Ekainean, Euskaragileak enpresa batzordearen azken bileran, jakin nuen Elay Taldeak euskara hutsez aurkeztu zituela 2022ko ekitaldiari dagozkion kontu bateratuak eta kudeaketa txostena, auditoretza independientearen txostenarekin batera, Estatuko Erregistro Merkantilean. Urteko kontuen gordailutzeari dagokionez, autonomia erkidego bakoitzeko berezko hizkuntza koofizialetara itzulitako eredu normalizatuak daude. Orain arte, bi hizkuntzetan aurkezteko aukera zegoen eta, zalantza kasuetan, gaztelerazko bertsioak zeukan balioa. Berriki jakin dugu kontuak euskara hutsez egin eta erregistratzea lortu duela.
Elay Taldea, Euskaragileak enpresa batzordea osatzen duten gainerako enpresak bezala, aitzindaria da. Enpresen euskalduntzean aurreratuta dabiltzan eta euskararen erabilera normalizatua duten Euskal Herriko zenbait enpresa ezagunek osatzen dute Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen duen batzordea (Batz, Cikautxo, DanobatGroup, Eika, Elay, Elkar, Fagor Taldea, Goizper Group, IMH, Irizar, Mondragon, MU eta Orkli). Hainbat proiektu eta eredu sortu dute gainerako enpresen eskura jartzeko. Bide urratzaileak izanik, gainerako enpresek euskararen kudeaketa erosoagoa izatea ahalbidetzen dute.
Kontu auditatuak Erregistro Merkantilaren aurrean euskara hutsez aurkezteak txikikeria ematen du, baina orain arte ez du beste inork egin. Ohikoa izan beharko litzateke, baina aurten lortu da estreinakoz, eta horretara iristeko bi oztopo aipatu nahi ditut. Bata, estatuko administrazioaren aurrean aurkeztu beharreko dokumentua dela. Euskaraz lan egiten duten entitateek ez dute beti lortzen administrazioekiko tramite guztiak euskaraz burutzea edo-eta dokumentazio guztia euskaraz jasotzea, eta estatuko administrazioarekin are zailtasun gehiago izaten dira. Eta bigarrena, aurretik, kontuak euskaraz egiten lagunduko zien hornitzaile egoki bat aurkitu behar izan dutela. Alegia, enpresa batek euskaraz lan egiteko erabakia hartuta ere, maiz zailtasunak egon ohi dira zenbait eremutako hornitzaileek euskaraz eroso aritzeko aukera bermatu behar dutelako. Pentsa, bestela, zenbat hornitzaile behar izaten duen edozein enpresak: aholkularitza ekonomikoa, komunikazio zerbitzua, kontu ikuskariak, mediku azterketa egiten duena, aholkularitza informatikoa, datuen babesekoa, etab. Hornitzaile horien guztien hizkuntza jarduerak baldintzatzen du enpresak euskaraz funtzionatu ahal izatea.
Hizkuntzek protagonismo handia dute lan munduan, bistan denez, baina hizkuntzez apenas hitz egiten da, nahiz eta modu ageriagoko batez agertu beharko liratekeen ekimen enpresarialak kudeatzen dituztenen artean. Normala edo ohikoa baita gazteleraz (edo frantsesez) burutzea prozesuak. Hizkuntzen aldagaiari erreparatu behar zaio, ezinbestean. Beharrezkoa da bidea erraztea, ekimen enpresarial baten sorreratik beretik, edozein izapide euskaraz eroso burutu ahal izateko. Horregatik, albiste handia da era honetako lorpen bat, bidea irekitzen baitie euskaraz lan egiten duten gainerako enpresei.
Rober Gutiérrez
Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria
Enpresabidea-rako idatzitako iritzi artikulua.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Do a comment