Garai berria

baieuskararisariak-robergutierrez.jpg

Rober Gutiérrez - Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria

 

Udako solstizioarekin batera ospatu dugu Bai Euskarari sarien 9. edizioa. Ohi bezala, ekitaldi berezia izaten da Bai Euskarariren komunitatea osatzen dugunontzat. Alor sozioekonomikoaren espazioetan euskararen sustapenaren alde egindako ibilbideagatik edo ekarpenagatik, nabarmendu izan ditugu Bai Euskarari ziurtagiria duten enpresa eta pertsona ugari aurreko urteetan: JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar), Kirmen Uribe, Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa), Sokoa (Hendaia), Xabier Mendiguren Bereziartu, Skunk Funk, Arlan (Erandio), Jose Anjel Iribar (Athletic), VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak, Anaje Narbaiza (Elay), Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz), Kike Amonarriz, Euskal Herria Esnea, Nekatur, Gaizka Garitano, Sorginen Museoa eta Lezea (Zugarramurdi), Laneki, Mikel Lezamiz (Mondragon taldea), Miren Fuldain Farmazia (Getaria), Zergatik eta Elkar Fundazioko Joxemari Sors eta Jon Jaka. 

Aurten, solstizioaren aitzakian, suaren inguruko euskararen akelarre berezia ospatu nahi izan dugu. Aberasgarriak izan ez diren une eta esperientziak albo batera utzita, ikasgai onak baliatu eta aurrera begirako erronkei gogotsu heldu nahi diegu. Elkarrekin. Elkarlanean. Elkar eraginez. Konplizitateak zipriztinduriko giro sorgindua eraikitzen lagundu nahi dugu. Sua, txalaparta, lapiko magikoa, erritualak... eta edabe berezi bat ere partekatuko dugu, euskal komunitatea indartu eta balioa gehituko diona.

Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Zuekin guztiokin batera, aurrera eginez.

Lorpenak nabariak dira eta aurrera jarraitzeko adorea ematen digute. Gaurkoan bereziki nabarmendu behar dugu Bai Euskarari Ziurtagiria duten Euskal Herri osoko ia 1400 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate baino gehiago egiten ari diren lana, haien konpromisoa, eredua eta eragina. Aitortza esplizitoki egitea garrantzitsua da. Behar dute. Behar dugu. Bai Euskarari ziurtagiria duten entitate hauei aitortu, baloratu eta aintzat hartu behar zaie egiten ari diren lana, gure hornitzaileak kontratatzeko garaian, administrazioen deialdietan eta abarretan. Guztion artean, balioa eman behar diogu egiten ari garen lanari.

Baina ez dugu honekin konformatu nahi. Birpentsatu behar dugu zer egin eta nola eragin nahi dugun alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarak leku handiagoa irabazteko. Hala nahi duten herritar guztiek zerbitzuak eta produktuak euskaraz jaso eta lana euskaraz egiteko aukera izan dezaten. Euskaraz bizitzeko aukera izan dezagun.

Enpresa munduan, eremu sozioekonomikoan oro har, jauzia emateko garaia da. Horri erantzutera etorriko da, neurri batean, EAEn Eusko Jaurlaritza eremu sozioekonomikorako lantzen ari den eta laster abiatuko duen euskararen plan estrategikoaren prozesua, eremu honetako eragile eta agenteekin elkarlanean. Honek lagundu behar digu etorkizuna euskaraz pentsatzen eta eraikitzen. Bai Euskarari Elkarteak ere bere ekarpena egin nahi du, gure esperientzia eta ibilbidea partekatuz, osagarritasuna bilatuz eta, berandu baino lehen, beharrezkoak diren erabakiak, neurriak, eta baliabideak ezarriz. Seguru gaude esperientziak partekatzeak, osagarritasuna bideratzeak, elkarrekiko aitortzak eta proiektuen homologazioak arrakasta biderkatu dezakeela eta lorpenen eraginkortasuna areagotu eta sendotu.

Edabe berezirako osagai hauek guztion artean bildu eta nahastu behar ditugu. Konbinazio egokia asmatzea da erronka.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin