Euskalduntze prozesuan, herritarren eta eragileen konpromisoak sekulako eragina du. Konpromiso horri esker, besteak beste eragile sozio-ekonomiko askok bat egin dute Bai Euskarari ziurtagiriarekin, eta egunez egun euskaraz bizitzeko aukera ematen diote herritarrari.
Eragile indartsua da konpromisoa, nahiz eta ez den nahikoa hizkuntza baten normalizazioa helburu dugunean. Agerikoa da hizkuntza politika ezin daitekeela konpromisoan eta herritarren jarrera eta ahaleginean soilik oinarritu. Hizkuntza politikak neurriak eta arauak ere behar ditu, helburu argia jarrita, bideak jarri behar dituelako herritar orok euskara ere ezagutu dezan ─gutxienez ulermen mailan─; aukerak sortu behar ditu hizkuntza erabiltzeko; eta arauak egin behar ditu egoera gutxitutan dagoen hizkuntzan bizitzea eskubidea izan dadin eta hura bete dadin.
Gaur egun, jendearen borondatean oinarritutako hizkuntza politikak ditugu Euskal Herrian (eremu batzuetan horiek ere ez!), eta horri esker ari gara urratsak egiten, urrats garrantzitsuak zalantzarik gabe, baina ez nahikoak. Epe jakin batean herri euskalduna lortzera bideratuko hizkuntza politika oso eta integral bat ezinbestekoa da horretarako, eta hori lortu ezean, urteetan lortutakoan atzera egiten ere has gaitezke, eta hori oso larria litzateke. Azken datuek erakutsi digute geldiune egoera hori, eta zenbait kasuan atzera pausuak ere bai; beraz hau katastrofista batzuen leloa baino zerbait gehiago da. Momentua da serio har dezagun administrazio zein gizarte eragileek, eta hizkuntza politika eraginkorra diseinatu eta egikaritzen has gaitezen.
Bitartean, lerro hauen hasieran aipatutako konpromisoa ezinbestekoa zaigu, jendearen ahalegina balio handikoa baita urrats berriak egiteko. Aldizkari honetan bertan 2017ko Bai Euskarari sarien berri ematen da, eta horietan ikus daiteke eragile sozio-ekonomikoen borondatea eta ahalegina euskaldunari zerbitzua eman eta haren hizkuntza eskubideak bermatzeko.
Joxemari Sors eta Jon Jaka izendatu dira Bai Euskarari Lagun. Bizitza osoa euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoan ulertu eta lan egin duten bi lagun. Eredu, zalantzarik gabe. Bidea erakutsi digute ondorengo belaunaldietakoei, bi horiek bezala beste askok herri honetan; guri dagokigu orain, huts ez egitea, eta haiek egindako bidean sakontzea.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin