Idoia Ezkurdia: “Euskara gure egunerokoan gehiago txertatzeko balio izan digu Ziurtagiriak”
12 urte daramatza Idoia Ezkurdiak
Nekaturren, EAEko nekazalturismo eta landetxe jabeen elkartean. Orain dela 20 urte sortu zen Nekatur eta gaur egun 300 kide inguru ditu. Hainbat ardura ditu elkarteak: publizitate, promozio eta komertzializazio lana egitea, nekazalturismo eta landetxeei kalitate kontuetan laguntzea, formakuntza ematea edota merkatu berriak irekitzea. Lan horiek aurrera eramateak ematen duten esperientzia eta jakintzatik abiatuta, landa-turismoaren bilakaera, gaur egungo egoeraz eta jarduera horretan hizkuntzak duen garrantziaz mintzatu gara Ezkurdiarekin.
Abuztua amaitzear da, uda honen balorazioa egiteko moduan zara?
Bizi dugun egoera ekonomikoa kontuan izanda eta eguraldiak ere ez digula lagundu ahaztu gabe, datuak ez dira hain txarrak. Hala ere, joera desberdina izan da probintzia bakoitzean. Uztaileko behin betiko datuak ditugu: Araban % 10eko jaitsiera izan dugu; Bizkaian, berriz, % 2ko igoera, eta Gipuzkoa mantendu egin da pasa den urtearekin alderatuz. Abuztuko datuak behin betikoak ez izan arren, 2010eko datuekin konparatuta antzekoak izango direla aurreikusten dugu. Edonola ere, datu hauek ez dira duela lauzpabost urte bezain onak. Egoera ekonomikoak guri ere eragin digu.
Ze zentzutan?
Lehendabiziko nekazalturismoa sortu zela ja 21 urte dira eta orduz geroztik izan ditugun datuetan ikusten dugu bezero sarrerak kasu guztietan gora egin duela. Hori guretzako oso datu baikorra da, esan nahi baitu gero eta jende gehiagok hautatzen duela nekazalturismoa ostatu hartzeko. Baina zer gertatzen da? Bisitarien kopurua handia izan arren, gau gutxiago pasatzen dituztelako nekazalturismoetan. Horri gehitzen badiogu orain dela urte batzuk baino etxe gehiago izatea, okupazio portzentajea jaitsi egiten da. Horrek, noski, jabeen errentagarritasun ekonomikoari eragiten dio.
Landa turismoaren barnean urtetik urtera joera mantentzen da edo ohiturak aldatzen ari dira?
Landa turismoa turismo mota berria da oraindik. Esan dudan bezala lehen nekazaletxea orain dela 21 urte ireki zen EAEn. Baina beste turismo mota batzuekin konparatzen badugu oso berria da. Orain arteko joera gorakoa izan da. Datuak oso positiboak izan dira azkeneko bizpahiru urteetan izan ezik. Edonola ere, bezero mota bat bada guk eskaintzen dugun turismo mota egin nahi duena eta gu horrekin geratzen gara. Landa turismoa, gainera, ez da gure erkidegoan soilik garatu, baita estatuan eta Europan ere. Orokorrean begiratuta ere gero eta gehiago erabiltzen diren ostatu motak dira.
Ze balio erantsi dauka landa turismoak? Zergatik hautatzen du bezeroak turismo mota hori?
Nekazal etxe eta baserriak natura inguruetan daude kokatuta. Beraz, naturarekin kontaktu zuzena eskaintzen dute, lasaitasuna eskaintze dute. Gure bezero asko eta asko hiri handietakoak dira eta estresetik ihesi, lasaitasuna nahi dute. Dena dela, oro har, bezeroek bereziki baloratzen dutena jabearekin kontaktu zuzena edukitzea da. Ezin dugu ahaztu nekazalturismoak eta landetxeak gestio familiarra duten negozioak direla eta plaza kopuru mugatua dute: nekazalturismoen kasuan 16 eta landetxeen kasuan 18. Beraz, tratua oso zuzena izaten da bezeroen eta jabeen artean eta askotan bezero-jabe erlazio hori lagun erlazio bihurtzen da. Bezero asko familia giroan egoten dira eta hori eskertzen dute. Horrez gain, nekazalturismoak gure kultura, tradizioak edota gastronomia erakusteko aukera ematen du.
Ze motatako turistak egiten du landa-turismoa?
Nahiko perfil zabala daukagu. Adinari dagokionez, oro har, 25 eta 60 urte artekoa izaten da. Bikoteak edo bikoteak haurrekin izaten dira, baita familia edo lagun taldeak ere. Azken horiek askotan eskatzen dute etxea osorik hartzea. Eta jatorri aldetik, Kataluniakoak, Madrilgoak eta EAEkoak dira gehienak. Azken bizpahiru urteetan bezero euskaldunen kopuruak gora egin du nabarmen. Lehen kanpora zihoana orain inguruan gehiago geratzen da. Bizkaitarrek Gipuzkoa hauta dezakete edo gipuzkoarrek Araba. Erkidego barruan gelditzen dira bisitariak. Horiezaz gain ere, gehien igo diren turistak inguruetakoak izan dira. Adibidez, Nafarroakoak, Zaragozakoak eta, batez ere udara partean, Valentziakoak. Atzerritik frantsesak etortzen dira asko gertutasuna dela-eta. Gero, Alemania, Italia eta Britainia Handikoak.
Udako turismoa amaituta izaten da eskaririk?
Egia da guk okupaziorik handiena abuztuan izaten dugula. Hemendik aurrera asteburuetan lan egiten da eta zubietan ere bai. Orain adibidez Gabonak arteko zubietan dauzkagu eskariak eta baita Gabonetan ere. Azken hiruzpalau urteetan Gabonetako okupazioa asko igo dugu jende askok jai horietarako egun seinalatuetarako etxe osoa alokatzen duelako.
Aurrera begira zer nolako aurreikuspenak dituzue?
Gu aisialdiaren alorrean ari gara lanean, eta beraz, ekonomiaren egoerak zuzenean eragiten digu. Beraz, adi egon beharko dugu ekonomiaren eboluzioari. Horrelako garaietan are eta lan gehiago egin behar dugu. Bereziki landu beharreko lau alor dauzkagu finkatuta:
- Nazioarteko bezeroa: guretzako bezero oso interesgarria da, normalean estatuko turistarekin alderatuz urtean zehar data desberdinetan etortzen direlako eta normalean gau kopurua handiagoa izaten delako. Alor horretan lanean dihardugu bezero gehiago erakartzeko. Adibidez, kooperazio internazionala deitzen diogun proiektu bat ari gara lantzen Europako gure moduko elkarteekin harremanak sustatzeko. Nazioarteko azoketan ere parte hartzen dugu eta hainbat hitzarmenak ari gara lantzen zenbait estaturekin.
- Enpresak: astean zeharreko egunak okupatzeko balio du. Gure produktuak enpresei bideratzen dizkiegu bilerak egiteko, ekitaldiak ospatzeko edota otorduak egiteko aukerak eskainiz. Badaude landetxeak espresuki horretarako prestatuta daudenak.
- Arlo soziala: bada adineko pertsonek nahiz pertsona ezinduek balizko bezeroen multzo handi bat eta arlo hori ere lantzen ari gara. Honekin hiru urte daramatzagu. Eusko Jaurlaritzako Turismo Saila ari da “Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Eredua” delako programarekin. Hori ezartzen ari dira hemengo hainbat baliabide turistikotan. Guk orotara 110 bat landaetxe eta nekazalturismo dauzkagu ja diagnostikoa eginda eta lanean ari gara bezero mota honentzat gure produktua egokitu eta prestatzeko.
- Turismo sentimentala: lehengo euskaldunak eta hauen ondorengoak dira. Askok Ameriketara edo atzerrira joan behar izan zuten, baina barruan badute Euskal Herriaren, gure tradizioen edota euskararen aurrean sentimendu sendo bat eta hori baliatu nahi dugu. Euskal etxeekin hainbat egitasmo landu nahian gabiltza hemen gaudela erakusteko.
Nekazalturismoa euskal produktua da, estatuan edo Europan bada antzekorik? Eta zer diferentzia dago bata bestearen artean?
Arlo honetan estatu mailan gertatzen dena da legedi bakarrik eta homogeneorik ez dagoela. EAEn Eusko Jaurlaritzak hainbat konpetentzia ditu turismo arloan eta guk eskaintzen dugun turismo mota berak arautzen du. Estatuko beste lurraldeetan ere horrela egiten dute. EAEn nekazalturismoa eta landa-etxea modalitateak ditugun bezala, gainontzeko lurraldeetan beste modalitate batzuk dituzte, beste izen batzuekin eta beste irizpide batzuen arabera funtzionatzen dutenak. Horrek askotan bezeroa nahastu egin dezake. Adibidez Frantzian ez da horrelakorik gertatzen, dena bateratua dago. Frantzia osorako irizpide jakin batzuk dituzte. Hemen ere irizpide batasunak erraztasuna emango liguke estatu mailako bezeroak kudeatzeko. Egia da baita ere estatu mailan gu garela lehenengo hasi ginenak eta erreferente izan garenak landa turismoaren alorrean. Eta guk bi modalitate besterik ez dauzkagunez (nekazalturismoa eta landetxea), bezeroak gero eta errazago desberdintzen ditu.
Orain dela urte batzuk familia askok jarri zituzten nekazalturismoak. Oraindik ere animatzen da jendea era horretako proiektuetan sartzera?
Orain dela 6-7 urte boom moduko bat egon zen. Nekazalturismo eta landaetxe kopuru handia irekitzen zen urtero. Ondorengo urteetan kopuru hori jaisten joan da, baina merkatu librean gauden momentutik lege-dekretu batzuk daude eta edozeinek ireki dezake nekazalturismo edo landetxe bat, baina azkeneko urteetan ireki diren negozio kopuruak. Hala ere, gurekin harremanean jartzen direnean beti argi uzten diegu beste ezeren aurretik bideragarritasun plan bat egin behar dutela, batez ere, gauza asko kontuan izan behar direlako: non dauden kokatuta, baserria bera, ingurua, zerbitzuak…
Nekazalturismoen eta landetxeen kopuruak eskariari erantzuten dio? Edo bada masifikaziorako arriskurik?
Ez dakit ausartzen naizen masifikazioa dagoenik esatera, baina hori askotan eskualdeen araberakoa ere bada. Beharbada eskualde batean, eskaera kopurua kontuan edukita, daudenak nahikoa dira, eta beste eskualde batean ez. Lehen komentatu dugun moduan azken urteetan eskaera goraka doan arren, gau gutxiagotarako eskaerak dira, beraz , okupazio gradua ez da hain altua eta badago margena hazten joateko.
Euskararen arlora etorriz, Nekaturren zer balio ematen diozue euskarari?
Guk garrantzi osoa ematen diogu. Lehenik eta behin, Nekaturrentzako lan egiten dugun guztiok euskaldunak gara eta euskaraz hitz egiten dugu. Jabe portzentaia handi batek ere euskaraz hitz egiten du. Esan nezake gainera, Nekaturren lan egiteko irizpideetako bat dela jakitea. Bezeroa ere hor da eta ezin dugu asko gure bezero asko euskaldunak direla. Ondorioz, guretzat ezinbestekoa eta garrantzi izugarrikoa da euskara gure eguneroko lanerako.
Nekazalturismo eta landetxeek ere ematen diete balio hori euskarari?
Nik uste dut nekazalturismo eta landetxeetako jabeak eurak direla euskarari balioa ematen diotenak. Beraiek euskaldunak direlako, esan dudan moduan kopuru handi bat. Arabako batzuk ez dakite euskaraz, baina beste ia denek bai. Era berean eurek badakite bezero asko eta asko euskaldunak direla. Beraz, bai publizitatea egiterakoan, bai zerbitzuak eskaintzerakoan… gure kasuan nahiz nekazalturismo eta landetxeen kasuan euskara beti kontuan izan behar den tresna da.
Euskarak ez ezik, turismoaren arloan hizkuntzek garrantzia izugarria dute. Nola kudeatzen dituzue hizkuntzak? Trataera berbera ematen diezue guztiei?
Gure kasuan garrantzia handiena euskarari eta gaztelaniari ematen diegu. Horiek dira gehien erabiltzen ditugun hizkuntzak, gure bezerorik gehinek hizkuntza horiek erabiltzen baitituzte, bai gure nekazalturismoetan ostatu hartzen duten bezeroek eta baita gure elkartekideek ere. Administrazioarekin ditugun erlazioetan ere bi hizkuntza horiek erabiltzen ditugu. Bestelako bezeroak ere baditugu eta haiei zuzenduriko kanpainak edo komunikazio ekintzak egiten ditugunean euren hizkuntzan egiten dugu. Bezero bat gurekin harremanetan jartzen bada ere erreserba bat egiteko edo edozein gestio egiteko, euren hizkuntzetan egiten dugu. Adibidez, gure webgunea zazpi hizkuntzatan dago, eta gainera google translate tresna daukagu informazio hori beste hizkuntzaren batera itzuli nahi duenarentzat. Gure bulegoan euskara, gaztelania, katalana, frantsesa, ingelesa eta italiera hitz egiten dira. Azken finean, jendeak bere hizkuntzan harrera egitea eskertu egiten du. Hizkuntzen gestioa aipatuta, joan den urtean Ali Mara sarietan (katalanaren erabilpenarengatik ematen diren sariak) gure webgunea saritu zuten katalanaren erabilera onarengatik.
Nekaturrek Bai Euskarari Ziurtagiria du. Zergatik erabaki zenuten Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea?
Nekaturrek hasiera-hasieratik du Ziurtagiria. Bai Euskarari Ziurtagiria lortzea erabaki genuen Nekaturreko kide garen gehientxoenak euskaldunak garelako eta euskaldun sentitzen garelako. Ikusi genuen, gainera, euskara gure egunerokoan gehiago txertatzeko tresna baliagarria zela Ziurtagiria. Elkarte barruko gestioetan gaztelania ere erabiltzen dugu, ezin dugu ahaztu gure kide batzuek ez dakitela euskaraz. Baina saiatzen gara ahal dugun guztia euskaraz egiten eta gauza txikietan ere euskara txertatzen, baita bulegoko gestioan ere. Lehen zenbait gauzatarako gaztelania gehiago erabiltzen genuen eta Bai Euskarari Ziurtagiriarekin, urtero egiten diguten diagnostikoaren bidez, konturatu ginen gaztelaniaz egiten genituen zenbait gauza euskaraz ere egin genitzakeela berdin-berdin. Bai Euskarari Ziurtagiriak kontzientziatzen lagundu digu. Euskara mantendu egin behar da, baina lagundu egin behar da mantentze horretan eta funtzio hori ere betetzen du Ziurtagiriak.
Turismoaren alorrean diharduten eragileek zergatik uste duzu eskuratu beharko luketela Bai Euskarari Ziurtagiria?
Euskal Herrian gaude, euskara gure hizkuntza da, identitate marka bat da eta hori erakusten du Ziurtagiriak. Gure egunerokotasunean hizkuntzaren normalizazioan laguntzeko tresna bat da Bai Euskarari Ziurtagiria. Gure kasuan, gu baserria gara, euskal produktua gara eta hori erakutsi egin nahi diegu gure bezeroei. Euskaldunak direnak gure etxeetara etortzean euskal giroan sentitzea, etxean sentitzea, garrantzitsua da, eta atzerritarrei gure kultura eta hizkuntza erakutsi nahi dizkiegu. Azken finean, euskara balio erantsia da eta baita Bai Euskarari Ziurtagiria ere.
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin