Hupi, Errigora eta Sorland saritu ditugu #BaiEuskarariSariak2023 ekitaldian

saridunak2023_web.JPG

Euskararen erabilera areagotzeko lan handia egiten ari diren hiru entitate saritu ditugu aurten: Hupi, Errigora eta Sorland. Gaur, ekainak 14, egin da sari banaketa Donostiako Miramar jauregian, Albina Stardust-ek egin ditu aurkezle-lanak eta, sarituez gain, haizea ere izan dugu protagonista.

ARGAZKI BILDUMA

Askotan haizea kontra izanda ere, beldurrik gabe eta ausardiaz, beraien egunerokoan euskara txertatzen ari diren hiru entitaten saritu ditugu; inguruan eragiten dutenak, kontra egon litekeen haizea, aldeko haize bihurtzeraino. 

Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen duten entitateek apustu bat egiten dute; haien lanaren bidez, haratago joatea erabaki dute, euskaraz lan egin eta eroso bizi ahal izateko. Urtez urte urratsak egitera engaiatzen dira, euskarari espazio berriak irekitzeko gogoarekin eta beharbada ohituraz erdaldunagoak diren eremuetan euskarari merezi duen tokia ere ematen diote, ausardiaz.

Rober Gutiérrez, Leire Luengo eta Amaia Atxukarrok Bai Euskarari Elkartearen plan estrategiko berriaren nondik norakoak azaldi dituzte. Gutiérrezek azaldu duenez, "plan horretan lantaldeari garrantzia handia eman diogu, bere ongizateari eta bere proiekzio publikoari. Uste dugu aberasgarriagoa dela zuekin partekatzen ditugun espazio hauetan gure lantaldeari plaza eskaintzea". Hala, gaurko ekitaldian lan-taldeak ere protagonismoa hartu du.

 

Hupi

Guztiz erdalduna den sektore batean euskarari leku egiten ari dira sortu zirenetik, euskara beraien DNA-n dagoela diote, harrotasunez. Orain hain bogan dagoen adimen artifizialarekin lanean dihardute aspalditik, Ipar Euskal Herrian eta baita Hego Euskal Herrian ere. Bidarten eta Donostian dituzte bulegoak. 

2021ean eskuratu zuten ziurtagiria eta euskararen erabileraren aldeko aurrerapausoak ematen ari dira. 

Irati Rodriguezek eta Romain Roquefèrek jaso dute saria.

Errigora

Euskarari bultzada emateko lanean ari dira, bai Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari zuzeneko diru-ekarpena eginez, bai zonaldean euskarak espazio berriak irabaz ditzan lan eginez. Haien baloreek errekonozimendua merezi dute: euskara, auzolana, elikadura-burujabetza. 2021etik dute Bai Euskarari Ziurtagiria.

Xanti Kirogak jaso du saria.

Sorland

Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zenetik, hasiera-hasieratik, dute ‘Zerbitzua eta Lana euskaraz’ ziurtagiria. Zerbitzua euskaraz eskaintzen dute, lan euskaraz egiten dute eta, gainera, euskara ikusarazteko hainbat kanpaina egin izan dituzte urte hauetan guztietan. 

Leloak euskaraz ere sortu daitezkeela erakutsi dute eta, gainera, produktu edo marka bati Euskal Herrian ikusgarritasuna emateko ezinbestekoa dela euskara erabiltzea. 

Gorka Barruetabeñak jaso du saria.

Komunitatearen jaia

Sariak banatzeaz gain, Bai Euskarari Komunitatearen urteroko jaia ere izan ohi da ekitaldia. Aurten, eguraldia lagun, festa bikaina izan dugu Miramarreko lorategian. Bertan izan dira Ziurtagiria duten entitate ezberdinetako ordezkariak, baita erakunde publiko zein elkarte ezberdinetako kideak ere. 

Mila esker guztioi euskararen erabilera areagotzeko eragiteagatik!

ARGAZKI BILDUMA

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin