"Ezin dira ULMA, Oñati eta euskara banandu"

Ibon Calvo, ULMA Taldeko lehendakaria

IBON-12.jpg

Oñatin jaio zen talde kooperatibo industriala da ULMA. 9 negoziok osatzen dute eta negozio horiei zerbitzuak eskaintzeko sortu zen ULMA Taldea. ‘Zerbitzua euskaraz’ eskaintzen du eta Bai Euskarari Saria jaso dute aurten.

Bai Euskarari Saria jaso duzue. Zer da zuentzat sari hau jasotzea?

Alde batetik, errekonozimendua, euskararekin lotutako lanaren aitortza. Urte askotan zehar egindako esfortzu eta dedikazioaren aitortza da, eta hori beti da pozgarria.

Albistea jaso genuenean, benetan pozgarria izan zen eta harrotasun puntua sentitu genuen. Ez da egunero jasotzen horrelako errekonozimendurik, eta horrek gure lana eta ahaleginak balioesten direla erakusten du.

Pozgarria da baita ere urte askotan zehar euskara planetan eta euskara bultzatzen aritu diren pertsona guztiengatik.

Enpresa talde mailan pozgarria da, dudarik gabe. Baina hori ez da guztia. Pozgarria da baita ere urte askotan zehar euskara planetan eta euskara bultzatzen aritu diren pertsona guztiengatik. Pertsona horiek guztiak, beren lan isilean eta konpromisoarekin, euskararen biziraupena eta garapena ahalbidetu dute ULMAn.

ULMA taldeak dimentsio handia du gaur egun. Datu batzuk emango dizkiguzu?

60 urte baino gehiago dituen proiektu sozioenpresarial industrial kooperatiboa gara. Mundu mailan erreferente bihurtu gara eta lortutako dimentsioak harritzen jarraitzen gaitu. Gure proiektua 9 kooperatibak osatzen dute, eta azken urtean 1.141 milloi euro fakturatu ditugu.

5.600 pertsonak lan egiten dute ULMA proiektuan mundu osoan zehar, eta 80 herrialde baino gehiagotan gaude presente. Honek guztiak zirrara eragiten du, eta gure proiektua mundu mailako erreferente bihurtzen du, gu bezalako proiektu asko ez baitaude.

ULMA eta Oñati elkarrekin lotuta daude. ULMAn pentsatzen duzunean, Oñati datorkizu burura, eta Oñatin pentsatzen duzunean, ULMA. Lotura hori nabarmena da eta asko eragiten du.

Enpresa industrial handiak baina oso errotuta inguruan. Zer da euskara ULMArentzat?

ULMA eta Oñati batuta doazela esan dut lehen eta Oñati oso herri euskalduna izanik, euskara oso garrantzitsua da ULMArentzat ere. Oñatiko kultura eta izateko era euskararekin bat doaz. ULMA eta Oñati banandu ezin diren moduan, ezin dira ULMA, Oñati eta euskara banandu.

Euskara planekin lanean ari zarete urtetan. Nola garatzen dituzue?

ULMA Taldea bederatzi kooperatibak osatzen dute, baina errealitate oso ezberdinak dituzte. Tamaina aldetik, badaude 30-40 pertsona inguruk osatzen dituzten kooperatibak, eta baita 2.300 pertsonak lan egiten dutenak ere. Bestalde, batzuk Oñatin kokatuta daude eta bazkide langileak Oñatin bertan bizi dira, baina beste batzutan bazkideen %50-60 kanpoan. Beraz, oso errealitate ezberdinetatik heltzen diogu euskararen gaiari. Hori ikusita, urteetan zehar kooperatiba bakoitzak bere euskara plana izan du, bakoitzaren errealitateari eta baliabideei egokituta.

ULMA Taldeko Euskara batzordea

Argazkian, ULMA Taldeko Euskara Batzordea

Normalean, kooperatibetatik lantzen dira euskara planak. Hala ere, talde mailan ere Euskara Batzordea dugu eta negozio bakoitzeko kooperatibetako ordezkariek parte hartzen dute bertan. Batzorde horrek garatzen eta koordinatzen du ULMA Talde mailako Euskara Plana, Emun aholkularitzaren laguntzarekin. ULMA Taldea bigarren mailako kooperatiba da; bere bazkideak beste kooperatibak dira, eta guk taldeko negozioei zerbitzua ematen diegu. Zerbitzu horiek euskaraz izateko eginbeharrak zehaztuta daude, eta horiek betetzeko lanean dihardugu.

Guk taldeko negozioei zerbitzua ematen diegu. Zerbitzu horiek euskaraz izateko eginbeharrak zehaztuta daude, eta horiek betetzeko lanean dihardugu.

Euskara planak garatzerakoan, saiatzen gara talde mailan gutxieneko eginbeharrak ezartzen gainerako kooperatibei, eta hortik aurrera kooperatiba bakoitzak bere ibilbidea egin dezake. Hori izaten da ohiko funtzionamendua. Kooperatiba bakoitzak bere egoera berezia duenez, bakoitzak behar eta baliabide ezberdinak ditu euskararen erabilera sustatzeko. Horregatik, garrantzitsua da bakoitzak bere plana eta estrategiak garatzea, baina betiere talde mailan adostutako gutxienekoak errespetatuz eta denok elkarrekin euskara planean aurrera eginez. Horrela, lortzen dugu euskararen erabilera eta presentzia ULMA Talde osoan modu koordinatu batean bultzatzea, kooperatiba bakoitzaren berezitasunak eta beharrak kontuan hartuta. Kooperatiba txikiagoentzat erronka handiagoa izan daiteke baliabide mugatuak izateagatik, baina taldearen laguntzarekin eta aholkularitzarekin, aurrera egiten saiatzen gara, denon artean.

Zeintzuk izaten dira gutxieneko eginbehar horiek?

Euskara planak definitzea, Euskara Politikak definitzea, organoko bilera nagusienetan euskararen erabileraren jarraipena egitea eta adierazleak ezartzea, besteren artean.

Zein da euskarari dagokionez orain duzuen erronkarik handiena?

Nazioarteko kooperatibak eta negozioak ditugu, herrialde askotan presentzia dugu eta konturatu gara hizkuntzak egoki kudeatzeko beharra dugula. Hizkuntza ezberdinetan lan egiten dugu eta horiek kudeatu behar dira, gure komunikazioa eta lana eraginkorra izateko. Euskarak, gutxienez, beste hizkuntzek duten maila izan beharko luke, baina jakin badakigu ULMAn euskarak duen pisua handiagoa dela. Gure Estatutuetan ere jasota dugu lan hizkuntza euskara izango dela, eta hizkuntzen ekosistema osoa kudeatzea izango da gure etorkizuneko erronka nagusia.

Hizkuntza ezberdinetan lan egiten dugu eta horiek kudeatu behar dira, gure komunikazioa eta lana eraginkorra izateko.

Gainera, hori pauso logikoa da. Gaur egun proiektuan sartzen diren gazte gehienek euskaraz ikasi dute eta lan mundura euskararekin datoz. Pauso hori eman beharra dugu eta ari gara horretan lanean.

Nola kudeatu hizkuntzak?

Euskararekin lanketa garatuagoa dugu, baina beste hizkuntza asko ere kudeatu behar ditugu: alemana, frantsesa, italiarra, ingelesa… Hizkuntzak kultura ere markatzen du neurri handi batean, eta hori guztia kudeatzea erronka handia da. Aurrerantzean, hizkuntza ekosistema aberats eta orekatua sortzea izango da gure lehentasunetako bat, eta horretan ari gara lanean.

Bai Euskarari Ziurtagiria duzue aspalditik. Zer balio ematen dizue ziurtagiriak?

2006tik dugu Bai Euskarari Ziurtagiria. Ziurtagiri honek ikusgarritasuna ematen digu, eta ULMA Taldera datozen bezeroen, hornitzaileen eta bisitarien aurrean argi erakusten du hemen euskaraz egiten dugula. Barruan lan egiten dugunontzat ere, sarreran jarrita dagoen pegatina hori identifikazio eta harrotasun ikur bat da, eta euskararen erabilera nabarmendu egiten dugu eguneroko jardunean.

Ziurtagiri honek ikusgarritasuna ematen digu, eta ULMA Taldera datozen bezeroen, hornitzaileen eta bisitarien aurrean argi erakusten du hemen euskaraz egiten dugula.

Zein dira etorkizunerako dituzuen erronkak talde bezala?

Gure erronka nagusia egindako lana sendotzea eta finkatzea indartzea izango da. Azken bi urteotan bilakaera nahiko ona izan dugu, eta egoera aldakor honetan negozio aldetik posizioa finkatzea hobetzea da gure helburua. Beste alde batetik, gure eredua kooperatiba da eta kooperatiban sinesten dugu, baita kooperatibaren printzipio eta baloreetan ere. Horiek bultzatzen eta zabaltzen jarraitu behar dugu, bereziki sartzen diren langile eta bazkide berriengan. Gure egiteko moduak eta hartzen ditugun erabaki askok kooperatibaren printzipio eta balioen eragina dute. Kooperatibaren helburua kalitatezko eta etorkizuneko lana sortzea da, jasotako proiektua hobetuz eta ondorengoei egoera hobean utziz. Hori gutxi gorabehera denok dakigu, baina eguneroko jardunean bisio hori galtzeko arriskua dago. Eta ez dugu galdu behar.

Hortaz, gure konpromisoa da lan egitea gure kooperatibaren printzipio eta baloreak indartzeko, langile eta bazkide berriei horiek transmitituz eta gure eguneroko jardunean txertatuz. Kooperatibaren helburu eta baloreak beti presente izan behar ditugu, kalitatezko lana eta etorkizun hobea bermatzeko.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin