Sustapena bai, baina…

Iritziak.png

Uste dut lanbidearen ajearekin zerikusia izango duela, baina aitortu behar dut bisitatzen ditudan tokietako hizkuntza-paisaiari erreparatzen diodala. Hormetan itsasten diren kartelak, faroletatik zintzilik jartzen direnak, publizitate hesiak, bai denda edo-eta enpresetan ageri diren euskarriak ere (errotuluak, oharrak, eskaintzetako kartelak, etab.). Niretzat oso adierazgarriak izaten dira eta kezka handiz bizi dut, azken hamarkada hauetan esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia sustatzeko egindako lan eskerga gorabehera, horietan dagoen euskararen presentzia oraindik urria.

Horregatik uste dut negozioak sortzeko eta kudeatzeko garaian, hizkuntzen aldagaiaz modu ageriagoko batez hausnartu beharko luketela zuzendaritza-taldeek eta kudeatzaileek. Esku-hartzeren bat behar da joera alda dadin, enpresa gehienetan euskara ez baita kudeatu beharreko haien hizkuntzen artean ageri. Gainera, langileon eta bezeroon eragina oso mugatua da; ekintzaileagoak izan beharko ginateke egoera iraultzeko.

Esanguratsua da, halaber, administrazioen aldetik dauden utzikeria eta ezintasuna. Enpresa-eremuan, araudiek eragina dute funtzionamenduan eta kudeaketan. Hizkuntzak erabiltzearekin lotutako araudi espezifikoak egongo balira, eragina berehalakoa izango litzateke hizkuntzaren posizionamenduan.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), gutxi batzuk dira betebeharrak dituzten enpresak, beti ere interes orokorreko zerbitzuak eskaintzen badituzte (telefonia operadoreak, garraio enpresak, energia merkaturatzaileak, kreditu erakundeak, etab.). Horiekin batera, jendeari irekita dauden 250 langile baino gehiagoko establezimendu handiak, 50 miloi eurotik gorako negozio-bolumena badute, saltokiaren azalerak 400 metro karratu baino gehiagokoa bada, eta EAEko hiriburuetan edo elebidunen proportzioa % 33 baino handiagoa den udalerri batean kokatuta egonez gero…

Goikoaz gain, ez dago besterik euskararen erabileraren beharraz. Gainera, enpresek laguntzak jaso ditzakete administrazioen aldetik, baina horien truke, inork ez ditu behartuko hizkuntzaren aldetiko gutxieneko batzuk betetzera.

Bestalde, garbi dago gizarte ekimenetik zein administraziotik sustapenari begira egiten den lanaren eragina oso mugatua dela. Are mugatuagoa elkarlanik eta osagarritasunik egon ezean. Sustapen edo komunikazio kanpaina huts batek ez baitu lortuko enpresek euskara barra-barra erabiltzea, hizkuntza politika eta bestelako neurri eraginkorrik ezarri gabe. Horren adibide da egunotan zabaltzen ari diren negozio askotan euskararen arrastorik ez egotea. Ez dirudi Euskal Herrian gaudenik.

Badira, hala ere, bide horretan oso aurreratuta dabiltzan enpresak, baita bidea hasten ari direnak ere. Bai Euskarari Elkarteak gidatzen duen Euskaragileen enpresa batzordeak sustapenari begirako beste ekarpen bat egin nahi izan du. Enpresen euskalduntzean aurreratuta dauden eta euskararen erabilera normalizatua duten enpresa horiek infografia bat prestatu dute gainerako enpresak euskara-planak egitera animatzeko asmoarekin, euskara barneratzeko, erabiltzeko eta presentzia areagotzeko prozesuaren inguruko informazioa, aholkua eta laguntza izan ditzaten. Enpresa horien balio-katean, ekoizten den produktuari edo eskaintzen den zerbitzuari balioa eransten baitiote hizkuntzek, euskarak zehazkiago.

Beraz, sustapenaz harago, eragin dezagun erakunde publikoek beharrezkoak diren neurriak har ditzaten enpresei euskara baliatzea beharrezkoa dela ikusarazteko. Bidean, gure laguntza izango dute.

Rober Gutiérrez

Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria

Enpresabidea-rako idatzitako iritzi artikulua.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin