Euskararen aldeko konpromisoa erakutsi eta euskara lan arloan sustatzen duten 21 entitate daude gaur egun Gernika-Lumon. Bai Euskarari Elkarteak eta Gernika-Lumoko Udalak 2008a ezkero berritzen dute hitzarmena, Gernika-Lumon Bai Euskarari Komunitatea zabaltzen jarraitzeko eta euskara herrian ikusgarriago egin, gehiago erabili eta entitateei prestigioa emateko; Hitzargune kanpainan parte hartzen duen edozein erakundek eskura dezake Bai Euskarari ziurtagiria.
Bai Euskarari ziurtagiria da arlo sozioekonomikoan eta lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eta zabaltzeko dagoen osagai nagusienetakoa. Ziurtagiriak euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren enpresa, saltoki, eragile, norbanako edota era guztietako entitateak identifikatzen eta aitortzen ditu. Elkarteak tokian tokiko diagnostikoa egiten du, eta, emaitzen arabera, hiru maila zehazten dira. Urtero jarraipena egiten da, helburuak lortzen ari direla ziurtatzeko.
Busturialdeko Hitza-n egindako erreportajean Bai Euskarari komunitateko zenbait entitateren iritziak jasotzen dira.
Zure erakundearen hizkuntza-egoera zein den jakin nahi baduzu, auto-diagnostikoa egin dezakezu. Maila zehatza jakiteko eta hobetzen laguntzeko zurekin harremanetan jarriko dira Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak.
Kontsulta ezazu ziurtagiridun guztiek osatzen duten Euskararen Mapa
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin