Irantzu Lekue: "Gure kultura defendatu behar dugu, osotasunean ikusita, eta euskara gure kulturaren parte da"

irantzu-lekue.jpg

Irantzu Lekue gasteiztarra da ARTgia Sorgune Aretoaren sortzailea eta zuzendaria. Urte gorabeheratsua izan du 2020a eta Lazarraga Sariak aurrera egiteko indarra eman dio. Bere proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Zelan jaso duzue Lazarraga Saria? Zein esanahi du zuentzat sari honek?

Ilusio handia egin zigun berria jakiteak. Urte zaila izan dut pertsonalki; gauza asko gertatu dira eta zalantzan jarri dut dena. Sari hau seinale bat bezala izan da. Bidea egiten jarraituko dugu. Gauza batzuk aldatuko dira, baina euskararen erabilera ez da aldatuko. Espero dugu horretan ere eraldaketa sozial bat sorraraztea. 

ARTgia Sorgune Aretoa baino gehiago dela diozue. Kontaiguzu, zer da ARTgia?

ARTgia espazio bat da, espazio zuri bat bezala jaio zen. Gauza berriak egiteko, emakumeen lanak ikustarazteko, gazteei babesa emateko eta euren lanak erakusteko aukera ematen dien espazioa. Kultura arloko disziplina anitzek lan egiteko eta sinergiak sortzeko lekua ere bada. 

Bi bide jarraitzen ditugu. Alde batetik arte galeria dugu, sortzeko abiatzen dena eta beste sortzaile batzuk biltzeko espazioa dena; eta beste aldetik, enpresa bat gara, non kale ekimenak burutzen ditugun artearen bidez eraldaketa soziala bideratzeko helburuarekin. Kalean egiten ditugun ekimenetan asko horma-irudiak dira, instalazio artistikoak. Ardatza beti euskara da. Gure lana kultura zabaltzea eta defendatzea da, eta euskara gure kultura denez, ardatz izan behar da garatzen ditugun lanak bideratzeko.

Zer eskaintzen diezue artistei? Eta arte-zaleei?

Eskaintzen diegu espazio bat euren lanak ikusgai jartzeko, saltzeko aukera ere badute eta, era berean, ahal dugunean sortzeko bekak edo produkzioa lantzeko dirulaguntzak atera izan ditugu. Arte-zaleei eskaintzen diegu ekimen artistiko parte-hartzaileetan esku hartzeko aukera. Sorkuntza bultzatzen dugu tailer ezberdinen bidez, sormen praktikekin. Enkargu artistikoak garatzen ditugu, bezeroen ideia landu perspektiba artistiko bat emanez.

Komunikazioa lantzeko beste modu bat eskaintzen duzue, zeinentzat izan daiteke baliagarri?

Guztientzat, adin guztietako pertsonentzat. Umeek, adibidez, badute sortzeko gaitasun handi bat, ez dute beldurrik artearen bidez beraien sentimenduak, sentsazioak edo pentsamentuak adierazteko. Helduei gehiago kostatzen zaie. Praktika hauetan belaunaldi ezberdinetako pertsonek parte hartzen dute eta esperientziak partekatzen dira. Helduek izan duten bizitza transmititzea lortzen da eta pentsatzera bultzatzen duen lan bat da. 

Orain arte erakunde ezberdinekin egin izan dugu lan, gai ezberdinen inguruan: eraldaketa klimatikoa, feminismoa, etab. Herria batzen duten ekimenak dira. Esperimentazioa ere lantzen dugu; errealitate areagotua lantzen duten horma-irudiak egin izan ditugu, adibidez. 

Gasteizen badago artearekiko zaletasunik? Zein mugimendu dago?

Badago, baina kostatzen da aurrera jarraitzea, batez ere garai hauetan. Babesa murrizten ari da eta kosta egiten da. Badago artea bultzatzea gustatzen zaion publiko bat ere eta artea erosteko prest dagoena. 

Pandemiak nola eragin du zuen sektorean?

Proiektuak egiteko diru gutxiago dagoenez zenbait bezerok merkeago lan egitea eskatzen digute… Lan batzuk bertan behera gelditu dira eta bidean pausa egiteko garaia izan da. Ez da txarra izan, erritmo handian genbiltzan eta gelditzeko eta gauzak ondo pentsatzeko aukera eman digu, bidea zuzendu eta hausnartzeko. 

Koronabirusak, baina, ez zaituzte gelditu eta ekimen ezberdinak sortu dituzue hilabete hauetan: #ARTdemia eta #Resialiart erakusketa birtualak, adibidez. Zer azpimarratuko zenuke bi ekimen horietatik?

Artistek oso ongi jaso dituzte ekimenak. Gogo handia zuten beraien lanak islatzeko eta jendea mugitu da erakusketa horietan. Salmentak egon dira eta oso pozik gaude. Internetek ematen duen aukera aprobetxatzen jakin dugu eta babes handia izan da artista askorentzat. 

Aretoko erakusketekin ere hasi zarete berriz. Aurrera begira, zer proiektu dituzue buruan?

Orain Neguko Arte Azoka antolatuko dugu, laugarren aldiz. Artistek 2 edo 3 artelan erakusgai jartzen dituzte aretoan. Beraien biografiak ere zabaltzen ditugu eta erosteko aukera izango da. Aurten emakumeen lanetan arreta jartzea gustatuko litzaidake eta hausnartzea Gasteizko emakumeek esaten dutenari buruz. 

Azoka honen ondoren badugu performance bat, urtarrilaren 7tik 10era bitartean. Gazte Klik Klak lehiaketa ere kudeatzen ari gara, Gasteizko Udalarekin batera. Urtarriletik otsailera erakusketa egingo dugu lehiaketako irabazle eta finalistekin. Oraingoz datorren urterako programazioa lotzen ari gara eta proposamenak jasotzeko prest gaude, aretoa horretarako dago! 

Bai Euskarari ziurtagiria duzue, zerbitzua euskaraz ematen duzue eta euskara aintzat hartzen duzue ekimen guztietan. Zergatik egin duzue hautu hori? Zer ematen dizue euskarak?

Kanpoko lanetan hizkuntzaren erabilera desberdinen inguruan hausnartzen dugu. Oso desberdina da Berriatuan lan egitea edo Gasteizen lan egitea. Asko gustatzen zait hizkuntza nola erabiltzen den ikustea eta erabiltzea. Niretzako polita da euskalki ezberdinak erabiltzea, adibidez, baita umeekin euskararen erabilera sustatzea ere. Askotan gaztelaniara jotzen dute eta, erantzunak euskaraz jasota, euskaraz gehiago saiatzen dira. Niretzat euskara lana garatzeko eta disfrutatzeko tresna bat da.

ARTgia bekak banatu izan dituzue, bekak ematerako orduan euskara baloratzea bururatu zitzaizuen, nolatan?

Sorkuntza euskaraz egiteak beste balio bat ematen du, proiektua aurrera eramateko baliagarria delako. Batzuentzat ahalegina da, baina gure oinarrizko ardatza da. ARTgian parte hartzeko asmoa badute, esfortzu txiki bat eginarazi nahi diegu euskaraz proiektua bideratzeko. 

Zer gomendatuko zenieke euskara txertatzen hasi nahi duten gainerako kultur eragileei?

Pauso bat emateko esango nieke. Gure hizkuntza oso garrantzitsua da gure nortasunean eta esfortzu txiki bat egitea baliagarria dela adieraziko nieke. Gure kultura defendatu behar dugu, osotasunean ikusita, eta euskara gure kulturaren parte da. 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin