Bai Euskarari Elkartearen 10. urteurrena ospatzen ari gara. 2007an sortu zen elkartea, zazpi urte lehenago Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, lan munduaren euskalduntzean eragiteko, abian jarritako Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua indartzeko, elkarlanaren bidez gidatzeko, zabaltzeko eta sendotzeko, eta gizartearen aurrean erreferentziala izateko xedearekin.
Egun hauetan atzera begira jarri naiz, batzuetan ematen baitu denborak aurrera egiten duela eta ez dela ezertxo ere gertatzen... Baina, 10 urteko ikuspegiarekin, egia esan, esan dezaket ez garela geldirikegon. Azkar igaro zaizkigu hamar urte, eta hamar baino hamaika bizipen ditugu nabarmentzeko, hamaika ekintza eta proiektu burutu ditugulako. Hamar urte ez direla ezer esaten dutenei gogoraraziko nieke, baietz, badirela. Eta denbora aprobetxatu behar dela.
2007an Kursaalen izan genuen ekitaldian nabarmendu genuen elkarlanaren bidez garatu nahi genuela proiektua, “urrats bat elkarlanean, denon artean egingo dugulako Bai Euskarari Ziurtagiria” esan genuen ekitaldi hartan. Elkarlana da proiektu honen oinarria sorreratik beretik eta, bistan da, denon inplikazioari eta ekarpenari esker pixkanaka hazi dela, eta jatorrizko proiektutik harago joatea lortu dugula. Gaur egun, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gure komunitatea sendotzeko ari gara lanean, baliabideak etengabe sortzen eta eguneratzen saiatzen gara... Eta ez hori bakarrik; gero eta eragin handiagoa hartzen ari diren beste zenbait proiektu ere ari gara elikatzen: Enpresarean, Lanabes eta Lansarean lan-ataria, besteak beste.
Askotan nabarmendu izan dugu euskara eremu sozioekonomikoan txertatzea eta erabiltzea funtsezkoa dela egunerokoan normaltasunez aritzeko eta hizkuntzaren biziberritzerako. Oraindik ez da nahikoa oinarri eraiki lan mundua euskalduntzeko eta alor sozioekonomikoan baldintza egokiagoak izateko. Lan munduan euskara sustatzeko urratsak ematen ari dira (kanpainak, euskara planak enpresetan, pertsonen trebakuntza, baliabideak eta tresnak sortu dira), baina erdara da nagusi enpresa/lantoki gehienetan. Bestalde, hezkuntza-arloa euskalduntzeko egindako inbertsioak ez du segidarik izan arlo sozioekonomikoan. Gero eta gehiago dira euskaraz ikasi duten eta trebatu diren pertsonak, baina euskaraz formatutako belaunaldiak erdaraz lan egin behar izaten/izango du kasu gehienetan.
Alor sozioekonomikoan euskaraz normaltasunez aritzeko baliabideak sortu eta garatu behar dira, ezinbesteko baldintza baita, pertsonak eta espazioak euskararekin betetzeaz gain, baliabideak eta tresnak ere euskaraz egotea eta horiek baliatzea. Testuinguru horretan kokatu behar da Bai Euskarariren ekarpena.
Euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak identifikatzen ari dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez. Eskuratzea oso erraza da eta elkartearen teknikariek laguntzen dute prozesuan. Horrekin batera, gainera, Bai Euskarari Elkarteak tresna eta baliabide ugari jartzen du entitate guztien esku, esate baterako, hizkuntza-egoera ezagutzeko baliagarria den auto-diagnostikorako aplikazioa. Horretarako, lau atal aztertzen dira: 1) hizkuntza-gaitasuna, 2) irudi korporatiboa eta hizkuntza paisaia, 3) kanpo harremanak, eta 4) barne harremanak. Azken emaitza Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko dauden irizpideetan oinarritzen da.
Era berean, euskararen erabilerari dagokionez egoki aritu nahi duten enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek egin beharreko bidea jaso da; horretarako, praktika egokiak eta eredugarriak eskaintzen ari da Bai Euskarari Elkartea. Halaber, emandako jarraibideak hainbat adibiderekin hornitu dira, abentura honetan murgildu nahi duten enpresei bidea erakusteko eta errazteko.
Ehunka entitatek lortu eta erabiltzen dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Horien guztien ahalegina eta konpromisoa aitortzea du helburu nagusitzat eta, balio horrexengatik, jende aurrean erakusteko bereizgarria ematen zaie.
Euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak identifikatzen ari dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez.
Euskara, hizkuntzak oro har, ongizate eta elkarbizitza hobe baterako elementuak izan daitezke. Euskara apustu estrategikoa eta berritzailea da edozein eratako entitaterentzat, eta balorea eransten dio lurralde honetako arlo sozioekonomikoari. Euskaraz komunikatzeko gaitasunak bide berriak irekitzen ditu eta hori nabarmendu beharra dago. Merkatu irizpideen arabera, euskara lagungarria da posizio hobea irabazteko garaian, bezeroekiko gertutasuna bermatzeko, bezero kopurua handitzeko eta fidelizatzeko, merkatu berrietan sartzeko edo-eta etekinak areagotzeko; produktu eta zerbitzuak lehiakorrak eta kalitatekoak izango badira, bere hizkuntzan eskaini behar zaizkio bezeroari, harreman-hizkuntza berak hautatu behar baitu. Barrura begira ere, euskararen ezagutza eta erabilera garrantzitsuak dira: barne kohesioan, lan taldearen motibazioan, funtzionamendu egokian, pertsonen formazioan eta inplikazioan zuzeneko eragina baitu euskarak. Talde indartsuagoak, inplikatuagoak eta konprometituagoak sustatzen ditu, gure erakundeak indartsuago egiten ditu, eta merkatuan hobeto posizionatzen laguntzen du. Euskara gertutasunaren, konpromisoaren, inplikazioaren, konfiantzaren eta bizikidetzaren adierazgarri da. Euskarak berezi egiten gaitu, bereizi egiten gaitu, eta horiek guztiak dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez transmititzen ari diren balioak.
Nabarmentzekoa da Bai Euskarari Elkarteak harrotasun handiz bizi izan duela Ziurtagiriaren ereduan oinarrituta beste zenbait hizkuntza komunitatetan sortu diren proiektuak, hala nola Ya d’ar brezhoneg Bretainian, Òc per l´occitan Okzitanian, CertifiCAT Herrialde Katalanetan edo Abertos ao galego Galizian.
Euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatu nahi da, 2012tik, Enpresarean proiektuaren bidez. Bi urtean behin antolatzen den Enpresarean azoka, Enpresarean Foroa eta Enpresarean.eus webgunea dira egitasmoaren ardatz. Gipuzkoako Foru Aldundia proiektuaren babesle nagusia da.
Enpresarean-ek helburu nagusi hauek ditu: euskaraz lan egiten duten edo-eta zerbitzuak eta produktuak euskaraz eskaini nahi dituzten profesionalen eta organizazioen elkargunea izatea; Enpresarean Azoka eta Foroa sustatzea eta Enpresarean proiektua esparru berrietara zabaltzea eta ezagutaraztea; enpresen/profesionalen artean baliabideak, esperientziak edo jakintzak partekatzea eta elkarlana sustatzea; euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi duten organizazioei/profesionalei erraztasunak ematea, eta euskarazko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzten entitateei/profesionalei negozio-aukerak handitzea eta salmentarako gune bat eskaintzea. Proiektu/zerbitzu berriak sustatzea euskaraz eta, azkenik, euskararen prestigio soziala areagotzea.
Bai Euskarari Elkartearen baliabideetako bat da Lansarean lan-ataria, euskara hutsez dagoen Euskal Herri osorako lan-atari bakarra. 2014an martxan jarritako lan-ataria berritu da, diseinu eta funtzionalitate berriak erantsiz, enpresen eta hautagaien beharrei erantzuteko.
Lansarean bi publiko hauei dago zuzendua: alde batetik, enpresa, saltoki eta era guztietako entitateei, lan-eskaintzak zabaldu eta hautaketa-prozesuak arinago kudea ditzaten; eta, bestetik, lan bila ari diren pertsonei, eskaintza profesionalak modu pertsonalizatu batean jaso eta hobekien egokitzen zaien lana topa dezaten.
Hautagaien kasuan, arreta berezia eskaini nahi zaie lehenengo lanaren bila dabiltzan horiei, berebiziko garrantzia baitu lehen aukera eta lanerako jauzi hori euskaraz egiteak. Ikasketak burutu berri dituzten gazteak aro berezi baten aurren daude, euren bizimodua baldintzatuko duen ibilbide profesionala lantzen hasi behar dute eta emaitza ez da beti espero bezain oparoa izaten. Lansarean.eus lan-atarian lehen aukera euskaraz eskaini nahi da, ikasketetatik lanerako jauzia euskaraz egin eta ibilbide profesionalari ekiteko. Noski, horren gaztetxo ez direnei ere lan-aukerak eskaintzen zaizkie.
Funtzionalitateei dagokienez, hautagaiek aukera dute lan abisuak jasotzeko, lanbide orientazioa izateko, hautagaitza jarraitzeko, curriculumak eskaintzaren arabera egokitzeko, formazioa bilatzeko, etab.
Merkatu irizpideen arabera, euskara lagungarria da posizio hobea irabazteko garaian, bezeroekiko gertutasuna bermatzeko, bezero kopurua handitzeko eta fidelizatzeko, merkatu berrietan sartzeko edo-eta etekinak areagotzeko.
Proiektu honen bidez Arabako alor sozioekonomikoan zeresana duten enpresen eta entitateen sarea ehundu nahi da. Talde eragilean, izaera desberdineko entitateak ari gara parte hartzen (Arabako Foru Aldundia, SEA - Arabako Enpresariak, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbara, Merkataritza Federazioa, Oreka IT, Electra Vitoria, Laneki eta Bai Euskarari) eta proposamenak adosten ari gara lankidetzan bideratzeko.
Lanabes proiektuaren helburu nagusia da Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea eta handitzea. Araban gero eta enpresa gehiago ari da euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez ari dira jabetzen.
Hiru lan-ildo adostu dira: batetik, Lanabes gidatu duen taldeari segimendua eta zabalkundea ematea; bigarrenik, Arabako sektore sozioekonomikoa euskararen erabileraz sentsibilizatzea eta, hirugarrenik, era guztietako entitateak eta pertsonak inplikatzea, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia handitzeko.
Lanabes egitasmoaren barruan txertatu da Lazarraga Sarien proiektua, Bai Euskararik eta Arabako Foru Aldundiak 2010etik elkarlanean kudeatutako sariketa. Orain arte lau edizio antolatu dira eta hurrengoa 2018an izango da. Lazarraga Sarien helburu nagusiak dira Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde lan egin duten entitate edota pertsonak saritzea eta haien ahalegina aitortzea, ereduak eskaintzeko asmoz.
Bai Euskarari Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean, Lanabes... Hazten ari diren proiektu asko aipatu dira goian, eraginkortasuna bilatzen duten eta elkar-eragitean oinarrituta dauden egitasmoak; elkarlanean sustatuta, arrakastatsu bilakatzen ditugunak.
Gaur pozik eta oso eskertuta gaude, 10 urte bete ditugulako. Atzera begiratzen dugunean, lorpenak eta komunitatea sendotzen laguntzen duten proiektu erakargarriak ikusten ditugulako, eta aurrera jarraitzeko gogotsu gaudelako. Baina batez ere, pozarren gaude Bai Euskarari Ziurtagiria duten Euskal Herriko entitateak egiten ari diren lanagatik, haien konpromisoagatik, haien ereduagatik, haien eraginagatik eta bide-erakusle izateagatik.
Jar gaitezen aurrera begira, erronkak ez zaizkigu eta faltako. Bai Euskarari Elkartearen norabidea finkatu da, alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteari begira. Horri begirako ildoak berretsi dira: Bai Euskarari Ziurtagiriaren komunitatea indartu, ziurtagiria bera tresna modura sendotu, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko eragile izan, eta egiteko moduari, lidergoari eta komunikazioari dagokienez, elkartea eraldatu.
Bai Euskarari Elkarteak Euskal Herriko alor sozioekonomikoarentzat, osagai ezinbestekoa izan nahi du. Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea da gure helburua, euskaraz lan eta bizi ahal izateko dauden espazioak identifikatzea, babestea eta gehiagotara zabaltzea, gure egunerokoan eragina duten espazio guztietan euskarari leku egitea estrategikoa baita. Berebiziko garrantzia du.
Etorkizuna euskaraz pentsatu eta eraiki behar dugu, gu guztion ongizatea handiagoa izango bada... Elkarlanean. Eremu honetako eragile guztiok gure ekarpena egin behar dugu. Ikasi behar dugu elkarrekin lan egiten, eragikorragoak izango bagara. Egokiena da plan baten lanketa alor sozioekonomikoan, beharrezkoak diren erabakiak, neurriak, epeak eta baliabideak esleituta. Beharrezko egin behar dugu euskara, gutako bakoitzak bere eremuan. Balioa eman behar diogu. Saritu behar ditugu euren negozioetan euskara aintzat hartzen duten eta balioa ematen dioten enpresak. Horien artean daude ziurtagiridunak eta Bai Euskarari Sarien bidez nabarmentzen ditugunak.
Euskara baliatu beharreko aldagaia da. Euskarak balioa eransten dio lurralde honetako arlo sozioekonomikoari eta gutako bakoitzak erantzunkizunez jokatu behar du, bere ardurei muzin egin gabe, gu guztion rol aktiboa funtsezkoa izango baita, aldaketak eragiten laguntzeko.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin