«Sokalaguna euskalduna baldin bada, euskaraz aritzeak etxean bezain ondo sentiaraziko zaitu»

MENDIAK ETA HERRIAK ELKARTEAK MENDE ERDIKO IBILBIDE OPAROA OSATU DU, MENDIZALETASUNA ETA EUSKARA MUNDUKO GAILURRIK ALTUENETARA ERAMANEZ. EUSKAL HERRIAN HASI ETA HIMALAIARAINO, MENDI GIDARI EUSKALDUN HAUEN HABITAT NATURALA ALTUERA DA. AURTEN, BAI EUSKARARI SARIA JASO DUTE, NATURAN ETA MENDIAN GURE HIZKUNTZA SUSTATZEKO EGINDAKO LAN ESKERGAREN AITORTZA GISA. MASIFIKAZIOAZ, MENDIKO SEGURTASUNAZ ETA EUSKARAREN ETORKIZUNAZ ARITU GARA GARO AZKUE ETA FELIPE URIARTE MENDI GIDARIEKIN.

Zorionak Bai Euskarari Sariagatik. Zer esanahi du aitortza honek?
Garo Azkue: Sari bat jasotzeak poz handia ematen du eta, gainera, 50. urteurrenean etorri da!
Felipe Uriarte: Bai Euskarari Elkartearen saria jasotzeak zoriontsu egiten gaitu. Mendiak eta Herriak elkartearen izena ez da kasualitatea; mendien magaletan, herriak bizi dira, herrietan beraien hizkuntzak. Herriek bere arima galtzen dute hizkuntza galtzen dutenean. Sari honek mendizaletasuna eta bidaia ulertzen dugun bezala saritu egiten du.

Ezagutzen ez zaituztenentzat, zein da zehazki zuen lana eta non garatzen duzue?
G.A.: Elkarte bat gara. Jendeari mendian ibiltzen irakasten diogu, zailtasun guztietako jardueretan. Euskal Herrian bertan hasi eta mundu osoan zehar.
F.U.: Mendi gidari euskaldunak gara, mendia da gure habitat naturala, eta lagunei mendi gailurretara igotzen eta etxera onik itzultzen laguntzen diegu. Gure mendi jarduerak Euskal Herrian, Auñamendietan, Alpeetan, Andeetan, Afrikako Atlas eta Kilimanjaron, Himalaian eta Karakorumen egiten ditugu. Mendi gidari eta bidaiariak gara.

Ia mende erdi honetan, nola uztartu dituzue euskara eta mendia?
G.A: Orain arteko ibilbideak, mendiak bezala, aldapa gorak eta beherak izan ditu, baina beti gustura aritu gara. Euskara eta mendia uztartzeari dagokionez, Oxigenoa Euskarari egitasmoa sortu genuen 2010ean. Orain, Arabako Lautadako 85 gaztek eta Mendialdeako 18k hartzen dute parte; datuak oso esanguratsuak dira.
F.U: Dagoeneko 16 urte gabiltza Oxigenoa Euskarari ekimenarekin, eta uste dugu oso eraginkorra dela euskara gazteen bizitzan errotzeko. Horren harira, 2018an Oxigenoa Euskarari 6000 metroan espedizioa antolatu genuen. Euskal Herriko 12 neska-mutil eta 9 xerpa gazte bildu, eta 24 eguneko espedizioa burutu genuen Everest inguruan. Esperimentu bat izan zen: Egin daiteke euskaraz 6.000 metrotan? Emaitzak emankorrak izan ziren: euskara eta xerpera hutsean bi mendi igo, ordubeteko dokumentala burutu eta Euskara-Xerpera hiztegi bati hasiera eman genion (aurten plazetan izatea espero dugu). Bestetik, 2020an Urmuga sortu genuen: Euskal Herria zeharkatzen duen 19 eguneko ertzeko ibilbidean mendizaletasuna eta musika uztartzen ditugu, euskara hutsean.

Zein da euskararen osasuna gaur egun mendian eta komunikabide espezializatuetan?
G.A: Euskal Herrian bizi garenok ez gara kopuru handia eta euskaraz hitz egiten dugunok are gutxiago. Hala ere, euskalduna oso mendizalea izan da beti, eta ohikoa da oso urrunera joanda ere, “aiba, zuek ere euskaldunak?” aditzea.
F.U: Gizartearen beste multzoekin alderatuta, zertxobait hobexeagoa dugula esango nuke, nahiz eta datu zehatzik ez dudan. Baina, prentsa espezializatuari begira, datu argiak daude, eta ez dira baikorrak. Euskal Herriko mendi aldizkarietan: Pyrenaica-n % 35 da euskara; Gure Mendiak eta Mendiz Mendi argitalpenetan ia arrastorik ere ez dugu aurkitzen; eta Donostiako Rimaya-n % 5 inguru besterik ez da.

Nolakoa da zuekin mendira jotzen duenaren profila gaur egun?
G.A: Euskarari dagokionez, oso profil euskalduna dugu; gehienak Euskal Herrikoak dira. Adinaren aldetik, gero eta gazte jende gehiago hurbiltzen zaigu, batez ere ikastaroetara, gero beraiek autonomian eta segurtasunez jarraitzeko. Jarduerari dagokionez, goi-mendian asko lan egiten dugu: korridoreak, ertzak, Alpeetako 4.000koak…
F.U: Espedizio eta trekinetara 40 urtetik gorako jendea apuntatzen da, eta puska handi batean euskalduna. Aurten arlo horretan arazoak izango ditugu nazioarteko gatazkengatik, bereziki Estatu Batuen, Israelen eta Iranen arteko tirabirek sortutako segurtasun ezagatik.

Atzerriko espedizioetan, nola kudeatzen duzue hizkuntza eta bertako komunitateekiko harremana?
G.A: Elkarteko gidari guztiok euskaraz dakigu eta gure artean euskaraz aritzen gara. Bezeroei bidaltzen dizkiegun txostenak ere ele bitan ditugu, eta euskaldunei euskaraz bidaltzen dizkiegu.
F.U: Asia eta Afrika aldean ingelesa ezinbestekoa dugu; Europan frantsesa ere bai. Baina kanpoan gabiltzanean, gure bertako gidari edo zamalariekin euren hizkuntza propioan gutxieneko harremana mantentzea ezinbestekoa dugu. Gutxitua den zure hizkuntza propioa babestu eta bultzatzen baduzu, gauza bera egin behar duzu urruneko mendietako biztanleen hizkuntzekin ere.

Zer abantaila dakar gidari euskaldun batekin joateak?
G.A: Gidaria euskaraz aritzeak beste gertutasun bat ematen die aterpean egiten diren elkarrizketei. Ordu asko pasatzen ditugu batera, familia txiki bat gara bidaiak irauten duen bitartean. Gainera, kanpoan gaudenean ondoko taldekoei buruzko txisteak egiteko aukera izaten dugu, ulertuko gaituzten beldurrik gabe!
F.U: Bada nire mendiko adiskide bat “zer moduz?” galdetuta “etxean baino hobeto!” erantzuten duena. Zure sokalaguna euskalduna baldin bada, euskaraz aritzeak, etxean bezain ondo sentiaraziko zaitu.

Zeintzuk dira zuen bidelagun nagusiak helburu hauek lortzeko?
G.A: Euskalgintzan, Oxigenoa Euskarari programan Arabako Foru Aldundiak egiten digun ekarpena eskertzekoa da. F.U: Urmuga ekimenean ere Foru Aldundiak, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak laguntzen digute. Gainon- tzekoan, ez dugu inolako laguntzarik; ez dakit merezi dugunik ere.

Nola lortu dezakegu belaunaldi berrientzat natura eta mendizaletasuna, euskaraz, erakargarri izatea?
G.A: Araban gazte elebidunen kopurua % 90ekoa izan arren, aisia eta kirol jar- dueretan erabilera asko jaisten da. Oxigenoa Euskarari ekimenak euskararen erabilera naturala bultzatzea du helburu, eskola-girotik at. Ekintzak hizkuntzaren “arnasgune” batean garatzen dira, beste hizkuntzen presiorik gabe, eta testuinguru horretan oxigenoa ematen diote euskarari.
F.U: Mendizaletasunak indar handia du Euskal Herrian, baina natura ez dugu asko zaintzen. Egur latza eman diegu mendiei: pista, autobia eta azpiegitura gehiegi ditugu. Kritikak ez dira politikoki zuzenak izango, baina horrela da. Mendi garbi, libre eta ederrak izanez gero, jendea berez hurbilduko da.

Atzerrian bertako kulturak ezagutzeko aukera duzue. Ba al dago hizkuntza gutxituen egoeratik ikastekorik? G.A: Niri beti gustatzen zait joaten naizen tokiko hitzak ikastea. Bertako jendeari errespetua erakusten diozu eta harreman estuagoa sortzen da.
F.U: Ezinbestekoa dut joaten naizen tokiko hizkuntzaren gutxienez 50 hitz ikastea. Tamalez, hizkuntza gutxituen aldetik ez dago gauza handirik ikasteko; utzikeria besterik ez dut ikusten xerperaren edo maputxearen egoeran. Mundu osoko arazoa da: estatuetako botere hegemonikoek hizkuntza gutxituak ezabatzeko jarrera dute.

Masifikazioa eta klima-aldaketa pil-pilean daude. Zer eredu proposatzen duzue turismo jasangarriagorako? G.A: Gure lanaren zati bat turismoari lotua dago eta batzuetan zaila da masifikazioa saihestea. Hala ere, oraindik toki lasai pila bat daude. Gure erronka jarduerak horietan garatzea izaten da, bezeroak gugan jarritako konfiantzaz baliatuta.
F.U: Mendizaletasuna bidaia da. Uste dut urruneko mendietara joaten zarenean, turista baino bidaiaria izan behar duzula. Horrek bertako kultura erres- petatzea eskatzen du. Mendiko bide batean “Hello” esan beharrean “Tashi delek”, “Namaste” edo “Azul” esateak ateak zabalduko dizkizu beti.

Segurtasunari dagokionez, zer aholku emango zeniokete bere kabuz abentura berri bati ekin nahi dion mendizaleari?
G.A: Segurtasuna bermatzeko, tokia, eguraldia, baldintzak eta kideen gaita- sunak ondo ezagutu behar dira aurrez. Esperientziak ematen du hau dena. Aholkua: burua argi izatea, mendia ez gutxiestea, eta ikasteko nahiz autokritika egiteko prest egotea.
F.U: Hori da. Garok esaten duena beste era errazago batean esateko: aterpera iritsi eta garagardoaren aurrean eserita izan arte, adi, ez zaitez fida. Mendiak ederrak dira, baina betortz zorrotzak dituzte.

Mendi irteerak euskaraz egitera errezeloz begiratzen dionari, zer esango zeniokete pausoa emateko?
F.U: Batzuetan gure hizkuntza propioa gutxitua balitz bezala tratatzen dugu guk geuk ere, gauza “batzuetarako” soilik erabiliz. Baina edozein hizkuntzak balio du barnean duzuna adierazteko eta 8.000koak igotzeko. Agian errezeloa baino, utzikeria izango da. Bernardo Atxagaren hitzak moldatuz esan genezake: “Ez dago euskaldun makala baino gauza makalagorik”.

Mende erdiko ibilbidearen ondoren, zein da elkartearen hurrengo erronka nagusia?
F.U: Mendi gidaritzan lanean jarraitzea ahalik eta modu bikainenean, eta eus- karaz bizitzea. Maiatzaren 20an Oscar Arroyo nafarrak Everest gailurrera iris- tea lortu du. Mendiak eta Herriakek prestatu dio espedizioa eta mutila zoriontzea dagokigu. Horrez gain, urte bukaeran Euskara-Xerpera Hiztegia kalean izatea espero dugu; gure 50. urteurrena ospatzeko era dotorea izango da.