Datorren ostegunean, ekainak 17, banatuko ditugu 2021eko Bai Euskarari Sariak. Zein hiru entitatek jasoko dute 2021eko Bai Euskarari Saria? Zein izango dira arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeagatik eredu bihurtu nahi ditugun entitateak? Ostegunean argituko ditugu galdera horiek. Ez da izango, ordea, izango dugun sorpresa bakarra: ekitaldian ezagutzera emango dugu Bai Euskarari Elkartearen irudi berritua!
Vanessa Sánchezek aurkeztuko du ekitaldia eta erritmoa jartzeaz arduratuko dira Musikeneko hiru artista: Juan Oliveira, gitarran; Nacho Soto, teklatuan; eta Ander Alonso, baterian.
Sari banaketa ekitaldia zuzenean emango dugu Baieuskarari.eus webgunean eta Eitb.eus-eko zuzenekoen plataforman.
Arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragin nahi dugu Bai Euskarari Elkartetik. Esperientzia metatu dugu lan honetan eta, gure ibilbidean sortu ditugun proiektuei esker, sare anitza osatzen ari gara gure komunitatean parte hartzera gerturatzen diren entitate eta pertsonekin. Bai Euskarari Elkartea da sare hori josten duen haria. #SareaIndartzen, horixe izango da aurtengo sari banaketarako gaia.
Ospakizun berezira etorri nahi baduzu, eman izena, toki gutxi batzuk geratzen dira oraindik.
Azken edizioetan bezala, Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak ekitaldia babestuko du.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin