"Gure helburua da adimen artifiziala demokratizatzea"

Romain Roquefère, Hupiko zuzendaria eta sortzailea; eta Irati Rodriguez, Negozio garapeneko arduraduna

3Q3A9855.JPG

Hupi adimen artifizialean espezializatutako enpresa da. Bidarten jaio zen 2013an, eta 2018tik Donostian ere badute ordezkaritza. Euskal Herri osoko enpresak dituzte bezero. Adimen artifiziala eta pertsonen ongizatea, industriaren lehiakortasunerako ardatz solasaldian parte hartu zuten Enpresarean Azokan. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu zuten 2021ean.

Zer da Hupi eta zer egiten duzue?

ROQUEFÈRE: Adimen artifizialean espezializatutako enpresa gara eta laguntzaile birtualak sortzen ditugu industria arloko bezeroentzat. 12 lankide gara gaur egun eta 60 bezero ditugu Euskal Herrian. Safran, Mondragon, Dbus eta Iberdrola dira gure bezeroak, besteren artean. Gure produktuek langileei laguntzen diete erabakiak automatikoki hartzen. 

RODRIGUEZ: Enpresa industrialetan askotan arazoa izaten da datu gehiegi dituztela, informazio gehiegi, eta erronka da arazoei erreaktiboki erantzun beharrean arazoak aurreikustea. Epe luze edo labur batean, etorkizunean pasako denaren ikuspegia eskaintzen dugu eta horri aurre egiteko gomendioak ematen ditugu. Adimen artifiziala erabilita langileen lan-karga gutxitu dezakegu eta beraien esperientzia hobetu.  

Nola aldatu da adimen artifiziala azken urte hauetan?

RODRIGUEZ: Hupi nekazal mundurako aplikazioak garatzen hasi zen, eta hasiera haietan inork ez zuen hitz egiten adimen artifizialaz, datuez edo big dataz. Garai hartan arazoa zen ez zegoela daturik. Une honetan, adimen artifiziala ez da moda bat, barneratuta dugun zerbait da eta enpresak pasa dira etorkizuneko teknologia bat dela esatetik, egunerokoan aplikatzera, eta ikusten dute honetan hasi ezean atzean geratuko direla.  

Bind 4.0 azelerazio programan parte hartu genuen 2017an eta han ikusi genuen industria 4.0 eraldaketa bazetorrela. Azelerazio programan irabazleetako batzuk izan ginen eta Hupi Ibérica sortu genuen Donostian. Ordura arte beste sektore batzuetan aritu ginen lanean, baina konturatu ginen Euskal Herrian industriak horrelako pisua izanda, bazela adimen artifizialeko teknologiak gure inguruan sortzeko garaia. Ordutik argi dugu adimen artifizialaren onurak baliatu behar ditugula gure eguneroko lanerako. 

Zuek enpresa industrialetan egiten duzue lan batik bat, ezta? Zein erronka izaten dituzue industriaren arloan?

RODRIGUEZ: Erronka nagusia izaten da datuak modu eraginkor batean erabiltzeko erremintak sortzea. Enpresa industrial batean, adibidez, ekoizpena optimizatzen lagun dezakegu, plangintzarentzat ahalik eta onuragarriena izateko. Bestetik, adimen artifizialak lagun dezake, produktu baten sortze prozesuan, eskulana bukatu baino lehen ahalik eta akats gutxien izaten, akats horiek ekiditeko irtenbideak proposatuz. Makinen mantenimendu prediktiboa ere egiten dugu, makina-erreminten osasuna bermatzeko. Produkzio lerroan egon daitezkeen geldiune edo matxura ezberdinak aurreikusi eta ekidin ere egin ditzake adimen artifizialak. Azken finean, akatsak aurreikusteko modu bat da eta datu historikoetan oinarrituz, gomendio ezberdinak eman ditzake. 

Mugikortasun enpresekin ere aritu gara. Donostibus enpresarekin, adibidez, produktu adimendunak sortu ditugu aire girotuko sistema hobetzeko, eta bisio artifizialeko kameren bidezko irtenbide bat ere sortu dugu jakin dezaten momentu oro zenbat pertsona dauden zain geltoki bakoitzean.

Zertan laguntzen du adimen artifizialak enpresetan?

RODRIGUEZ: Teknologia bat da adimen artifiziala, baina ez da lehiakortasuna hobetzeko bakarrik ezartzen, horren denaren erdigunean pertsonak daude. Pertsona horiek ahalduntzea bilatzen dugu egunerokotasunean lana hobeto egin ahal izateko eta benetan garrantzia duten erronketan fokoa jartzeko. Eguneroko su txikiak itzaltzen egon beharrean, ikuspegi globalagoa izan dezakete horrela.

ROQUEFÈRE: Osasun arloan ere egin dugu lanik. Izan ere, adimen artifizialak lagundu ahal du pertsonaren ongizatea areagotzen. Bizkaiko Foru Aldundiarentzat aplikazio bat sortu genuen adinekoei egunero galdetzen diena zein den beraien osasun egoera. Horren helburua da osasun jarraipen bat egitea, eta larrialdi egoera bat sortu baino lehen beharrezko baliabideak eskaintzea.

Enpresak lehiakorrak izateko, uste duzue ezinbesteko dutela gaur egun adimen artifizialean inbertitzea?

RODRIGUEZ: Ez da denek erabili behar duten zerbait, erabiltzearren. Teknologiak laguntzen digu esponentzialki hazten, baina ez du zertan adimen artifiziala izan. Uste dugu onura asko dituela, baina ez da enpresa guztientzat ezta edozein erronkarentzat ere. Gure helburua da adimen artifiziala demokratizatzea eta saiatzen gara enpresa txiki-ertainekin lan gehiago egiten. Saiatu behar gara lehiakortasun hori batzuei bakarrik eskaini beharrean, guztien eskura jartzen. Datuak eskuz pasatzen dituen enpresa bati adimen artifiziala oso urrun geratzen zaio. Badago ibilbide bat eta epe luzeko plan bat diseinatu beharra. 

Datuak eta datuak jasotzen dituzue zuen lanean. Hainbeste datu izanda, gero horiek ondo erabiltzea ez da erraza izango, ezta?

RODRIGUEZ: Datuen pribatutasuna pil-pilean dago eta oso garrantzitsua da. Ez ditugu pertsonen datuak jasotzen, enpresa industrialekin ari garenean makinen datuak jasotzen ditugu. Datuei garrantzia ematen diegu eta horretarako sortu dugu gure plataforma; Bidarten dugu data center bat. Gure bezeroen datuak ez daude lainoan, Euskal Herrian daude, leku konkretu batean. Baina ez gara datu pilatzaileak; datu horiekin behar den plataforma edo produktua sortuko dugu eta gero ezabatu egingo ditugu. Saiatzen gara ahalik eta gardenenak izaten. 

ROQUEFÈRE: Bezeroak batzuetan etortzen dira Bidartera, beraien datuak nola dauden ikustera. Guretzat ez da merkea horrelako data center bat izatea, baina bezeroek oso ondo baloratzen dute zerbitzu hori. 

Euskarari ere garrantzia eman diozue Hupin. 

ROQUEFÈRE: Duela 4 urte hasi ginen euskara ikasten eta orain lankide guztiak ikasten ari gara AEKrekin. Saiatzen gara gure artean ere praktikatzen. Ez dugu proiektu berriak lortzeko egiten; uste dugu euskara erabili behar dugula Euskal Herrian. Beste ekintza batzuetan ere parte hartzen dugu: Korrikan eta Euskaraldian, adibidez. 

RODRIGUEZ: Adimen artifiziala oraindik asko ingelesera bideratzen dugu, baina saiatzen gara ale txikia jartzen, produktuei izena euskaraz jartzen eta abar. Hizkuntza garrantzitsua da gure komunikazio tresna delako eta pertsonekin konektatzeko erraztasuna ematen digu. Gure izaeraren parte da euskara. 

Zein erronka dituzue orain Hupin? Eta etorkizunera begira?

RODRIGUEZ: Gure helburua ez da ekonomikoki garatzea, hori baliabide bat da gure ingurua sortzeko eta inguruan eragiteko. Hupiren amaierako helburua besteei ematea da. Gure ekosisteman oso pribilegiatuak sentitzen gara eta gizarteari eman nahi diogu aukeran dugun guztia: enpresa lehiakorragoak sortzen, baloreak transmititzen eta ekintza desberdinetan parte hartzen, gure inguruarekin konektatuta egonez.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin