EUSKAL MONETA ELKARTEAK BAI EUSKARARI SARIA JASO BERRI DU, ARLO SOZIOEKONOMIKOAN ETA TOKIKO MERKATARITZAN EUSKARAREN ALDE EGINDAKO LAN ESKERGATIK. EUSKOA, GAUR EGUN EUROPAKO TOKIKO MONETARIK HANDIENA DENA, TRESNA EKONOMIKO BAT BAINO ASKOZ GEHIAGO DA: EUSKARAREN ERABILERARAKO, LURRALDE-KOHESIORAKO ETA TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO PALANKA BAT. ELKARRIZKETA HONETAN, IPAR EUSKAL HERRIKO MERKATARITZAN DUTEN ERAGINA, EGUNGO HIZKUNTZA-ERRONKAK ETA MUGAZ GAINDIKO ETORKIZUNEKO ASMOAK AZTERTU DITUGU BÉRENGÈRE FEARS EUSKAL MONETAN EUSKARA MISIO KARGUDUNA DENAREKIN.

Zorionak Bai Euskarari Sariagatik. Zer esanahi du Euskal Moneta elkartearentzat sari hau jasotzeak?
Sari hori eskertzen dugu, hastapenetik euskararen alde Euskal Monetak egiten duen lana argitan ematen baitu, jakinez ez dela erraza euskara ofiziala ez den lurraldean. Tokiko monetaren xedea beti izan da euskara arlo sozioekonomikoan eta tokiko merkataritzan garatzea, eta urtez urte urrats berriak egin ditugu horretarako. Hots, euskarari ikusgarritasun bat ematea bizi publikoan.
Bestalde, barne mailan ere ekintza bereziak eramaten ditugu. Sari honek indarra ematen digu bide beretik segitzeko, eta espero dugu Ipar Euskal Herriko beste egiturak ere motibatuko dituela euskara haien jarduera profesionalean hedatzen.
Ezagutzen ez zaituztenentzat, zer da Euskoa eta zein da Euskal Moneta elkartearen funtzioa?
Euskoa Ipar Euskal Herriko tokiko moneta da, eta Euskal Moneta elkarteak kudeatzen du. Euskoren helburuak hauek dira: tokiko ekonomia birkokatzea, trantsizio ekologikoari bidea irekitzea, elkarteak laguntzea eta euskara garatzea arlo sozioekonomikoan. Euskoa Europako tokiko monetarik handiena da. Gaur egun, 6.000 kide ditu: 1.400 profesional eta 4.600 partikular. 40 bat Herriko Etxe eta Euskal Hirigune Elkargoa ere kide dira. Konkretuki, 1 euro = 1 eusko. Euskoa erabiltzeko elkarteko kide izan behar da, hilabeteko kotizazioa ordainduz. Ordaintzeko, billeteak ditugu (1, 2, 5, 10 eta 20koak) eta numerikoki ordaintzen ahal da ere bai, QR kode baten bidez edo biramenduak eginez.
Nola baloratzen duzue orain arteko ibilbidea?
Lehenik, azpimarratzekoa da azken 13 urteetan izan den mobilizazio azkarra euskoaren inguruan. Noski, langileena, baina bereziki ehundaka laguntzaileena. Tokiko moneta bat herritik eraikitzen da eta herriarentzat. Gure kasuan, euskoak egunero saretzen ditu erabiltzaileak, harreman ekonomikoak garatuz. Egunero egiten dugun ekintza arrunt batekin, ordainketarekin, zentzu gehiago eman nahi diogu kontsumoari. Azkenean monetaren boterea herritarren esku izatea da helburu.
Euskal Monetaren barne-funtzionamenduan eta lantaldean, nola kudeatzen duzue euskara, Ipar Euskal Herriko testuinguru soziolinguistikoa kontuan hartuta?
Barne-mailan, egunerokoan, euskarari lekua eta lehentasuna ematen entseatzen gara. Baina dugun testuinguru soziolinguistikoarekin ez da erraza. Denok ez gara % 100 euskaldunak, beraz gure artean fite frantsesera lerratzen gara. Dena den, euskaldunen artean, kasik beti euskaraz ari gara eta ikasten ari direnak ahal bezainbat laguntzen entseatzen gara.
Gure barne-dokumentu ofizial guztiak elebidunak dira eta egoitzan diren afixak ere elebidunez ematen ditugu, hizkuntzen arteko oreka hori bermatze aldera. Bestalde, langile guztiek euskara kurtsoak hartzen dituzte Xabi Castorenerekin, Ikusi Ta Ikasi enpresatik, hasiberri mailetatik maila trebeagoetaraino. Bi langilek bakarrik ez dituzte klase horiek segitzen, jadanik biek aise egiten dutelako. Ikastaro hauek elkarteak eskaintzen dizkigu, lan-denboraren barnean, eta hori asko eskertzen dugu.
Zein da euskararen osasuna gaur egun Ipar Euskal Herriko merkataritzan eta sektore sozioekonomikoan? Errango nuke egoera biziki ezberdina dela herrien arabera eta baita enpresa edo saltegi batetik bestera. Gure sarean, adibidez, enpresa anitzetan euskaldunak dira; gutxi gorabehera 500 profesional euskaldun baditugu (1.400 profesionalen artean). Baina era berean, beste komertzio batzuetan, lehen hitzak, “egun on, milesker” erraten dituzunean, japoniarrez hitz egiten ari bagina bezala begiratzen dizute.
EEPren azken ikerketek diotena agerian gelditzen da gure egunerokoan: arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera ez da aski garatua. Horregatik segitu behar dugu afixaketa elebiduna hedatzen eta saltegietan euskararen erabilera bultzatzen, espazio berriak irabazteko.

Eusko sarean sartzeko, saltokiek eta enpresek euskararen inguruko ‘erronkak’ hartu behar dituzte nahitaez. Orokorrean, zer jarrera erakusten dute merkatari erdaldunek baldintza hauen aurrean?
Afixaketa elebidunari buruz, denetarik bada. Orokorrean, profesional guztiek erronka ongi hartzen dute eta motibazioa erakusten dute. Errealitatean, aldiz, gutxik ezartzen dute afitxatua duten guztia elebidun. Eta hori hainbat arrazoirengatik gertatzen da: leku eskasagatik, informazio gehiegi izateko beldurragatik, haien panelak jadanik inprimatuak direlako, eta dena berriz egiteak diru gehiegi kostatuko bailuke; segur aski, batzuek nahi ez dutelako (nahiz eta nire aitzinean ez diren ausartzen erraten); eta batzuk ez direlako zilegi sentitzen. Hala ere, badira profesional batzuk ariketa osoki betetzen dutenak, biziki pozik direnak urrats hori emateaz euskararen alde, gure laguntza eskertzen dutenak eta guregana berriro etortzen direnak itzulpen behar berriak dituztelarik. Euskarazko harrerari dagokionez, zailagoa da hori neurtzea. Guk sareko profesionalei “lehen hitzak” edo “euskaraz” hitzak ezartzea proposatzen diegu gure pegatinetan, haien euskara mailaren arabera. Horrela, denda batean sartzean eta “euskaraz” ikusten baduzu, badakizu euskaraz aritzen ahal zarela. Gure onlineko aurkitegian ere atzematen ahal da zein enpresa den euskalduna.
Zer abantaila edo balio erantsi dakar denda, enpresa edo erakunde batentzat Euskoaren sarean sartzeak? Sarean izateak eragin zuzena du arlo ekonomikoan zein gizarte mailan: Irabazi ekonomikoak eta bezero jarraikiak egin: ikerketek erakutsi dutenez, Euskoari esker enpresen emaitza ekonomikoak % 6 eta % 11 artean igotzen dira. Ikusgarritasuna eta sare-lana: sareko kide izateak ikusgarritasuna ematen du eta lurraldeko beste eragileekin harremanak eta elkarlanak sortzeko bideak irekitzen ditu.
Ekonomiaren birkokatzea: tokiko dinamika sustatzen du. Euskoarekin, dirua lurraldean gelditzen da eta zirkuitu laburrak indartzen dira, ekonomia erreala lagunduz.
Ordainbide alternatibo eta herritarra: Banku sistema klasikotik urruntzeko pagatzeko molde alternatibo bat da. Proiektu herritar, etiko eta ez-espekulatibo batean parte hartzea da ere.
Euskarari laguntza: kideak euskararen erabileran lagunduak dira (formazioak, itzulpenak,..). Gainera, sare honi esker, euskaldunak diren enpresak eta elkarteak errazago identifikatzen eta aurkitzen dira.
Nola bermatzen duzue Euskoaren segurtasuna eta egonkortasun finantzarioa?
Lehenik, azpimarratu behar da tokiko monetak Frantziako legedian sartu direla 2014tik. Esparru arautu batean kokatzen da Euskoa. Bestalde, euskoa pentsatua izan da erraza izateko. Ez da kontabilitate bikoitza egin behar eta elkarteari kidetzea aparte ez da gastu gehigarririk. Alderantziz, bezero batek bankoko txartelarekin ordaintzen duelarik profesionalak komisio bat ordaintzen du. Ez da kasua euskoarekin. Segurtasunaren aldetik, biziki kontrolatuak gara eta behar diren neurriak hartuak dira.
Nola lagundu dezakete euskarak eta Euskoak aberastasuna bertan mantentzen eta lurralde kohesionatuago bat eraikitzen?
Aberastasuna lurraldean finkatzea, hori da tokiko monetaren lehen helburua. Internetetik erosten delarik zerbait, kalte handia egiten zaio lurraldeari: komertzioak hestea, bertako ekoizpenen desagertzea. Supermerkatu erraldoiek ere etekin gutxi berrinbertitzen dute lurraldean berean. Euskoaren apustua denda txikiak lehenestea da, harreman soziala, ahalaz euskaraz. Horrek bai kohesio gehiago dakar gure herriarentzat eta herritarrentzat.
Erabiltzaileek trukatutako diruaren % 3a beraiek aukeratutako tokiko elkarte bati bideratzen zaio. Zer-nolako eragina izan du ekarpen horrek Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileengan?
Euskalgintzaren eragileetan noski Ikastolak ditugu, baina beste ikasteko egiturak, hedabideak eta gaztetxeak ere baditugu. 2019 eta 2025 artean, gutxi gorabehera 150.000 eusko banatu zaizkie euskararen alde ari diren egoitzei (2025ean soilik, 32.828 eusko). Eta oro har, 2013az geroztik, 470.000 eusko banatu zaizkie gure sareko elkarte guztiei.
Nola lortzen da Euskoa lehiakorra eta erakargarria izatea testuinguru globalizatu horretan?
Globalizazioa hor da, kapitalismoa da eredu nagusia. Baina gero eta jende gehiago ohartzen da gure bizimodua ez dela jasangarria. Pandemia garaian kontzientzia hartze azkarra izan zen. Zoritxarrez gauzak ahaztu egiten dira, baina planeta bakarra dugu eta biharko jendartea bertatik, herrietatik etorriko da. Polikrisi testuinguru batean, beren geroa eskuetan hartu eta tokiko alternatibak eraikitzen dituzten lurraldeak hobeki aterako dira.
Zer proiektu edo erronka nagusi dituzue gaur egun martxan tokiko moneta indartzeko?
Lehenik, nahiz eta Europako indartsuenak izan, argi dugu oraindik txikiak garela ikusita Ipar Euskal Herriko biztanleria eta jarduera ekonomikoa. Beraz, gure lehen erronka da herrietan garatzen segitzea. Euskoaren anbizioa ondoko urteetan 10.000 erabiltzailetara iristea izan behar dela uste dugu. Aipa genezake ere laguntzen ari garen esperientzia pilotua tokiko moneta bat eratzeko Oarsoaldean eta Baztanen.
Ba al dago Hego Euskal Herriko erakundeekin lankidetzarik edo mugaz gaindiko sare sozioekonomiko hori Euskoaren bidez trinkotzeko asmorik?
Euskoaren eremua Ipar Euskal Herria bada ere, gure ibilbidean erregularki harremanetan izan gara Hegoaldeko eragileekin. Ongi dakigu mugaz gaindiko harremanak, batzuentzat naziogintza deitzen dutena, bertako eragileekin eta eguneroko esperientziatik etorriko direla. Gaur egun, lankidetza hori ekimen zehatzen bidez gorpuzten da: Bai Euskarari Elkartearekin hitzarmena, Euskalgintzaren Kontseiluko kide gara, Bihar proiektua eta Plazara eta EMUNekin egin dugun proiektua euskara merkataritzan bultzatzeko.
Zer mezu edo aholku emango zeniokete oraindik ordainketak Euskotan egiteari errezeloz begiratzen dion denda, elkarte edo herritar horri?
Gaur egun trantsizio ekologikoa, laborantza herrikoia eta euskara eztabaidaren erdigunean baldin badira, larrialdi egoerak behartzen gaitu ekintzetara pasatzea. Aterabidea ez da bat eta bakarra. Baina tokiko moneta baliatzea ekimen erraza eta eskuragarria da. Proiektu kolektiboa den heinean, egiten ditugun pauso horiei garrantzia ematen die. Ez beldurtu, saiatu, kidetu, parte hartu!