Lana, adimen artifiziala eta euskara uztartuta, Lansarean Mintzodromoan

Mintzodromoa.JPG

Lana, adimen artifiziala eta euskara mintzagai izan zituzten urriaren 29an Lansarean Mintzodromoan parte hartu zuten gazteek. Gasteizko Ciudad Jardín eta Egibide ikastetxeetan Lanbide Heziketa ikasten ari diren 90 bat gazte bertaratu ziren Izaskun Arrue Kulturgunera.

Jose Kruz Gurrutxaga aktoreak egin zituen aurkezpen lanak eta LKS Nexteko Ander Sansineneak lan elkarrizketen inguruko aholku batzuk eman zizkien gazteei. Langileak kontratatzeko adimen artifizialak gaur egun dituen aplikazioak ere aurkeztu zituen Sansineneak. Ondoren, Maddi Iregi Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak Lansarean.eus lan-ataria aurkeztu zuen, lana bilatzeko zein profesionalak kontratatzeko euskarazko lan-ataria.

Aurkezpenen ostean etorri zen mingaina dantzan jartzeko unea. Launakako taldetan elkartu ziren parte-hartzaileak eta arlo ezberdinei buruz mintzatzeko aukera izan zuten: euskara eta lana; lana non bilatu; adimen artifizialaren erabilera; eta lan baldintzak.

Bai Euskarari Elkarteak antolatu du topaketa, Vital Fundazioaren laguntzarekin, ikasleen arteko harremanak euskaraz sustatzeko eta bizitzako arlo ezberdinetan hizkuntzaren egoeraz eztabaidatzeko.

Baskonia, Alaves eta Araskiren partiduetarako sarrerak zozketatu ziren amaieran.

IKUSI ARGAZKIAK

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin