
“Gidoia berridazten: Zer kontatuko du zure enpresak bihar?” lelopean, enpresen komunikazioa eta etorkizuneko joerak izango dira aurtengo topaketaren ardatz nagusiak. Urriaren 21ean izango da, goizeko 09:00etatik 13:00etara bitartean, Hernaniko Orona Ideoko Gallery aretoan, eta komunikazio korporatiboa jarriko du erdigunean.
Egungo testuinguru aldakor honetan, komunikazioa ezinbesteko tresna bihurtu da enpresen garapen eta arrakastarako. Nola ari gara komunikatzen? Zer mezu helaraziko dugu etorkizunean? Galdera horiei erantzuteko asmoz, hiru azpigai nagusitan banatu da aurtengo egitaraua:
- Komunikazioa eta markagintza.
- Enpresen esperientziak: erronkei komunikaziotik nola aurre egin.
- Komunikazioaren etorkizuna: tendentzia berriak eta hizkuntza teknologiak.
Adituak eta enpresen benetako kasuak
Joseba Olagaraik gidatuko du ekitaldia, eta Estitxu Garaik emango dio hasiera, gaiari testuingurua eskainiko dion hitzaldi batekin. Ondoren, hiru mahai-inguru espezializatu egingo dira. Bertan, komunikazio aholkulariek eta enpresetako arduradunek beren ikuspuntuak eta esperientziak partekatuko dituzte. Besteak beste, bertan izango dira Elena Velasko (The Niu), Josu Bergara (Burutu), Arrate Serrano (Orkli), Marije Etxaniz (Laboral Kutxa) eta Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibertsitatea).
Ohi bezala, egitarauak saregintzarako (networking) tarte berezia ere eskainiko du atsedenaldian, profesionalen arteko hartu-emanak errazteko. Goiza borobiltzeko, proiektu berritzaileenak ezagutzera emateko Arin-Arin lehiaketa eta sari banaketa egingo dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bai Euskarari Elkartearen eskutik.
Gorde zure lekua!
Enpresarean Azoka euskal eragile sozioekonomikoentzat pentsatutako gunea da, ideia berriak jasotzeko, joerak ezagutzeko eta sarea josteko aukera bikaina.
Ekitaldian parte hartzea doakoa da, baina edukiera mugatua denez, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Interesatuek Baieuskarari.eus webgunean bertan bete dezakete formularioa beren lekua ziurtatzeko.
Etorri eta lagundu zure enpresaren biharko gidoia idazten!