proiektuak


Enpresen Foroa - Araban Euskara Lanean
Arabako Lurralde Historikoan kokatuta dauden eta hizkuntza kudeaketarekin erantzukizuna duten enpresekin foro bat eratu zuten 2020an Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak lankidetzan, Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzeko asmoz. Foroak segida izango du 2026an, eta Bai Euskarari Elkartea arduratuko da bere kudeaketaz.
2026ko foroak data hauetan izango dira:
-
1. foroa, Kanpo Komunikazioa: Otsailak 26.
-
2. foroa, Barne Komunikazioa: Maiatzak 20. EMAN IZENA
-
3. foroa, Hizkuntza Gaitasuna: Iraila amaieran (data zehazteke).
Ordutegia: 9:30 – 11:30
Lekua: Europa Biltzar Jauregia
2026ko otsailaren 26an egin zen Gasteizko Europa Biltzar Jauregian Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko lehen lan-saioa, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatuta. Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzea helburu duen egitasmoak aurrera darrai aurten ere, lurraldeko enpresak eta erakundeak batuz hizkuntza-kudeaketan aurrerapausoak emateko eta beraien artean esperientziak partekatzeko. Bai Euskarari Elkarteak eskaini zuen zerbitzu teknikoa.
2026ko lehen foro honek Kanpo Komunikazioa izan zuen ardatz nagusi gisa, eta enpresek bezeroekin zein gizartearekin duten harremanean euskarak duen balio estrategikoa aztertu zuten.
Esperientzia praktikoak eta autoebaluazioa
Goizeko 09:15ean hasi zen topaketa harrera eta sareak sortzeko gosari batekin. Sarreraren ondoren, Puntu EUS Fundazioak hartu zuen hitza, erakundeen webguneak euskaraz izateak dakarren garrantzia eta eskaintzen dituen aukera digitalak azaltzeko. .EUS domeinua eta euskara Interneten erabiltzeko zalantzak uxatzeko deia egin zuen. Horrez gain, fundazioak dituen hainbat zerbitzu aurkeztu zituen, tartean Gandik.eus ekimen berritzailea: merkatariak eta ikasleak harremanetan jartzen ditu webguneak sortzeko.

Jarraian, bertaratutako enpresek dinamika praktiko batean parte hartu zuten: beren kanpo-komunikazioaren autoebaluazioa egin zuten, gaur egungo egoera neurtu eta hobekuntza-eremuak identifikatzeko asmoz. Kanpo komunikazioa elebitan egiten dute enpresa gehienek, nahiz eta arloaren arabera zenbaitetan gaztelania hutsean ere egin behar izaten duten. Enpresetako zuzendaritzaren inplikazioa beharrezkoa dela nabarmendu zuten eta, bestetik, administraziori dei egin zieten zenbait partaidek, lizitazioetan euskara kontuan gehiago hartu dezan.
Saioak, gainera, eredu errealak ezagutzeko aukera eman zuen; izan ere, Konfekoop-ek bere esperientzia propioa azaldu zuen, enpresen kanpo-komunikazioan euskara txertatzeko praktika egokien adibide gisa.
Topaketa amaitzeko, eta azken balorazioa egin aurretik, Bai Euskarari Elkarteko Maddi Iregi aholkulariak euskarazko lan-praktiken maparen azalpena eman zien parte-hartzaileei, hizkuntza lan-ingurunean modu eraginkorrean integratzeko baliabideak eskainiz.
Erreferentziazko gunea Arabako enpresentzat
2020an Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean sortu zuten Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean. Harrezkero, Araban kokatuta dauden eta hizkuntza-kudeaketarekin konpromisoa edo erantzukizuna duten enpresentzako topagune bihurtu da.
ARGAZKI BILDUMA eta jardunaldiko AURKEZPENA.
Urtean zehar Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo diren hiru hitzordu nagusietako lehena izan zen.
Maiatzaren 20an izango da hurrengo saioa eta bertan enpresen Barne Komunikazioa izango da ardatz.