"Harrotasunez esaten diogu Bai Euskarari ikastolan" - Anartz Muxika

Orereta-bai-euskarari.jpg

ANARTZ MUXIKA - ORERETA IKASTOLAKO ZUZENDARIA

 

Orain dela hilabete inguru Orereta Ikastolak eta Oiartzo Batxilergoak Bai Euskarari Ziurtagiriaren maila gorena lortu zutenaren albistea zabaldu genuen. Bertako ordezkariek oso pozik eta harro jaso zuten berria eta nabarmendu zuten euren berrikuntza pedagokikorako konpromisoa, zeinetan euskara elementu giltzarrietako bat den. Gehiago jakiteko, Ikastolako zuzendariarekin, Anartz Muxikarekin hitz egin dugu eta zuekin partekatu nahi izan dugu, #PraktikaEgokia ren adibide gisa.

 

"Bai Euskarari. Euskararen normalizazioa amets!"

 

Zein zerbitzu eskaintzen dituzte Orereta eta Oiartzo Batxilergo Ikastolek? Nola daude osatuta?

0-18 urte bitarteko hezkuntza eskaintza. Giza ekimenetik sortutako ikastola gara, euskara eta euskal kulturarekin konprometituak eta, aldi berean, beste kulturetara irekiak; etengabeko hobekuntzaren bidez, hezkuntza komunitatea osatzen dugun ikasle guraso, langile eta laguntzaileen elkarlanean jarduten duena; bestetik, pertsona bere osotasunean hezi nahi duena eta gure ikasle guztiei heziketarik onena eskaini nahi diona. Eguneratze eta berrikuntza pedagogikoko konpromisoa etengabea izan da Ikastolako ibilbidean ikasleen hezkuntza beharrizanei une bakoitzean hoberen erantzuteko eta bere emaitzak hobetzeko.

Gure ezaugarri diren konfiantza, hezkuntza euskalduna, berritzailea, herritarra eta gertukoa den hezkuntza eredua eskaintzen dugu. Hezkuntza formala osatzeko, eskolaz kanpoko eskaintza ugaria eta aberatsa dugu eta zerbitzu osagarriak baditugu: garraioa, jangela, zaintza, guraso eskola…

 

Zenbat urte ditu Fundazioak eta zein izan da ibilbidea? 

Oiartzo Fundazioa Batxilergo Ikastola da, Eta Orereta Ikastola 0-16 urte bitarteko eskolak eskaintzen ditu. Orereta kooperatiba da eta 53 urte ditu, Oiartzo Batxilergo Ikastola 1998 urtean sortu zen fundazioa da. Fundazioko kide Orereta Ikastola eta Oiartzungo Haurtzaro Ikastola dira, % 75 eta % 25eko jabetzaz hurrenez hurren.  Egun 1515 ikasle ditu: HH 379; LH 589; DBH 361; batxilergoa (Oiartzo) 186.

 

Zein eragin du Ikastolak eskualdean?

Ikastola herriko eragile nabarmena da, bertako erakunde handienetako bat, bai langile kopuruari dagokionean eta, batez ere, inguruan biltzen den komunitatea kontutan hartuta. Herritik sortuta, herritarrek eraikia eta herriarentzat.

 

"Orereta Ikastolak eta Orereta eta Haurtzaro ikastolek osatzen duten Oiartzo Batxilergo Ikastola Fundazioak Bai Euskarari Ziurtagiriaren maila gorenarekin ekingo dio 2017 urteari". Nola sentitu zarete aitortza berri hau lortzerakoan? 

Guretzako aitortza hau oso garrantzitsua da, alde batetik, orain arte euskaraz eta euskararen alde egin den lana eta egunero egiten dugun lanaren onespena da eta, bestetik, etorkizunean ere bide beretik jarraitu eta indartzen lagunduko diguna. Harrotasunez esaten diogu Bai Euskarari ikastolan.

 

Orereta Ikastolak Euskara eta euskal kulturaren hedapena hartzen ditu ardatz bezala. Euskararen txertazeak ikaskuntza alorrean nola eragiten dio ikaslearen garapenari? 

Gure eskaintza pedagogikoak euskaran ardaztutako eleaniztasuna bultzatzen du. Munduan dabilen pertsona eleanitz euskalduna heztea du helburu. Konpromiso honek curriculum guztian eragiten du.

 

“Zerbitzua eta lana” maila lortu duzue, % 100ean euskaraz funtzionatzen duzuela bermatzen duzue. Kanpora begira, ikasleek, gurasoek, irakasleek… baloratzen dute euskarazko zerbitzua jaso ahal izatea? 

Hausnarketa estrategikoa hasi genuen iaz Orereta Ikastolan, komunitate osoa ardatz hartuta. Bertan dudarik gabe komunitate osoan gehien azpimarratzen zen eta balio handiena ikastolaren ezaugarrietako bat euskal kulturaren bultzatzaile eta euskaltzalea izatearena zen.

 

Barnera begira, neurri berezirik hartzen duzue ikasle edo-eta irakasleen lehenengo hizkuntza euskara izan dadin? 

Ikastolak hautua egin du eta barne eta kanpo komunikazioetan euskara lehentasunezko hizkuntza dugu. Hizkuntza proiektuaren bidez bai arlo curricularrean eta bai hezkuntza komunitate osoan eragiten dugu; bai euskararen erabileran eta noski maila edo kalitatean ere.

 

Zein da euskararen egungo egoera irakaskuntzan?

Azken hamarkadetan euskal eragileek egin duten lanari esker euskararen ezagutza handitu da eta eskertuak egon beharko genuke garai zailetan pausoak eman zituzten aitzindariei. Egun irakaskuntzan eta administrazioan pauso nabarmenak eman badira ere, lan munduan eta gizartean ditugu erronka handienak betetzeko. Irakaskuntzan, hala ere, ikerketa ezberdinek adierazten dute ez dutela ez D ereduak eta gutxiago ere B ereduak, euskaraz komunikatzeko konpetentzia nahikoa bermatzen. Horregatik, esfortzu berezia egiten dugu Orereta Ikastolan maila hori bermatzeko eta, dudarik gabe, hori gure indargune garrantzitsua da eta horrela aitortzen digute hezkuntza komunitateak eta emaitzek.

 

Urte berriari, Bai Euskarari

Noski, egunero eta esparru guztietan. Euskararen normaltasuna amets!

 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin