Bigarren hizkuntzaren garapena lantokian: Europar Ikuspegia

Langileen hizkuntza gaitasunen garapenak, langilearen egoera eta enpresaren emaitzak hobe ditzake

Urtarrilaren 24an Banaiz Bagara eta Nazaret Zentroak “Bigarren hizkuntzaren garapena lantokian: Europar Ikuspegia” izeneko tailerra antolatu zuten Donostiako Kutxazabal Zentroan. Tailerra Matilde Grunhage-Monetti hizkuntzetan aditua den alemaniarrak zuzendu zuen eta, bertan, bere azken proiektuetan lortutako emaitzak eta esperientziak ezagutzera eman zituen. Europar Kontseiluko “European Centre for Modern Languages”-ek sustatutako “Odysseus” eta” Language for Work” proiektuen arduraduna da Grunhage-Monetti eta, horien bitartez, enpresetan gertatu ohi diren komunikazio aldaketak ikertu ditu, langileen (batez ere langile migratzaileen) hizkuntza beharretan eragin dituzten beharrak aztertzeko. Batzuetan ez zen erraza izan Matilde Grunhage-Monettik tailerrean planteatu zituen galderak gure egoerara eramatea, baina hortan zetzaten hain zuzen goiz horretako ariketarik interesgarrienak…. Eta, lan egiturek jasandako aldaketen arabera aztertuko bagenu gure hizkuntza? Edo komunikazio digitalaren aginduen arabera? Edo migratzaileen eta hizkuntz-eskakizunik gabeko lanpostuetako langileen hizkuntz beharren arabera? Eta, lantokia gure hizkuntza ikasteko leku aproposa den aztertuko bagenu? Tailerrean parte hartu zuten 25 lagunek (gehienak hizkuntza-teknikariak eta irakasleak) azken 5-10 urteetan lantokietan komunikazioaren esparruan gertatu diren aldaketei buruz hausnartu zuten saioaren hasieran. Argi geratu zen, sektore askotan komunikazioan gertatu diren aldaketek teknologia digitalarekin zerikusia dutela. Lehen ahoz transmititzen zena, orain emailez, sareen bidez edo plataforma digitaletan jaso eta konfirmatu egin behar izaten da; bestela ez da existitzen. Aldi berean, komunikazioaren abiadura azkartu egin da: mezu laburrak, argiak eta berehalakoak eskatzen dira eta askotan komunikazioa denbora errealean gertatzen da, mezu edo streamingen bitartez. Gaur egun, euskararen eremuan, gero eta dokumentu gehiago argitaratu behar izaten dira bi hizkuntzetan, eta horrek langile askori hizkuntza gaitasun handiagoa izatea eskatzen dio. Baina beste alde batetik, ez da hizkuntza-eskakizunik ezarri komunikazio behar handia duten langile askoren lanpostuetan, batez ere kualifikazio txikiko lanpostuetan, segurtasun zaintzaileak edo garbiketa-zerbitzuetan, esate baterako. Europan zehar egindako ikerketen arabera, langile hauen komunikazio beharrak uste baino askoz ere altuagoak dira. Bestalde, tailerraren atal teorikoan nabarmendu zen lan antolamenduan hierarkia orokorrak mantendu badira ere, tarteko hierarkia eta agindu-kate asko desagertu direla. Flat managementkudeaketa horizontala – izeneko ereduak langileei bileretan eta taldeka erabakiak hartzea ahalbidetzen die. Honek berak hizkuntza gaitasun handiagoa eskatzen du, norberak bere ikuspegiak nahi dituen moduan azaldu, defendatu eta ekintza bihurtzeko. Era berean, tailerrean nabarmendu zen oso arrotzak zaizkigula, oraindik ere, beste Estatu batzuetatik datozen langile migratzaileen hizkuntza beharrak. Tailerreko parte-hartzaileen esanetan, beraien beharrak ez dira bereziki kontuan hartzen enpresa eta instituzioetako trebakuntza eta euskalduntze programetan. Goizean zehar, gure inguruko benetako komunikazio egoerak zeintzuk diren definitzen saiatu ginen, bai eta egoera horiek guztion onerako izateko zein faktore eta baliabide behar diren. Arazoak detektatu eta galderak definitu ondoren, Grünhage-Monetti-k “Language for Work” proiektuaren oinarrizko analisi batzuk aurkeztu zituen. Horien arabera, lan egiteko modua eta laneko komunikazio egoera zeharo aldatu da, Fordismotik gaur egun bizi garen Posfodismorako bilakaeran.
ALDAKETA ESTRUKTURALAK: LANA ETA EKONOMIA
EREMU INSTITUZIONALAK FORDISMOA FORDISMOAREN ONDORENGOA
Gailentzen den sektorea Industria Zerbitzuak
Merkatua Nahiko egonkorra Kontsumo handiko produktuak Merkatu ez egonkorrak Kalitatezko (indibidualizatutako) produktu eta zerbitzuak
Lanaren antolaketa Enpresa handiak nagusi Hierarkia bertikaleko estruktura duten enpresak nagusi, lana lanbideka nahiz funtzioka sailkatuta dituztenak Enpresa ertain eta txikien garrantzia areagotuz doa Deszentralizatutako antolakuntza duten enpresetarako aldaketa, prozesutan antolatua, sare-lana.
Language for work – 2012-2015
Aldaketa horiek lana eta ekonomiaren antolakuntzan, errealitate sozialean eta ikas-biografietan eragin handia dute. Industria ekoizpenetik, zerbitzu ekonomiara pasatu gara eta merkatuak eta produktuak gero eta aldakorragoak dira. Antolaketa sozialean norberari dagokio gero eta ardura handiagoa.Tailerrean aipatu zenez garai batean kolektibitateek langileen ongizatea bere gain hartzen bazuten ere, gaur egun, pertsonei beren buruen zaintza neurri handiago batean arduratu behar dira, baita ekonomikoa ere. Elkarbizitzako unitateak ere gero eta txikiagoak dira, familiak eta bikoteak aldatzen eta berrosatzen ari dira bizitza osoan zehar. Gauza bera gertatzen da ikas biografiekin. Lehen gaztaroa zen ikasteko eta lanbidea aukeratzeko garaia; gaur egun bizitza osoko ibilbide profesionalean zehar aldaketak, ikasketa berriak eta egoera berrietarako trebakuntzak eskatzen dira. Aldaketa hauek komunikazio beharren aldaketak eragin dituzte, lan antolamenduan, funtzionamenduan hutsegiteak detektatzeko unean, norberak bere gaitasunak aurkezteko unean. Tailerreko azken ariketan horiek guztiak gure egoerara ekartzeko saiakera egin zen. Hona hemen egindako hausnarketa, ekarpenak eta proposamen batzuk: Gure egoerak – Euskal Herriko egoera diglosikoak – dituen behar bereziak: -      Bi komunikazio hizkuntza ditugu eta euskaldunok, lanean zein lanetik kanpo, askotan ez dugu gure hizkuntzari eusteko pazientziarik. Berehala gaztelaniara pasatzen gara edo ez gara euskaldun-berriekin  (eta bereziki migratzaileekin) euskaraz saiatzen. -      Garai batean –aurreko migrazio garaian-, ez zen hain arraroa izaten langileek euskara lantokian ikastea, modu informal batean, lankideen laguntzaren bitartez. Gaur egun egoera formalizatu da eta badirudi langileak hizkuntza lantokitik kanpo ikasi behar duela, eta askotan euskara ikasten ari diren horiek lanean gaztelaniaz bakarrik aritzen dira. -      Euskara lantokian erabiltzeko falta dena neurri handi batean hizkuntzaren prestigioa da. -      “Gaitasun profesional txikiko” lanpostuen (garbitzaileak, mantenuko langileak, etab.) komunikazio beharrak ez ditugu kontuan hartzen, eta hizkuntza perfilek ez dituzte benetako komunikazio beharrak islatzen. AURRERA BEGIRAKO PROPOSAMENAK Grünhage-Monettik, Language for Work eta aurreko beste proiektu batzuetan oinarrituta, proposamen batzuk egin zituen:
  • Enpresekin elkarlana bilatu behar da. Enpresa-arduradunei ulertarazi eta erakutsi behar zaie hizkuntza gaitasunetan eta komunikazioan hobetzeak enpresaren egoera eta emaitzak hobetzen dituela.
  • Sindikatuekin elkarlana bilatu behar da: hizkuntza-gaitasunak hobetzen direnean, langileen aukerak handitzen dira, lan ibilbidean lanpostu hobeak lortzeko, bai eta beren interesak defendatzeko unean ere.
  • Instituzioekin elkarlana bilatu behar da, langileak hizkuntzan eta komunikazioan trebatuko dituen politika egokia diseinatzeko, langileen eta enpresen emaitzak hobetzeko helburuarekin.
  • Lantokian “mentor” rola sortu ahal da – gurean mintzalagun bezala ezaguna den figura bat-, lantokian bertan lankide bati edo lankide talde bati komunikazio egoera hobetzen lagunduko diena.
  • Ikaste prozesuari buruz daukagun kontzeptua aldatu behar dugu: ez da bizitzako garai zehatz batean eta lantokitik kanpo egiten den gauza bat, lanean ari garen bitartean ere ikas baitezakegu.
  • Interesgarria litzake egoera diglosikoa duten herrialdeen edo hizkuntza komunitateen lantalde berezi bat sortzea Europa mailan, Language for Work proiektuaren sarearen barruan.
Harremana eta informazio gehiago: Matilde Gruenhage Monetti Gruenhage-monetti@die-bonn.de Banaiz Bagara elkartea ninaizgugara@gmail.com Nazaret Zentroa nerebap@nazaretzentroa.com

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin