
Eragite esparruak
Hornitzaileak
Enpresen jarduera euskaraz garatzeko eta lan-munduaren euskalduntzean laguntzeko garrantzitsua da enpresek euren hornitzaile nagusiei zerbitzua euskaraz eskaintzeko eskaera luzatzea.
Horretarako bi bide jorratu dira; batetik, enpresa bakoitzak euren hornitzaileekiko harremanak euskaraz izan daitezen lanketa propioa egiten laguntzeko dokumentua osatu du. Bestetik, komunean dituzten hornitzaileekin prozesu bat abiatu zen euren zerbitzua euskaraz jaso dezaten konpromisoak hartu eta urratsak eman ditzaten.
Hornitzaileei bidaltzeko gutun-eredua sortu da. Hemen deskarga dezakezue:
Hornitzaileentzako gutun-eredua (.doc)
Beste enpresak
Euskaragiletu programa. Bisitak eta kontakizunak
Euskaragileak euskararen normalizazio prozesuaren inguruko esperientzia zabala dute eta beraz prozesu horrek izan ditzakeen gorabeherak eta horiei zer-nola aurre egin izan dieten ezagutzeak, balio handiko jakituria eskaintzen die. Ezagutza eta esperientzia hori guztia, enpresa munduan hainbatetan aipatu ohi den Know How hori guztia, bide bera abiatzeko asmoa duten edota bidea egiten ari diren beste enpresa batzuentzat biziki interesgarria da. Bai beraiek abian dituzten prozesuak eta planak hobetzeko, bai eta bide hori abiatzeko motibazioak topatzeko ere. Horretarako, Euskaragileekin beste enpresa batzuen bisitak jasotzeko sarea osatu eta lanketa sistematizatu nahi da programa honen bidez.
Langile berriak
Datu demografikoek agerian jartzen dute ondorengo urteotan langile askok erretiroa hartuko dutela, eta horiek ordezkatzera etor litezkeen langile berrien artean euskara gaitasuna dutenak garai batekoak baino dezente gehiago direla. Hori kontuan hartuta, arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean urrats esanguratsua emateko aukera zabalduko da ondorengo urteotan.
Urrats hori eman ahal izateko, ordea, gakotzat jotzen da langile berri horien euskararekiko jarrera eta garatu dezaketen praktika. Beraz, Euskaragileen ikuspegitik, jarrera eta praktika horietan eragiteko beharra nabarmentzen da.
Langile berrien harrera-plana
Enpresa guztietan langile berriak kontratatu eta berauek euren jardunean kokatzeko prozesuak garrantzia berezia du. Langile horiek enpresan egoki integratzeko eta ahalik eta arinen euren zereginak behar bezala bete ahal izateko prozesua izaten da hori.
Prozesu horretan beraz, garrantzia berezia du enpresaren baitan euskararen normalizazioari eta, oro har, hizkuntzen kudeaketari ematen zaion garrantzia eta tratamendua transmititzeak. Izan ere, sartu berria denari lankideekin harremanean hasiera beretik hizkuntzak kudeatzea egokituko zaionez, horren inguruko irizpideak ezagutzeak bere integrazioa errazten eta azkartzen lagun baitezake. Horretarako beraz, langile horiei begira garatu ohi den harrera-planean hizkuntzaren aldagaia lantzeko eredu bat proposatzea erabaki zen. Ondoren, hainbat eragileren esku uztea erabaki da, besteak bestek, Mondragon Korporazioa, Confebask…
Ikastetxeekin hitzarmen-eredua
Euskaragileen batzordean enpresek ikastetxeekin duten harremanari garrantzia berezia eman zaio. Batetik, bi erakundeen arteko hizkuntza-harremanen ikuspegitik, baina batez ere, lan-mundura jauzia ematera doazen ikasle edota langile berriengan eragitearen ikuspegitik. Hori lantzeko, enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetza hitzarmenak adostea proposatzen da.
Osatu den hitzarmen-ereduan, beraz, bi entitate horien arteko lankidetzarako eredu posible bat mahai gaineratu nahi da. Horrela, aipatutako helburua ipar izanda, bi aldeek egin dezaketen ekarpena zehazteko eta sistematizatzeko lankidetza adostuz. Bai eta lankidetza horri egonkortasuna eman eta jarraipen zein hobekuntza bideak definituz. Proposamenean, lankidetzak jaso ditzakeen alderdi desberdinak eta konpromisoak zehazten dira. Ulertuta, halere, kasu eta egoera zehatzen arabera moldatu litekeen hitzarmen-eredua dela osatutakoa.
Hemen deskarga dezakezue Euskaragileak batzordean landu den hezkuntza zentroen eta enpresen arteko hitzarmen-eredua:



