"Lantzen ari gara nola kokatu euskararen normalizazioa Fagor 2030 eszenatokian"

leire-okarantza-fagor.jpg

Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna da. Fagor Taldea eskualde izaerako kooperatiba taldea da, eta honako kooperatiba hauek osatzen dute: Copreci, Fagor Arrasate, Fagor Automation, FagorEderlan, Fagor Electrónica, Fagor Industrial, Mondragon Assembly eta Galbaian. Agenda 2030, Garapen Iraunkorreko Helburuak, Giza Baliabideak eta euskararen inguruan aritu gara berarekin, Enpresarean Azokaren bosgarren edizioaren harira.

Giza baliabideei edo Gestio Sozialari gero eta bitarteko gehiago eskaintzen diote enpresek. Nola lantzen duzue arloa Fagor Taldeko kooperatibetan?

Erronka handiak ditugu kooperatiba eta enpresa guztietan eta nola ez, giza baliabideen arloan aldaketa handiak ematen ari dira, eta horrek dedikazio sakonagoa eskatzen du. Gestio sozialean asko dira une honetan jorratu beharrekoak; lanerako behar ditugun perfilak, lanpostuak, pertsonen erakarpena, produkzio beharrak, egutegi aldaketak, merkatuen konplexutasuna... eta horri erantzuteko malgutasuna behar da.

Era berean, pertsonen garapenak garrantzi handia dauka kooperatibentzat eta formazio eta trebakuntza ezinbestekoak dira.

Eta egoera konplexu horren ingurumarian, 2030 Agenda ageri da horizontean.

Arlo sozialari garrantzia eman al zaio 2030 Agendan?

Bai noski, arlo soziala iraunkortasunaren dimentsioetako bat da. Pertsonak eta gizarte inplikazioa iraunkortasuna kudeatzeko bost arloetako bi dira. Pertsonak erdigunean jartzen dira eta, kooperatiba garen heinean, oraindik eta pisu handiagoa hartzen du adar honek. Ezagutzaren aroan bizi gara eta pertsonak dira, neurri handi batean, enpresa lehiakortasunaren gako. Erronka handiak ditugu esparru honetan eta Fagor 2030 ekimen estrategikoaren baitan definitzen ari gara horiek, Fagor Taldea osatzen duten pertsonen eta gertuko komunitatearen ongizatea xede.

Horrekin lotuta, eta euskararen normalizazioaren ikuspegitik, nola jarriko dituzue praktikan Garapen Iraunkorreko Helburuak Kooperatibetan?

Euskararen normalizazioa Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren baitan kokatzea dagokigu orain. Erronka globalei erantzutea dagokigu, baina iraunkortasunerako bidea euskaraz eta euskaratik egiteak erronka horiek tokiko eskalara ekartzea erraztuko duela aurreikusten dugu.

Arlo horretan, baina, ibilbide luzea duzue.

Bai, 20 urte bete genituen ibilbide honetan eta asko ikasi dugu. Azken bospasei urteetan planak egokitzen jakin dugu eta kudeaketan txertatzen. Hizkuntzak kudeatzeaz ari gara eta arlo sozioekonomikoan euskarari funtzio propioak aitortzeaz. Azkeneko prozesu estrategikoan lau lan ildo markatu genituen. Lehena da ulermenaren unibertsaltasuna; lanpostu guztiek dute eskakizuna beraien behar komunikatiboen arabera eta gutxieneko eskakizun maila ulermena da. Bigarren lan ildoa mapa linguistikoen kudeaketa da; gune bakoitzak ezagutza eta erabilera identifikatuta, arnasguneak babestu eta eragile bihurtuz. Hirugarrena, euskarari funtzio propioak aitortzea; euskarak funtzio zehatzak behar dituelako lan esparruan bere iraunkortasuna bermatzeko. Eta azkenik, laugarren lan-ildo estrategikoa komunikazioa eta legitimazioa; barne zein kanpo komunikazioa garatu eta arlo honetan gizarte eragile gisa egin dezakegun ekarpena indartuz.

Gainerako arlo sozialeko kontuekin zein sinergia izan behar du euskarak?

Arlo guztien baturak osatzen du proiektu kooperatiboa eta ezin ditugu arlo ezberdinak bakartuta kudeatu. Arlo guztiek elkar-eragiten dute eta aldi berean elkar-elikatzen dira. Epe luzeko estrategiak markatzen ari gara arlo sozialean ere eta euskararen normalizazioan egindako bidean ikasitakoak orain aintzat ez hartzea hutsegitea litzateke. Baina euskararen normalizazioak ere ezinbestean edan behar du bestelakoetatik, gizarte eraldaketa edo genero berdintasunetik adibidez.

Bueltatu gaitezen euskarara. Adostutako neurriak betetzen ez direnean, zer?

Euskararen ezagutza, lanpostuaren eskakizun bat gehiago da eta gainontzeko eskakizun teknikoekin batera kudeatzea da helburua. Lanpostua beteko duen pertsonari eskakizunak zeintzuk diren eta horiekiko bere maila zein den adieraztea da ezinbestekoa. Abiapuntu horretatik beharrezko trebakuntza eta formazio planak ezarrita, beste edozein alorretan bezala. Azken urteetan, euskarari dagokionez, kontratazio berrietan eta lanpostu aldaketetan prozesu hori nola gauzatuko den zehaztu dugu. Alde biko konpromisoa eta jarraipena eskatzen ditu eta, beharrezkoa denean, neurri zuzentzaileak ezartzea.

Eta barne komunikazioaren ikuspegitik, nola iritsi langile eta bazkideengana?

Elkarlanean, kide guztiok osatzen dugu proiektu kooperatiboa eta ezinbestekoa da guztiok proiektuaren parte izatea. Komunikazioari dagokionez, kooperatibetan berezko kanalak ditugu: hitzaldi informatiboak eta kontseilutxoak, adibidez. Bestalde, momentu honetan, talde mailako buletin bat ere sortu dugu Fagor Taldeko pertsona guztiengana zuzenduta.


#EnpresareanAzoka2020-ri buruzko zenbaki berezian argitaratutako elkarrizketa.

Ikusi aldizkaria:

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin