20 jarraibide enpresetan euskaraz egoki jarduteko

Rober GutiƩrrez. Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria

Rober-iritzia-praktika-egokia.png

Ikasturtea hasi berri dugu eta, ohi bezala, asmo onak nonahi. Datozen hilabeteotan erdietsi nahi duguna irudikatu dugu, eremu pertsonalean zein profesionalean, eta horretan ari gara fokua jartzen: gimnasioan izena emateko eta dietak hasteko garaia izaten da, hizkuntzak ikasten hastekoa, astebururo planak egitekoa… Asmo horietako batzuk finkatuko dira; beste zenbaitek, berriz, indarra galduko dute denborarekin.

Aukera hau baliatuko dut gure inguruko enpresei zein profesionalei proposamen bat luzatzeko, irudikatzea eta errotzea nahiko nukeen asmo on horietako bat iradokitzeko; alegia, euren enpresetan hizkuntzak kudeatzen hastekoa. Zorionez, enpresa batzuk aspaldian abiatu ziren, euren borondatez, hizkuntzak kudeatzen, euskaraz lan egiten, euskaraz kontsumitzeko aukerak areagotzen eta euskaraz bizitzea errazten. Hala ere, urrats sendoak egin behar dira enpresa gehiago inplikatzeko, baita plangintzaren, arauen eta baliabideen kasuan ere.

Abiapuntuko lanketa erraza proposatuko dut, berehala emaitzak izango dituena. Bakoitzak pentsa dezala hilabetetik hilabetera garatuko duen neurriren bat. Ea ikasturte amaieran nola gauden. Eta zeintzuk izan daitezke neurri horiek? Bada, zuen enpresak euskarazko zerbitzua eskaintzera edo-eta euskaraz lan egiteko urratsak egitera eramango dituztenak, euskararen erabilera areagotzen lagunduko dutenak. Seguru asko, askok ez duzue jakingo nondik hasi edo zer egin. Bada, ez kezkatu!

Honezkero, zehaztuta daude jardunbide egokiak eta eredugarriak. Praktika egoki bat, esate baterako, honakoa da: enpresak bermatzea langile guztiek lanpostua garatzeko hizkuntza gaitasuna izango dutela, ahoz zein idatziz. Horrelako 20 jarraibide dituzue Bai Euskarari Elkartearen webgunean.

Adibidez:

  • Enpresetan zerbitzua eta lana euskaraz izatera iristeko ibilbidea zehaztea, plan bat eginez, edota Bikain zein Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez.

  • Egingo diren kontratazio guztietan hizkuntzaren irizpidea aintzat hartzea.

  • Lanerako baliabideek (softwareak, dokumentazioak…) euskaraz lan egiteko aukera bermatzea.

  • Bezeroak euskaraz artatuak izatea, aurrez aurre, telefonoz eta online.

  • Kontratatutako zerbitzuetako enpresek eta pertsonek ere (aholkularitzek, segurtasun zaindariek, telemarketinekoek…) euskaraz aritzeko gaitasuna izatea.

  • Interneteko interfazeak zein edukiak euskaraz izatea. PuntuEUS domeinua erabiltzea.

  • Kontsumitzaileei eta erabiltzaileentzako elementuak euskaraz egotea: gidak, katalogoak, menuak, aurrekontuak, fakturak, etab.

Euskalitek ere praktiken bilatzaile bat atondu du. Euskaraz aritu nahi duten enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei erreferentzia bat eskaini nahi zaie jarraibide horien bidez. Atera diezaiegun ahalik eta etekinik handiena, eta eragin dezagun gure inguruko espazio guztietan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko. #BaiPraktikaEgokia

Enpresabidea.eus-erako egindako kolaborazioa.

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin