"Gure lurraldearen garapena hizkuntzarekin lotu beharra daukagu"

Rober-Berria.jpg

Enpresarean Azokaren harira elkarrizketa egin zioten Berria egunkarian Rober Gutiérrez Bai Euskarari Elkartearen zuzendariari. Hona ekarri dugu elkarrizketa, CC BY-SA 4.0 lizentziari esker.

Garapen iraunkorra hizkuntzarekin lotu duzue. Zergatik?

Garapen iraunkorreko helburuarekin saiatzen dira bidezkoagoa den mundu bat eraikitzen, eta hori hizkuntzaren bidez ere lortzen da. Argi dugu gure ongizatea eta gure lurraldearen garapena hizkuntzekin lotu behar direla, hori gabe ezinezkoa baita lurralde bidezkoagoa eta iraunkorragoa lortzea. Horri guztiari ekarpen bat egiteko egingo da jardunaldia.

Enpresetan zenbateraino dago barneratuta hori guztia?

Denetarik dago. Jardunaldi hau prestatzen ikusi dugunagatik, garapen iraunkorreko gaia oso gauza urruna da. Enpresak eta administrazioak lantzen ari dira, baina jendeak ez daki oso ondo zer dagoen horren atzean. Hizkuntzari dagokionez ere, ikusten dugu kostatu egiten zaigula hizkuntza kudeaketaren gaia enpresen agendetan txertatzea.

Egungo egoeran, zailtasun horiek areagotu dira?

Bai, COVID-19aren eraginez, lehen zeuden zailtasunak areagotu egin dira. Hizkuntzak kudeatzen zituzten enpresa askok jarraitzen dute horretan, baina beste askok bigarren mailan utzi dute.Ez da azaltzen lehentasunen artean, eta enpresen ikuspegitik badaude hizkuntzen aldagaia baino gai garrantzitsuagoak. Hor badago arazo handi bat, hizkuntzak ere badirelako ekonomiaren motor, eta horrek ere eragiten du gizartearen batasunean. Orain arte hizkuntza kudeaketarekin kezkarik izan ez duten enpresa horiekin lan egin behar dugu, eta lagundu behar diegu euren jardunean euskara txertatzen, ikusaraziz euskarak zer balio duen.

Diozunez, orain arte atxikimendurik erakutsi ez dutenei erakutsi beharko litzaieke euskarak zer balio duen. Limurtzearen bidetik soilik lor daiteke euskara lan munduan txertatzea?

Limurtzea ondo dago, mezu positiboak transmititzea, baina horrekin ez da nahikoa. Aurreko hogei urte hauetan lan horretan aritu gara, enpresak erakarri eta limurtu nahian. Honetan guztian hainbat eragile daude, eta hor sartzen dira administrazioak eta enpresak, bakoitza bere erantzukizunekin, eta bakoitzak bere neurriak hartu beharko lituzke. Orain dela hilabete batzuk Jaurlaritzak arlo sozioekonomikorako plan estrategikoaren diseinua amaitu zuen, eta hortik neurri batzuk garatu beharko dira datozen urteotan. Hor zehazten dira administrazioari dagozkion zereginak, enpresek bete beharrekoak, langileek bete beharrekoak, eta euskalgintzari dagozkigunak. Horien batura egokitik lortuko ditugu emaitza arrakastatsuak.

Alor sozioekonomikoko plan estrategikotik zer espero duzu?

Euskalgintzarekin batera garatu da, eta horren garapena ikusi nahi dugu hemendik aurrera. Diseinua prest dago, eta espero dugu legegintzaldi honetan horren inguruan urrats nabarmenak egitea.

Lanbide Heziketako ikasleen %37k egiten dute euskarazko hautua hezkuntza dualean. Horrek ez du laguntzen enpresen arloa euskalduntzen...

Arlo horretan beti egon da alde handia. Hezkuntzan ahalegin eta inbertsio handia egin da, baina gazteek lan mundura jauzia egin behar dutenean, ikusten da aurretik egindako inbertsioak ez duela segidarik. Hori esaten ari ginen lan munduan ere geroa euskaratik eraiki behar dela esaten genuenean. Momentu interesgarrian gaude, hemendik urte gutxira langile multzo handi batek hartuko baitu erretiroa, eta belaunaldi berri bat sartuko baita lan merkatura. Euskaraz prestatu den belaunaldi oso bat. Egia da ez dugula ordura arte itxaron behar, baina segida bat behar da. Nahi badugu hemendik gutxira gazte horiek euskaraz lan egin dezaten, enpresan ere bestelako neurriak hartu behar dira. Ardura osoa hezkuntzaren gain utzi da, eta pentsatu da haurrak eta gazteak euskaraz prestatzearekin nahikoa zela, baina ikusi da bazegoela akats bat, bestelako urratsak ere egin behar direlako. Hori falta da: enpresekin, sindikatuekin eta hor parte hartzen ari diren eragile guztiekin adostuta, neurriak hartzea.

Lan hitzarmenetan txertatu beharko lirateke enpresak euskalduntzeko neurriak?

Zalantzarik gabe. Zehar lerroek itun guztietan egon behar dute, azkenean horiek eragiten dutelako enpresa baten eguneroko funtzionamenduan. Genero berdintasuna kudeatu behar da, baina baita ingurumena eta hizkuntza ere. Azkenean, hizkuntzekin lan egiten dugu, eta hizkuntzarik gabe ez dugu lanik egiten. Hizkuntzak ere badirela ekonomiaren motor, hori argi izan behar da.

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin