IZT, Athlon eta Biharko saritu ditugu #BaiEuskarariSariak2021 ekitaldian

saridunak2_copia.JPG

Bai Euskarari komunitatearen sarea indartzen ari diren IZT, Athlon eta Biharko Taldea saritu ditu aurten Bai Euskarari Elkarteak. Gaur, ekainak 17, egin da sari banaketa ekitaldia Eureka! Zientzia Museoan. Ekitaldian, sariak banatzeaz gain, elkartearen irudi berritua aurkeztu da. Vanessa Sánchezek aurkeztu du ekitaldia eta erritmoa jartzeaz arduratu dira Musikeneko hiru artista.

Ekitaldia galdu baduzu, hemen ikus dezakezu berriz:

IZTn, 2005ean hasi zirenean, garbi izan zuten Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu behar zutela eta ibilbide guztian presente izan dute. Eremu digitalean egiten dute lan, enpresei aholkularitza eskaintzen, euskara normaltasunez erabiliz eta lan-tresna gisa hartuz. Teknologiaren eta digitalizazioaren garai honetan, akera ugari sortu zaizkie eta horiek baliatzen ari dira, euskara erdigunean jarrita.

Arrasateko Athlon kooperatibak duela lau urte eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria. Ohitura osasungarriak sustatzeko lanean dihardute sortu zirenetik eta proiektu ezberdinetan euskarazko zerbitzua bermatzen dute. Athlonen helburua da jendearen bizi kalitatea hobetzen laguntzea, ohitura osasuntsuak sustatzeko erronka dute, gu eta euskara sasoiko egoteko.

Biharko Taldeak gizarte zerbitzuen alorrean lan egiten du, azken urte eta erdian hain garrantzitsuak iruditu zaizkigunak. Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroetan kudeaketa integraleko zerbitzuak eskaintzera bideratutako enpresa da. Funtsezkoa iruditzen zaie euskarazko zerbitzua bermatzea eta, horregatik, saria jasotzea eguneroko lana ondo egitearen adierazletzat dute. Pandemiak eragin die, eta haien zerbitzuaren indarguneetako bat hurbiltasuna bermatzea izan da, euskara informazioa transmititzeko bide gisa erabilita.

#SareaIndartzen

Ziurtagiritik hasi eta Bai Euskarari Elkartearen beste proiektu guztietan parte hartzen dugun guztiok osatzen dugu Bai Euskarari komunitatea, arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragiten ari garenon sarea.

Aurtengo sarietan sarea izan dugu foku nagusi, eta bertan kokatzen ditugu aurten saritu ditugunak. Euren praktika egokiak eta eredugarritasuna saritu nahi izan ditugu, haien eredua erakusteko, beraien jardunean osagai ezinbestekoa baita euskara. Hiru saridunen bidelagun izateko plazerra du Bai Euskarari Elkarteak.

Irudi berritua

Elkartearen irudia garai berrietara egokitzeko eta elkarteak dituen proiektu ezberdinak bateratzeko lanean aritu gara azken hilabeteotan. Bai Euskarari Elkartea izena marka-irudian bertan agertuko da hemendik aurrera eta elkartearenak diren proiektu ezberdinetako markak ere horren arabera egokitu dira: Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean eta Euskaragileak.

Marka-irudiak kolore laranja mantentzen du, kolore bizia eta, aldi berean, beroa. Elkarte aktiboa eta gertukoa irudikatzen dugu. Bestetik, azken urteotan bereizgarri egin den silueta ere mantentzen da, markaren nortasun propioa mantenduz. 

Logotipoari Lan eta Bizi Euskaraz leloa gehitu diogu, Bai Euskarari Elkarteak historikoki erabili izan duena eta gure helburuarekin bat egiten duena. Logotipoak eta leloak osatzen dute Bai Eskarari Elkartearen marka-irudi berria.

Hemen ikus dezakezu irudia aurkezteko egin dugun bideoa:

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Do a comment