Korrikatik Euskaraldira, herritarren bultzada euskararen aldeko politikei

M15-BAIONA-AGERRALDIA-1-1024x683.jpg

Euskalgintzako eragile nagusien ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Baionan. Eguna eta lekua ez dira ausazkoak: Korrika bukatu zen toki berean egin dute, 2025eko Euskaraldia hasteko zehazki urtebete falta dela probestuz. Horrela, euskararen aldeko bi ekimen jendetsuenak aldarrikapenez lotu dituzte, hizkuntza-politiketan eta euskararen erabileran jauzi egiteko, bultzada herritar indartsua behar dugula erreibindikatuz.

Agerraldian izan dira euskararen aldeko 30 gizarte erakundetik gora batzen dituen Euskalgintzaren Kontseilua eta euskalgintzako eragile garrantzitsuenen ordezkariak, besteak beste, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Konfederazioa, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Bai Euskarari Elkartea, Berria, Elhuyar, Udako Euskal Unibertsitatea, Euskal Herrian Euskaraz, Maizpide Euskaltegia, Hezten Aisialdi Euskaltzalea, Karmel Aldizkaria, Konkolotx, Biga Bai, Mintzalasai eta Eusko Ikaskuntza.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi AEK-Korrikako koordinatzaileak eta Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazpen bateratu bat irakurri dute, eta besteak beste, honako mezuak zabaldu dituzte:

  • Idurre Eskisabel: “Herritarren bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu, baina ez da aski. Euskararen normalizazioan aurrera egingo badugu ezinbestekoa da hizkuntza politiketan jauzi bat egin eta euskararen aldeko politika publiko sendoagoak indarrean jartzea”.
  • Ane Elordi: “Euskal hiztun izan edo ez izan, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea. Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu”.
  • Irati Iciar: “Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira”.

 

Bai Euskarari Elkarteak ere adierazpen bateratua sinatu du.

ADIERAZPEN BATERATUA

Orain hilabete pasa, primadera hastearekin batera, milaka lagun bildu ginen hemen bertan, Baionako karriketan, Korrikaren azken urratsekin batera adierazteko euskararekin bat egiten dugula, euskaraz bat garela. Aurreko hamar egunetan beste hamarnaka mila lagunek kurritu zuten Euskal Herri osoa, asmo eta borondate berberez. Milaka lagun horien artean baziren euskaldun eta euskaltzaleak, baziren euskararen jabe ez izan arren hizkuntz berdintasunean sinesten dutenak… Herri harro bat ez ezik, gizarte adostasun zabal bat gorpuztu zen, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde. Beste era batera esanda: euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntz eskubideetan sakontzea denez, justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza indartzearen alde.

Datorren urteko udaberrian, milaka herritarrek berriro ere adieraziko dute konpromiso bera: Euskaraldiarekin bat eginez euskaraz bizitzearen bizigarritasunean urrats bat emateaz gain, ale bat jarriko dute, erabileran indar eginez, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde.

Dudarik gabe, herritarren borondatea eta bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu. Baina ez da aski. Euskara hizkuntza minorizatua da, eta, horrenbestez, hiztun komunitate minorizatua gara euskaldunok. Pentsa, gauden hiri honetan bertan, Lapurdi osoan, Baxenafarroa, Zuberoa eta Nafarroa Garaiko eremu handienean bezala, euskarak ez dauka ofizialtasun estatusik, nor izateko gutxieneko zorurik.

Eta, jakina da, gaur egun, gurea bezalako testuinguruetan, politika publiko sendoak direla minorizazio egoerak zuzentzeko ezinbesteko bitartekoa. Hau da, euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egingo bada ezinbestekoa dela hizkuntz politika sendoak indarrean jartzea. «Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa», esan zuen Garazi Arrulak hementxe, Korrikaren azken mezuan. Eta segitu: «Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak (…) Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara».

Esku artean dauzkagun erronkak alimalekoak dira. Oldarraldiaren agerpen hango eta hemengoak, batetik. Munduaren martxa azeleratuak hizkuntza minorizatuei zamatutako zailtasun berriak, bestetik. Ipar Euskal Herrian, adibidez, larrialdi linguistikoaren alarma joa dute jada, eta oroitarazi UNESCOk hizkuntzen erreprodukziorako ezarritako hiztun proportziotik behera direla. Hori zuzendu eta bideratzea da hizkuntz politiketan eman beharreko jauziaren oinarrietako bat.

Euskalgintza askotariko eta zabalak badu adostasunik honen inguruan: euskararen aldeko hizkuntz politikan jauzi bat behar dela erronka horiei erantzungo bazaie; politika publiko sendoagoak behar direla euskararen normalizazioan aurrera egingo bada. Korrika eta Euskaraldia lekuko, herritarren arnasa ere noranzko horretan dator. Baina arestian esan bezala, hori ez da aski. Arrulak hementxe aldarrikatu bezala, «hizkuntzaren auzia politikoa da, eta urgentziazkoa» Beraz, hemendik dei bat agintariei eta hizkuntz politiketan eragin indarra duten eragile politiko guztiei: aintzat har dezatela herritarren bultzada, eta eman ditzatela urrats sendoak euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, eta, horrenbestez, hizkuntz berdintasunaren, justizia sozialaren, gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren alde.

Olatu berri bat

Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara, euskara erdigunera ekartzeaz. 23. KORRIKAn, Euskal Herri harroa ikusi dugu; oztopo eta traba guztien gainetik euskararekin dugun konpromisoa aldarrikatu dugu. Harro adierazi dugu euskaraz bizi nahi dugula, bagarela nor eta euskarak ematen digula identitate hori, euskal komunitatearen parte egiten gaituela. Euskal hiztun izan ala ez, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea.

Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu. Eta, aipatu bezala, premiazkoa da euskararen aldeko hizkuntza-politiketan jauzi egitea, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde.

Euskal Herri harroaren aldarriari jarraiki, norabide horretan arraunean jarraituko dugu. Euskararen normalizazioa xede, esparru guztietan lan egiten jarraituko dugu, alegia, ezagutzan, erabileran eta sustapenean. Hizkuntza-politiketan eragiten segituko dugu, erakundeen erantzukizuna delako euskaraz bizitzeko hizkuntza-politikak ezartzea eta bermatzea. Jakina, euskalgintzaren adostasun zabalaren adierazle, elkarlanean jarraituko dugu bidea urratzen. Eta horren guztiaren isla dira KORRIKA eta Euskaraldia bezalako ekimenak. Xedetzat dugu euskararen erabileran eta sustapenean eragitea, eta garenaz eta egiten dugunaz harro gaudelako, elkarrekin eta elkarlanean jarraituko dugu euskarak lotzen gaituen Euskal Herri harroa eraikitzen.

Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeaz ari gara. Eta horretarako, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira.

Euskararen erabilera erdigunean jarri eta urratsak egiteko tresna eraginkorra da Euskaraldia. Urtebete falta da laugarren edizioa hasteko, 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da, eta Euskaraldiak harro hartu du Korrikaren lekukoa; ehunka lagun buru eta bihotz ari dira lanean Euskaraldia bazter guztiak bustiko dituen olatua izan dadin. Edizio are eraginkorragoa izan dadin nahi dugu, jendeak euskaraz hitz egiteko leku eroso gehiago izan ditzan, kalean euskara gehiago entzun dadin, eta estres linguistikoa ahaztu dezagun 11 egunetan. Euskara biziberrituko bada, erabiliko dugulako izango da. Hiztun komunitateak euskararen alde egin dezakeen ekintzarik erradikalena euskaraz aritzea da; inertzien eta erresistentzien aurrean, korrontearen kontra, euskaraz aritzea. Euskararen aldeko politikei bultzada sendoena, inoren zain egon gabe, ahal bezainbeste euskaraz bizitzea da. Euskaraldian, milaka ahobizi eta belarriprestek gure hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu, nork bere inertziak apurtuz, eta konfort eremuetatik mugituz.

Euskarak mugimendua behar du. Norbera dagoen tokitik mugituz, ingurukoak mugitzeko gai gara; eta elkarrekin mugituz, dena mugiarazteko gai. Euskarak mugimendu indartsu bat behar du, herriz herri eta auzoz auzo saretuko dena, eta Euskal Herri osoa artikulatuko duena. Euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar ditu, denok batzen eta mugitzen gaituzten olatuak behar ditu, baita itsas korrontea sortuko duten aktibistak ere. Korrontea gizarte osoaren alde, denon alde jarri nahi dugu. Izan ere, aurrez esan bezala, euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egitea hizkuntz berdintasunean, justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzea da. Honenbestez, segi dezagun aktibatuta, euskarari eta hizkuntza-politikei behar duten bultzada emateko.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin