Joan den ostegunean, urriak 24, Kupela Sagardotegian elkartu ginen Lanetik Lekora proiektuaren baitan, euskara lan mundura hurbiltzeko asmoz. Orotara 20 bat lagun bildu ginen bertan, garraio, informatika, administrazio, hizkuntz irakaskuntza, komunikazioa, izurrien kontrako tratamendua, zurgintza, eta iturgintza bezalako sektoreak ordezkatuz.
Topaketan parte-hartzaile bakoitzak bere burua eta enpresa aurkezteko tartea izan zuen, eta zenbaitek euskara eskolak lanean txertatzeko esperientziak eta testigantzak ere partekatu zituzten. Bertaratu ziren euskara irakasleek euren lana eta esperientziak azaldu zituzten, euskara ikasteak eta hobetzeak lan-esparruetan duen garrantzia azpimarratuz.
Lanetik Lekorak euskara lan munduan txertatu nahi dutenen topagune izan nahi du eta geroz eta enpresa gehiago batzen ari dira ekimenera; argi geratu zen Kupelako kortxoan bisita txartel ugari pilatzen hasi baitziren, bertaratutakoen arteko harremanak eta kontaktuak errazteko.
Bereziki eskertu nahi ditugu ekitaldi hau aurrera ateratzeko lagundu zutenak: Kupela Sagardotegia, gunea dohainik eskaini eta gu artatzeagatik, eta Egarri Edariak, antolaketa lanetan emandako laguntzagatik, baita Albizua Ingeniaritza, Mamia Kolektiboa eta Seigos antolatzaileei ere.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin