Itun politiko eta sozial sendo bat euskararen biziberritzearen aurkako olatu erreakzionarioari aurre egiteko

kontseilua-batzarra.jpg

Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun erakundeok kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat, funtsean.

Gauza askorengatik da larria gertatzen ari dena. Batetik, epaileak ari direlako de facto hizkuntza-politika egiten, botere legegileari bere lekua ebatsita, eta, azken buruan, herritarren borondateari gaina hartuta. Ez dezagun ahaztu plazaratu berri den VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Euskal Autonomi Erkidegoan –azken epai horien eragin eremuan–, lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko; hots, epai horiek baliorik gabe uzten ari diren neurriak adostasun zabal baten gainean eraikitakoak direla.

Bestetik, epai hauen guztien ondorioa da milaka herritarren eskubideak urratzen direla, hau da, herritartasuna gauzatzeko gunerik nagusienean, administrazioarekiko harremanean, ukatu egiten zaiela euskaraz, beren burua ardazten duten hizkuntzan, hartuak izatea. Ukatze horrek eragin handia dauka milaka herritar horien eguneroko bizimoduko arlo askotan, bizipena bera nabarmenki okertuz. Halaber, administrazioko milaka langileren eskubideak urratzen ditu, euskaraz lan egiteko aukera eta eskubidea galarazten baitie.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da epai hauek guztiak lotzen dituen haria premisa faltsu bat dela: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajartzea. Izan ere, oldarraldi honi erantzunez epaien jomugan izan diren langileen protestek agerian utzi duten bezala elkar osatzen duten eskubideak dira, inola ere ez kontrajarriak.

Arestian esan bezala, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun erakundeok kezka handiz ikusten dugu hau guztia. Kezkaz ikusten dugu Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan indartzen ari den joera bat delako, eta, aldi berean, Euskal Herritik harago Espainiako eta Frantziako estatuetako beste hizkuntza gutxituen eremuetan ere gertatzen ari delako.

Larritasun honen aurrean erantzuteko eskaria jaso dugu jendartetik. Urte hasieran aurreratu bezala protokolo bat lantzen ari gara oldarraldi honi tokian toki erantzuteko behar diren tresnak herritarren esku jartzeko. Nolanahi dela, oldarraldiari erantzuteko biderik egoki eta eraginkorrena adostasun sozial eta politikoetan sakontzea dela argi du Kontseiluak, olatu erreakzionarioari aurre egingo dion itun politiko eta sozial bat helburu. Olatu erreakzionarioari eutsiko diona ez ezik, aurrera jauzi egin eta euskararen biziberritzeak egun dituen erronkei erantzuteko moduko hizkuntza-politika sendoak jasoko dituen itun politiko eta soziala. Bide horretan, askotariko eragile sozial eta politikoekin elkarrizketa erronda hasiko du Kontseiluak. Kinka estu honetan erantzukizunez jokatuko dutela espero dugu.

Berriro diogu, larria da gertatzen ari dena, euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.

Gasteizen, 2023ko martxoaren 24an

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin