Lana bilatzen ari diren euskaldunen eta profesional euskaldunen bila dabiltzan enpresen artean erreferente bilakatu da Lansarean.eus lan-ataria. 2014an sortu zuen Bai Euskarari Elkarteak Lansarean eta urtez urte hazten joan da. 2023an, inoizko datu onenak izan ditu: 326.000 bisitari, 831 lan eskaintza, 1.946 hautagai berri eta 131 enpresa berri.
2014tik hona 7.551 lan-eskaintza jarri dira lan-atarian. Gaur egun 741 enpresa eta 8.193 hautagai daude alta emanda.
Bai Euskarari Elkartearen helburua lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragitea izanik, euskarazko lana edo langile euskaldunak bilatzeko webgunea sortzea, elikatzea eta hobetzea estrategikoa da elkartearentzat, euskarak lan munduan espazio berriak irabazi ditzan.
2023an zehar funtzionalitate berriak gehitu zaizkio webguneari eta diseinua ere aldatu du, atalak errazago bilatzeko eta erakargarriago egiteko asmoz. 2024an ere hobetzen jarraituko dugu, lana bilatzen ari direnei eta enpresei zeregina ahalik eta errazen jartzeko.
Lansarean.eus-ek doako zerbitzua eskaintzen du enpresa zein hautagaientzat.
Mila esker Lansarean.eus-en erabiltzaile guztioi!
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Do a comment