#ElkarArgituz: Inplikazioa, elkarlana eta elkarrekiko aitortza, arrakastaren giltzarri

ElkarArgituz-BaiEuskarariTaldea.png

 

 

Oporretatik indarberrituta etorri gara eta agenda ekimenez beterik dator. Urtea emankorra izaten ari da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartean eta lanean ari gara aurrerantzean ere horrela izaten jarraitzeko. Ekitaldi, albiste, gomendio eta sorpresa ugari ditugu esku artean.

Gaurkoan, oporren ondoren eta irailari hasiera emateko, Bai Euskarari-k 2016an martxan jarritakoak zein bizitzeko gelditzen direnak gogora ekarri nahi izan ditugu. Adi eta ez ezazu ezer galdu!

 

Bai Euskarariren sarea indartzen ari gara

Urte hasieratik, Bai Euskarari ziurtagiria duten enpresa guztien segimendua eta ebaluazioarekin ari gara. Urtero egiten dugun lana. Horrekin batera, ziurtagiriaren sustapenean ari gara eta 42 gehitu dira gure komunitatera. Egun 1286 enpresak, saltokik eta era guztietako entitatek dute ziurtagiria eta urte bukaeran zenbakia haztea espero da. Helburua da horietan eta inguruan euskararen erabilera eta presentzia sustatzea eta handitzea eta, horretarako, Bai Euskararitik erraztasunak eman eta emango ditugu: hitzarmen edo dirulaguntzen bidez, eta bestelako tresna eta baliabideak haien esku jarriz.

 

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko baliabideak eta ekimenak

Bai Euskarari Elkartearen helburu nagusia eragitea da, entitateen ondoan egotea eta euskara eremu guztietan erabil dezaten aurrera egiten laguntzea. Horretarako, Bai Euskarari Ziurtagiritik harantzago ari gara lanean, alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua zabaltzeko. Adibidez:

 

#BaiPraktikaEgokia

Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko dauden irizpideei jarraiki, euskararen erabilerari dagokionez egoki aritu nahi duten enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek egin beharreko bidea jaso dugu eta horren berri zabaltzeko posterrak prestatu ditugu (EUS; EUS-ES; EUS-FR; EUS-ES-FR). Baieuskarari.eus webean daude deskargatzeko, inprimatu eta lan-lekuan hedatzeko moduan.

 

#Enpresarean

Azaroaren 3an, Enpresarean Azokaren III. edizioa burutuko da Orona Ideoren egoitzan. Azoka Bai Euskarari Elkarteak bultzaturiko Enpresarean egitasmoaren ardatz bat da. Horren helburua da euskara oinarri duen elkarlana, negozio aukera berriak eta komunitatea sustatzea. Erronka horren aurrean, beste bi ardatzek osatzen dute Enpresarean proiektua, Enpresarean Foroa eta Enpresarean.eus webgunea, hain zuzen ere.

Gorde zuen agendetan azaroaren 3a. Finantziazio era ekintzailetza aukerez eta krisiari aurre egiteko formula berriez arituko dira, besteak beste, ADEGI, BAC Mondragon, Crecer+Orkestra, Talaios, Laboral Kutxa, Fiare, Elkargi edo SPRIko ordezkariak. Laster, egitaraua aurkeztearekin batera, “Arin-arin” aurkezpenetan parte hartzeko eta ekitaldira gerturatzeko izena emateko epea zabalduko da.

 

#Lansarean lan-ataria

Bai Euskarariren lan-atari honetan lanbide orientazioari eskainitako atal bat gehitu da eta zerbitzu osagarriak lantzen ari gara. Lan-atarian 197 enpresek eman dute izena eta 1300 CV baino gehiago daude bertan. Urtea bukatu aurretik, Lansarean.eus lan-ataria eraberrituko da.

 

#Lanabes – #ArabanEuskaraLanean

Aurten ere, instituzioekin harreman-haria izateko lanean jardun dugu eta elkarlanerako aukerak landu eta garatu dira Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiekin, Gasteizko udalarekin, Barañain edo Uztaritzekin besteak beste. Nabarmentzeko modukoa da “Lanabes – Araban Euskara Lanean” proiektuaren bitartez Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia handitzeko lortutako emaitza, partaideon inplikazioak, elkarrekin lan egiteak eta elkarrekiko aitortzak eta onarpenak arrakastarako duten garrantziaren adierazle.

 

Gainera, urtea bukatu baino lehen, Lazarraga Sariak banatuko dira Gasteizen, Bai Euskararik eta Arabako Foru Aldundiak antolatuta. Lazarraga Sarien helburu nagusia Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen sustapenean lan egin duten entitate edota pertsonak saritzea eta haien ahalegina aitortzea da.

 

#BaiEuskarariSariak 2016

Aitortzaz ari garela, Lanekik, Zugarramurdiko Sorginen Museoa eta Lezeak eta Mondragon taldeko Mikel Lezamizek jaso dituzte aurtengo Bai Euskarari Sariak. Ibilbide arrakastatsu eta eredugarria dute saridunek. Horiena bezalako ereduei esker eta horien esperientzia baliatuta, aurrera egingo dugu gure komunitatearen ongizatean eraginez.

 

#Hitzargiak

Jakineko kontua da esperientziak partekatzeak, besteengandik ikasteak, elkar  elikatzeak eta laguntzeak ekimenen arrakasta indartu dezakeela. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan, “Hitzargiak –  Elkar argitzen duten hizkuntzak” izeneko egitasmoaren topaketetan Bai Euskarari Ziurtagiria, Enpresarean eta Lanabes proiektuak aurkeztu genituen, Europako adituen aurrean, jardunbide eredugarri gisa, bai gure komunitatearentzat, baita beste hizkuntza- edota hiztun-  komunitate hainbatentzat ere. Esperientziak partekatzeak, elkarren ezagutza baliatzeak, besteengandik ikasteak, elkar  elikatzeak eta laguntzeak proiektuen arrakasta indartzen dute, eraginkortasuna  areagotuz.

Bai Euskarari Ziurtagiria, Lansarean, Enpresarean, Lanabes.... hazten ari diren proiektu asko aipatu dira hemen, eraginkortasuna bilatzen duten eta elkar-eragitean oinarrituta dauden egitasmoak; elkarlanean sustatuta, arrakastatsu bilakatzen ditugunak.

 

Bidean ari gara eragiten eta #ElkarArgituz egingo dugu aurrera.

 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin

Bilatu

auto-diagnostikoa

Atalak

#LehenHitzaEUS

Arabako Enpresen Foroa

Bai Euskarari Elkartea

Bai Euskarari Sariak

COVID-19

Dirulaguntzak

Elkarrengandik Ikasiz

Enpresarean

Entitate berriak

Eskaintza bereziak

Euskara Langai

Euskaragileak

Euspot

Gomendioak

Hausnarketa Estrategikoa

Iritzia

Komunitatea

Lanabes

Lanetik Lekora

Lansarean

Lazarraga sariak

Lorpenak

Ohiko galderak

Praktika egokia eta eredugarria euskaraz

Sarean ziurtagiria

Ziurtagiridunak ezagutuz

Ziurtagiridunen proiektuak