Euskara lan munduan? Mundutik euskarara

Ibon Arrizabalaga de Mingo

ARTIKULUA_Euskara_lan_munduan-web.jpg

Euskara munduan

“Euskararentzat ekosistema osoa” maiz aipatzen da azkenaldian, Garazi Arrulak Baionan aldarrikatu zuenetik, Korrikaren amaiera ekitaldian. Zein da, bada, euskararen ekosistema lan munduan?

Enpresentzat, eta gero eta langile gehiagorentzat, jokalekua mundua bera da (eta batzuei planeta bera txiki geratu zaie jada).

Faktore ugarik eragiten dute: kokapena, tamaina, sektorea, geopolitika, klima, demografia, teknologia, migrazioa, langileen eskubideak... Nik gutxi batzuk aipatuko ditut hemen. Beraz, argazkia osatzeko, besteen ekarpenak ere aintzat hartu beharko dira

€u$kara

Abiatzeko, Joan Pujolar -soziolinguista katalana- ekarriko dut hona. Zehazki, 2018ko bere artikulua: Post-nationalism and language commodification. Nolabait itzulita: Nazionalismo-ostea eta hizkuntzen merkantilizazioa.

Bertan aztertu du milurteko berrian mundua gobernatzeko eta merkatuak antolatzeko moduek hizkuntzetan duten eragina. Oso labur esateko: Hizkuntzen garrantzi ekonomikoa gora doa.

Lehen ere, bazuten hizkuntzek balio ekonomikoa, baina ezkutatu egiten zen. XX. mendeko gizarte industrialetan, estatuek elikatu zuten hori, garrantzia sinbolikoa azpimarratzeko: estatuaren “nazio”-hizkuntza, subirautza politikoaren oinarria, komunitateari norizana ematen diona, “batzen gaituena”, e.a.

Ikerlariaren iritziz, XXI. mendeko gizarte postindustrialetan, eredu hori eraldatzen ari da. Hizkuntzak merkantilizatu egin dira, are gehiago eta modu berrietan. Ondorioz, hizkuntzak kultura eta ekonomiaren arteko tirabiran dabiltza, birkokatu nahian.

Monopoly

Eraldaketa hori ardazten duten hiru fenomeno aipatzen ditu, hurrenez hurren:

  1. Globalizazioa: hizkuntza hegemonikoen nagusitasuna dakarrena (ingelesarena, oro har). Gaur egungo inguruabarrean, estatuaren babesa izateak ere ez du bermatzen hizkuntzaren iraupena.

  2. Neoliberalismoa: estatuen arautzeko gaitasuna apaldu duena, merkatuetan eta bizitzetan esku-hartzeko zuten ahala mugatuta. Ezinbestean, multinazionalen eta eragile makroekonomikoen oihaneko legea gailentzea dakar.

  3. Tertziarizazioa: informazioaren aroan, hizkuntza bidez eskaintzen dira zerbitzuak. Lehen ez bezala, mintza-lanak pisu handiagoa du produkzio prozesuetan eta aberastasunaren erreprodukzioan, esku-lanak baino.

Nolabait esateko, jokoa jada ez da partxisa; Monopolya baizik.

Ze leku du euskarak hor? Horri erantzun beharko diogu.

900 ordu

Bide horretan urratsa eman zuen EAEko Hizkuntza Politika Sailburuordetzak. Languages lanean kongresua antolatu zuen pasa den urtarrilean, Euskaldunan. Bertan, mundu mailan -Monopolyan- lehiatzen diren enpresak entzun genituen. Hizkuntzen kudeaketaz aritu ziren eta mezua argia zen. Hizkuntzen trataera enpresa kudeaketan txertatzea onuragarria da; logika enpresarialean ulertuta, mozkin ekonomikoak dakarzkiela, alegia.

Esango nuke Euskal Herrian nagusi den ikuspegia oraindik beste bat dela: euskara, negoziotarako ere, traba gisa ulertzea, hain zuzen ere.

Esaterako, alemaniar multinazionalek oharra egin dute: 400.000 langile migrante beharko dituzte urtero, egungo ereduari eusteko gai izateko. Iraitz Perez de Goldazarenak Berriako erreportaje batean zioen moduan: inork uste al du, Alemaniara joanda, langile horietatik baten batek pentsatuko duela alemana ikasi gabe arituko dela lanean? Hemen, konplexuz beteta, esaten diegu: “Lasai, ez duzu ikasi beharko. Oso zaila da, gainera.” Gezurra da, gainera. 900 ordu antolatzea eskatzen du, beste guztiekin bezala. Eta hori planifika daiteke; are, arautu ere bai.

Berriako erreportaje berean, Rober Gutierrezek aipatu zuen: Eusko Jaurlaritzan ere, Kultura sailetik kudeatzen da hizkuntza politika. Bada, hortik, oso zaila da industrian behar diren hizkuntza politikak egitea.

Kulturatik ekonomiara

Gure artean, Euskara = Kultura paradigma da nagusi oraindik. Pentsamoldeetan eta politiketan. Ekonomiatik urrun, nolanahi ere. Kirola ere, konparazio baterako, kultura da. Futbolak, adibidez: komunitatea batzeko balio dezake, nazio sentimendua harrotzeko ere bai. Baina hein berean, ezin uka kirola motor ekonomikoa ere badenik. Albisteetan ere oihartzuna izan ohi du horrek. Datuak ematen dira: rugby finalak, Tourraren hasierak, gure lurraldean eragin duten mozkina.

Zein da, ordea, euskalgintzaren eragin ekonomikoa? Zein izan zen oldarraldiari aurre egiteko azaroko manifestazioaren inpaktu ekonomikoa Bilbon? Izatekotan, kirolarekin ez bezala, albiste izan da manifestazioek egunerokoan egiten duten traba.

Eragin ekonomikoa

Euskarak EAEn duen eragin ekonomikoari buruz badira datu batzuk, 2015ean Eusko Jaurlaritzak argitaratutakoak. Txostena osatzeko aintzat hartu dira: kultura eta hedabideak, hezkuntza eta unibertsitatea, hizkuntzaren industria eta administrazio publikoa. Euskararen balio eta dimentsio ekonomikoari buruzko emaitzek erakusten dutenez, euskara-sektoreen ekarpena garrantzitsua da euskal ekonomian. EAEn, enpleguaren % 6,3 euskarari lotua dago. Sektore ekonomiko gisa, erkidegoko Barne Produktu Gordinaren % 4,2 dagokio euskarari eta turismo sektoreak (BPGren % 5,8) duen pisura hurbiltzen da.

Honenbestez, subjektu kultural bagara; baina subjektu ekonomiko izaera ere badagokigu. Emunek ere argitaratu zituen Gehi azterketaren lehen emaitzak. Horien arabera, lan mundua euskalduntzetik harago, enpresen lehiakortasunean ekarpen positiboak dituzte euskara planek: nola kohesioa sendotuz, hala kudeaketa eraginkorragoa bultzatuz.

Bai Euskarari ziurtagiridunek ere, Ziurtagiria eskuratzeko 11 arrazoi eman dituzte. Horien artean: bezeroekiko gertutasuna, konfiantza, balio erantsia, talentua erakartzea edo motibazioa, besteak beste.

Lanak erdaldundu

Hala ere, errealitatea gordina da gurean: lan munduak erdalduntzen du. Soilik enpresa edo negozioen % 1 inguruk du euskara plana edo ziurtagiriren bat. Hau deskalabrua da.

Hezkuntza euskalduntzeko egin den inbertsioak jarraipen sozio-funtzionala behar du. Hau da, alor sozioekonomikoa euskaldundu ezean, alferreko lanean gabiltzala. Izan ere, horrela dio Soziolinguistika Klusterrak zuzendutako Arrue ikerketak: hezkuntzan euskaldunduta ere, adaptazio joera gailentzen da gero. Gazteak erdaldundu egiten dira erdara nagusi den inguruneetan; nola kalean, hala lanean.

Argiago? Lan mundua euskaldundu behar da. Orain, hori da zeregin nagusia.

Beraz, euskalduntzeko joerak gailenduko diren esparruak behar ditugu, baita lan munduan ere. Arnasguneei erreparatu beharko diegu, hortaz.

Bilbo = Azpeitia

Iñaki Iurrebaso UEMAko teknikariak gogora ekarri digun moduan: euskaldun gehienak hirigune erdaldunetan bizi dira, eta hor erabilera areagotzen jarraitu beharra dago, bai. Hala ere, egoera beste era batetara begiratzerik ere badagoela dio. Esate batera, lan munduan, lanaldiak zenbatzen dira. Enpresa batek izan ditzake ehun langile eta ehun lanaldi, denak lanaldi osoan ari badira. Edo ehun langile eta 50 lanaldi, lanaldi erdiz ari badira. Irizpide hori hizkuntzara ekarrita, euskara hutsez bizi diren euskaldunek ekoizten dute euskararen erdia, arnasguneetako herri txiki eta ez hain handietan. Motzean: Bilbo osoan adina euskara egiten dela, egun berean, Azpeitian.

Eta herri horietan gertatzen dira, hain justu, euskara gailentzen deneko prozesuak. Arnasguneak dira euskara lan munduan txerta dezaketen lurraldeak. Arrantzale senegaldarrek euskara ikastea Ondarroan, adibidez. Enpresetan modu berean gerta dadin, hizkuntza-kudeaketan arreta eta baliabideak jarri beharra dago.

Sistema

Esan dugu jada, gaur egun, estatua izatea ez dela irauteko bermea. Gure kasuan, ez dugu estaturik ere.

Estaturik ezean, sistemaren bat egituratu beharko dugu behintzat. Rober Gutierrezek Languages lanean kongresuan esan bezala: nazio mailako egitura formala, uztartuko dituena administrazioak, enpresak, sindikatuak, lanbide heziketa eta unibertsitatea, kontsumitzaileak eta euskalgintza, gutxienez; zeinetan lan arloa euskalduntzeko beharrezko diren neurriak eta estrategiak adostuko diren.

Hori ez da batere erraza; baina bai guztion artean lortu beharrekoa.

Iurrebasok dioen moduan, egoeraren kontzientzia hartzetik hasi behar dugu. Eta presio egiten. Zeren, euskara hamaikagarren lehentasuna den artean (EAEko azken hauteskunde kanpainan ikusi den moduan), jai daukagu.

Ituna

Finean, egoera aldatu da. Mundu konplexuan bizi gara, elkarreraginak gurutzatu egiten dira, aldaketak bata bestearen segidan datoz... Eta neurriak eguneratzea behar dugu.

Jauzia behar dugu gure hizkuntza politiketan: nazio mailakoak, eta tokian tokikoak. Besteak beste, Kultura eta Ekonomia uztartuko dituztenak. Estrategia adostuekin eta beharrezko baliabideekin. Sustapenaz gain, araugintzan ere urratsak emateko. UEMA eta arnasguneak biziberritzeko. Eta langile belaunaldi gazteek eta kanpotik etorriko direnek ere euskaraz lan egin ahal izateko. Euskalgintzaren Kontseiluak sustatzen eta aldarrikatzen duen itun sozioekonomikoaren haritik.

Harribitxia

Azken txirikorda. Hizkuntzak aktibo ekonomikoa dira, bai. Baina eskubidea ere bai. Eta balio sinbolikoa ere badute: mugimendua egituratu dezakete, komunitatea aktiBATU, herria harrotu.

Euskarak egin izan du hori lehen ere: erronka zailei aurre egiteko ahaleginari zentzua eman, motibazioa erein lanean jarraitzeko. Gaur egungo inguruabarrean ere, balio diezaguke, korronte nagusiei aurre egiteko, errealitate ez hegemonikoetan kokatzeko, bestelako dinamikak egituratzeko.

Izan ere, horrelaxe aipatzen du gure kasua Joan Pujolarrek, bere artikuluaren amaieran. Aipatzen du mundu mailako fenomenoa dela hizkuntzei lotutako “harrotasuna” eta “mozkina”ren arteko tentsioa.

Eta hala ere, badaudela bien sintesi arrakastatsua erdietsi dutenak. Esaterako, “euskalgintzako eragileek bere egin zutenean kalitatea kudeatzearen hizkera, lan munduan euskararen erabilera sustatzeko, enpresekin elkarlanean”.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren sorreraz ari da. Euskalgintzaren Kontseiluak, aholkularitzekin lankidetza estuan, eman zuen urratsaz. Bai Euskarari kanpainan eta ondorengo plan estrategikoan engaiatu ziren enpresek adierazi zuten beharra: ematen ari ziren urratsek izan behar zutela bereizgarririk, jendeak eta bezeroek jakin behar zutela nor ari zen euskara lan munduan txertatzen. Hortik etorri zen, Ziurtagiria ez ezik, Bai Euskarari Elkartea bera ere.

Eman dezagun jauzia. Euskaldun dezagun lan mundua.

Eskerrik asko.

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin