Zure formazio eskaintza lansarean.eus lan-atariaren bidez zabaldu nahi duzu?

lansarean-formazioa.png

Lansarean.eus lana euskaraz bilatu, lana euskaraz eskaini eta euskaraz lan egin nahi duen komunitatearen eskura dagoen baliabidea da, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak sortu eta kudeatzen duena.

Orain dela hilabete lan-atari berritua aurkeztu genuen, maila profesionalean “lehen aukera euskara, lan aukera euskaraz” sustatzeko helburuarekin. Horretarako, enpresa eta hautagaiak harremanetan jartzen dituen tresnaren onurak aurkezten dituen bideo bat zabaldu genuen, lan-atariaren erabiltzaileak protagonista gisa harturik. Berria, Oreka IT, Arteman Komunikazioa, Ikerlan eta Kide Aholkularitza enpresetako profesionalek azaldu ziguten enpresa edo-eta hautagai bezala zertan lagundu dien lansarean.eus-ek.

Berrikuntzak alor ezberdinetan egon dira, diseinu, funtzionalitate eta bestelakoetan. Horien artean azpimarragarriak dira lan abisuak jasotzeko aukera edo orientazio zerbitzua eta formazio eskaintzaren atalak. Azken horretan, ikastaro, tailer, foro... ezberdinei buruzko informazioa zabalduko dugu, formazio ikastaroak euskaraz egiteko aukera izatea ibilbide profesionala euskaraz garatzeko faktore ezinbestekoa iruditzen baitzaigu.

Horrenbestez, Bai Euskarari Elkartetik deialdia egin nahi dugu Bai Euskarari ziurtagiridunen komunitateko eta bestelako edozein enpresa, elkarte, erakunde edo banakakoari eskaintzen duen euskarazko formazioaren berri guri bidaltzeko eta lan-atariaren bidez zabalduko dugu. 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkinak

itsaso olaizola 2017-06-05 09:55

Kutxa Ekoguneak eta EMUNek elkarlanean ikastaro bat diseinatu eta eskainiko dugu, UEUren 45. Udako Ikastaroetan: "Hizkuntza-praktika ekologikoak haurren hezkuntzan"   Haur eta gazteek euskaraz bizitzeko aukera eta erabakia hartu dezaten nahi dugu eta horretarako, irakasle, hezitzaile, begirale, entrenatzaile eta gurasoek izan ditzakegun interbentzio bide eraginkorrak identifikatuko ditugu. Hizkuntza-praktika ekologikoak identifikatzeko gutako bakoitzaren motibazio eta portaerak aztertzetik abiatuko gara eta begirada ekologikoa abiapuntutzat hartuta, haurren hizkuntzen jabekuntza eta sozioalizazioan jarriko dugu arreta.  Itsaso Olaizola (Kutxa Ekogunea) eta Ainhoa Lasa (EMUN) arituko dira irakasle lanetan. INFO + : http://www.ueu.eus/ikasi/udako-ikastaroa/1041/Hizkuntza-praktika%2Bekologikoak%2Bhaurren%2Bhezkuntzan



Iruzkina egin