren normalizazioan beste urrats bat ematea da.

Aurkezpenean Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia ere izan da, eta azaldu du hainbat urtez "txikizkako merkataritzan" egin dituela ahaleginak: "Gune handiak alde batera utzi ditugu, merkataritza guneak, frankiziak... beste agente batzuk haien gainean lanean ari zirelako. Industria ere ez dugu gehiegi landu, gure jarduera eremua gainditzen zuelako", adierazi du. "Orain hiru administraziook indarrak batzen ditugu euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan indartzeko".

Urritik aurrera, Lanabes harremanetan jarriko da interesa agertu zuten enpresekin, eta laguntza eta zerbitzu horiek eskainiko dizkie. Hala ere, Arabako Lurralde Historikoan 50 langile baino gehiago dituen eta egokitzat jotzen duen edozein enpresa harremanetan jarri ahal izango da ekimeneko kideekin. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitezte Bai Euskarari Elkartearekin harremanetan info@baieuskarari.eus helbidera idatzita.

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin